SERIEA. Fukushimako hondamendia (I). Zentralaren egoera.

Normaltasunerako bide nekeza

Ia hamabi urte dira tsunami batek hondamendi nuklear bat eragin zuela. BERRIAk bisita egin du zentralera, hondatutako eremua garbiketa lanei esker poliki-poliki leheneratzen ari den honetan.

Zentraleko erregaiak hozteko erabiltzen dituzten urtegiak. JOSEP SOLANO.
Josep Solano
Okuma
2022ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Iristean, lehenengo gauza, isiltasun burrunbatsu bat eta hustasun sentipen bitxi bat, azala lazteko modukoa. Duela ia hamabi urte, lurrikara suntsigarri batek eta alimaleko tsunami batek zeharo birrindu zuten Japoniako ekialdeko kostaldea, eta, horren ondorioz, kolapsatu egin ziren Fukushimako Daiichi zentral nuklearreko segurtasun sistemak —Tepco enpresarena da zentrala—. Orain,BERRIAk lehen aldiz bisitatu du lurralde hura. Herritarrak gogor ari dira lanean normaltasunera itzultzeko, erradioaktibitatearen kontra borrokan. Erradioaktibitate hori eragin zuen istripu nuklearra historiako okerrenetako bat izan zen, Txernobylgoaren (Ukraina) ondoren okerrena, eta mundu osoan auzitan jarrarazi zuen energia nuklearraren segurtasuna, bereziki Alemanian: han, zentral guztiak ixtea erabaki zuten.

Hondamendi zorigaiztoko hura eragin zuten gertakarien kateak 2011ko martxoaren 11ko eguerdian izan zuen abiaburua: orduantxe, Richter eskalako 9,1 graduko lurrikara bortitz bat izan zen Fukushimako eta Sendaiko prefeturetako kostaldetik gertu. Hain lurrikara indartsua, ezen 2,5 metro mugitu baitzuen Japoniako uharte nagusia, Honshu, eta, are, Lurraren ardatza bera ere mugitu baitzuen pixka bat.

Zentralaren segurtasun sistemak, hasieran, egoki erantzun zion lurrikara bizi hari, baina, kataklismoa izan eta ordubetera, tsunamiaren olatuak iristen hasi ziren, hamabost metrorainoko uhinak, eta bortitz jo zuten Japonia ekialdeko kostalde osoa: ontziak eta ibilgailuak aurrean eraman zituzten, eraikinak goitik behera eraitsi, eta eskualde askotako bide eta errepideak oztopatu.

Gau hartan bertan, lurrikararen erreplika bortitzek berriz ere astindu zuten eskualdea, eta Japoniako Gobernuak erabaki zuen eremu hori ebakuatzea eta larrialdi egoera ezartzea. Lurraren mugimenduek altxatutako olatuek gogor jo zuten zentrala, eta uholdeak eragin ere bai. Horren ondorioz, hiru fusio nuklear izan ziren erreaktoreetan; gero, kolapsatu egin ziren erreaktoreak, eta, hurrengo orduetan, substantzia erradioaktibo kutsagarriak oldeka eta kontrolik gabe irteten hasi ziren; horien parte handi bat, itsasora.

Tragediaren eraginez, 22.000 lagun baino gehiago hil ziren, eta ehunka mila herritarrek etxetik eta bizilekutik alde egin behar izan zuten, behin-behineko esparruetara ebakuatuta. Familia horietako batzuk gertuko senideen etxera joan ziren, baina gehienak beste eskualde batzuetara joan ziren bizitzera, eta ez dira oraindik itzuli.

Japoniako Gobernuak ezarritako neurrien ondorioz, herritarrak Daiichiko zentralaren inguruetara ezin sartu geratu ziren 20 kilometroko perimetroan, eta oraindik ere ez dago sartzerik eremu horietako batzuetara, nahiz eta aurtengo udan ofizialki bertan behera geratu diren eskualde horretako herri guztietako ebakuazio aginduak.

Zeru beti gris, lainotu eta lehor baten azpian, enpresak berak jarritako autobus berezi batean zentralera hurbildu ahala, gero eta eraikin berri gutxiago ikusten dira ebakuazio aginduak bertan behera geratu diren eremu horietan. Ibilgailuaren leihoetatik, begiztatzen da zer-nolako garbiketa eta deskutsatze lan gogorrak egin dituzten dozenaka lagunek; horregatik utzi dituzte bertan behera sarbidea debekatzeko agindu asko, eta horregatik ari dira itzultzen gero eta bizilagun gehiago—gutxi— orain arte itxita egondako eremu horretara. Agintariek atsegin gonbidatu dituzte bizilagunak lehengo bizitokira itzultzera, baina %20k baino ez dute bueltatu nahi izan.

Denbora, geldirik

Zentral nuklearrera iritsi aurretik, paisaiari erreparatuta, badirudi denbora gelditu egin dela: dendetako errotuluak vintage itxura hartuta daude; etxe japoniar tradizionalak, hutsik, batere bizilagunik gabe; itxura desatsegineko tenpluak, haietako batzuk hondaturik, mantentze lanik egin ez zaielako; eta antzinako auto batzuk ere bai, errepidetik ez oso urruti, auto hilerrietan ahitzen, herdoilak eta korrosioak janda.

Neurri izugarri hertsiak daude zentralera sartzeko; hiru segurtasun eremu pasatu behar dira, zein baino zein zorrotzagoak, eta sartu aurretik azalpen xehe bat entzun behar da, planta gaur egun nola dagoen esplikatzen duena. Kontrolguneetan, xehe eta zorrotz egiten da segurtasun eta miaketa lana.

