Nafarroak akordio bidez konpondu nahi du Foru Berriaren gatazka

joxerra senar
Iruñea
2020ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Lehen Ministroen Kontseilua, eta autogobernuaren aurkako lehen kolpea. Herenegun, Espainiako gobernu berriaren lehen Ministroen Kontseiluak erabaki zuen Nafarroako Foru Berriko ia 600 legetatik zortziren aurka helegitea aurkeztea Auzitegi Konstituzionalean. Baina Nafarroako Gobernuak azpimarratu du oraindik ere akordioa lor daitekeela.

Hiru urteko prozesu luzearen ostean, iragan martxoan Nafarroako Parlamentuak zuzenbide zibilaren arloko esparru propioa eguneratu zuen. Foru Berriak 594 artikulu edo lege jaso ditu, eta zuzenbide zibileko kontuak arautu ditu; hala nola pertsonei, familiei, ondorengotzari, jabetzari eta kontratuei buruzkoak.

Nafarroako Gobernuak atzo azaldu zuenez, hilabeteotan Madrilgo jarduneko gobernuarekin negoziatzen aritu da. Espainiako Gobernuak esan du 594 legeetatik hemezortzik estatuaren eskumen esklusiboa urratzen dutela. Javier Remirez Nafarroako presidenteordearen arabera, bi aldeek akordioa erdietsi zuten hamar legeren gainean; ez, aldiz, beste zortzi kasutan. Lehen Ministroen Kontseiluan erabaki zuten helegitea aurkeztea.

Errekurtsoa jarritako lau legek Jabego Erregistroei eragiten diete —horietatik baita hipotekei ere—, beste bik legeen arteko gatazkak nola konpondu arautzen dute, eta azken biek kontratuetan oinarrizko betebeharrak ezartzen dituzte. Helegitearen edukia ezagutu arte zuhur mintzatu da Remirez. «Helegitea ez da albiste ona; nahiko genuke akordioa lortzea, baina drama oro kendu nahi genioke, 594tik sei lege baitira».

Irmoago azaldu da EH Bilduko Bakartxo Ruiz: «Nafarroaren ahalmen legegilea murrizten du, eta autogobernuaren funtsetako bati erasotzen dio, gure zuzenbide zibilari». Gogorarazi duenez, Foru Berriaren bi lege «bankuen politikei aurre egiteko beharrezko tresnak» dira.

Geroa Bairen ustez, Pedro Sanchezek «gaizki» ekin dio agintaldiari, helegiteak talka egiten baitu «elkarrizketa bidez gatazkak ez judizializatzearen aldeko mezuarekin». Autogobernua irmo defenditzera dei egin dio gobernuari eta parlamentuari.

Navarra Sumaren ustez, «oso larria» da Espainiako Gobernuak egindakoa, auzitan jarritako zortzi legeek Nafarroaren eskumen propioa aitortzen zutelako, eta, horregatik, Nafarroako Kontseiluari eskatu dio auzitan jarritako lege horiek azter ditzala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.