Segurtasun kontrolak eta gorputzaren erradiazioa neurtzeko azterketa bat gainditu ostean, galtzerdi eta bota berezi batzuk jantzi behar dira, bai eta kasko bat, partikula arnasgailu bat jarri eta erradiazioaren esposizioaren neurgailu bat hartu.

Orduan, gorputza ondo babesturik, zentraleko lursail espektral samar batera irteten da, eta, han, autobus kaskar bat hartzen da, erradiazio neurgailu handi-handi bat daukana: zenbait eremutatik pasatu ahala eta eremu kritikoetara iritsi ahala, gora eta behera egiten du tresna horren markagailu digitalak.

Ibilbideko lehen geltokian, plantako lau erreaktore hondatuak ikusten dira. Ia eremu guztietan, erraz begiztatzen dira dozenaka lagun jardunean, erradiazioaren kontrako jantziak soinean. Lehen geltoki honetatik, ez oso aise, baina ikusten dira ur kutsatua biltzeko tanga batzuk ere; mila biltegi inguru daude guztira, eta hor biltzen den ura aurrez tratatuta dago substantzia erradioaktibo kutsagarri gehienak kentzeko —salbu tritioa—. Denera, 1,37 milioi metro kubo ur inguru gordetzeko lekua dago biltegi horietan, eta, kalkulatu dutenez, datorren urtearen erdialdean edo bukaeran beteko dira guztiz.

Hortxe geratu da agerian zein zorrotz kontrolatzen dituzten hedabide baimendunentzat zentralaren argazkiak eta grabazioak egiten dituzten langileak, baina, hori bai, japoniar erara: modu sotil eta delikatuan.

Atentzioa ematen duen hurrengo gunea puntu kritiko bat da, egokitzen eta berritzen ari direna: bildutako ura ozeanora eramateko itsaspeko tunel bat, kilometro batekoa. Gatazka piztua du gai horrek, ekologistekin ez ezik inguruko herrialdeekin ere, hala nola Hego Korearekin eta Txinarekin. Iaz, Japoniak iragarri zuen asmoa zuela bildutako ur tratatua 30 urtez itsasora isurtzeko.

Gobernuak berak eskatuta, Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentzia egiaztatzen ibili da ea ur tratatu hori segurua den nazioarteko estandarren arabera. Behatoki honetatik, hiruzpalau metroko diametroa duen tunel baten aho zabala ikusten da lurrean, 30 bat metrora, eta, haren oinarrian, errail moduko batzuk. Tunelaren bukaera hasieratik mila bat metrora dago, Ozeano Barearen azpian.

Substantzia erradioaktiboa

Enpresak dio substantzia erradioaktibo gehienak iragaziz tratatzen ari dela ura, baina aitortu du ur tratatuak oraindik ere badituela tritio erradioaktiboa eta beste substantzia erradioaktibo batzuk, eta horrek kezka piztu du herrialdean ez ezik nazioartean ere. Japoniako Gobernuak eta Tepco enpresak pentsatua dute datorren urteko udaberrian hastea askatzen ur tratatua, aurrez tritioa diluituta, herrialdeko araudiak eskatzen duen neurrian.

Dena den, iragarpen hori egin duten arren, oraindik ez dago oso garbi hilabete batzuk barru hasiko ote diren ur erradioaktiboa Ozeano Barera isurtzen, eta Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren txostena erabakigarria izango da horretan.

Plantaren erdiguneko eraikin batzuetan egiten da hurrengo geldiunea; eraikin horien zabaltzatik, hondamendiak jotako instalazio nuklear osoaren perspektiba ona dago. Handik, nolabait susma daiteke nolako panorama lazgarria utziko zuten lurrikarak eta haren ondorengo tsunamiak 2011ko martxoaren 11 zoritxarreko hartan.

Ur erradioaktiboz betetako tangak zentralaren hegoaldean ageri dira, itsas lerroaren perpendikularrean kasik. Erreaktoreen goialdean, berriz, tunelaren obrak ikusten dira, eta kostatik ehunka metrora, erdizka begiztatzen dira azpibide horren beste muturra egiteko lanak. Itsasora isurtzen diren urak seguruak direla frogatu nahian-edo, esperimentu bat egiten ari dira modulu prefabrikatu pare batean, tokiko zientzialari batzuen laguntzaz: mihi arrainen eta askotariko krustazeoen haztegi bat jarri dute ur tanga handi batzuetan. Esperimentuan, itsasoko ura eta biltegietako ur tratatua nahasten dituzte, eta arrainak dauden lekura isuri.

Zentralaren arduradunek diotenez, zenbakiak eta datuak eman baino gehiago, ikusi nahi zuten ea animalia horiek bizirik irauten zuten halako ingurune batean, erradiazio kantitate kontrolatu batekin.

Iluntasuna, eta esperantza

Gau beltza da irteterako, berriz ere kontrol zorrotzak pasatuta irten ere; oraingoan ez dago prozeduraren azalpenik entzun beharrik, baina sartzean baino gehiago iraun du kontrolak, ordu eta erdi inguru.

Kontrol xehe horretan, bisita egin aurretiko erradiazioa eta bisita egin ondorengoa erkatu dituzte besteak beste; harrigarriro, bisitari batzuek erradiazio handiagoa zuten sartzean, irtetean baino.

Zentraletik ateratzean, ilun samar dago ingurua, baina bidea argituz doa lehen herri segurura iritsi ahala, lurralde horretan gertatzen ari denaren metafora bat balitz bezala. Esperantza izpi bat, kutsadura kentzeko eta ingurua garbitzeko lan nekezen ondoren, hondamendiaren aurreko bizimodu normalera itzuli baino nahi ez duen eskualde suntsitu honentzat.

Bihar: Berreraikuntza lanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.