Tenerifen hil duten andre trans baten Bilboko senideei laguntzeko kanpaina hasi dute

Maider Galardi
2021eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Joan den urtea amaitu aurretik, indarkeria matxistaren ondorioz hildako beste andre baten berri eman zuten Kanaria uharteetako hedabideek: Iratxe Otero emakume transexuala hil zuten abenduaren 22an. Hilaren 26an agertu zen gorpua, Tenerifeko Arona herriko merkataritza gune baten kanpoaldean, sabelaldean arma zuriz egindako sastadak zituela. Ez dute zehaztu zein zen Oteroren jatorria, baina familia bilbotarra zuen andreak, eta, orain, sendia diruz laguntzeko kanpaina bat abiarazi dute Kanarietako transexualen eskubideen aldeko elkarteek eta mugimendu feministak.

Poliziak gorpua aurkitu eta egun batera atzeman zuten gizonezko bat, eta atxilo hartu zuten, hilketa leporatuta. Bide judizialak, ordea, aurrera segitzen du, eta andrearen familiari laguntza ekonomikoa emateko egitasmo bat abian da sarean, Kanarietako Transgirl taldeak sustatuta.

Izan ere, Euskal Herriko familia du Oterok. Zehazki, Bilbotik joan dira haren senideak Gabonetan, kasuari jarraipena bertatik bertara emateko. Tenerifera joandako familiakide horiei gastuekin laguntzeko asmoz jarri dute martxan diru bilketa, baita hilketaren osteko gastuei babes ekonomikoa emateko ere.

Eskerrak eman ditu sendiak sare sozialetan: «Ez genuke jakingo egoera honi nola aurre egin Transgirl taldeagatik izango ez balitz. Zinez eskertuta gaude». Bestalde, salatu dute hainbat hedabidek Oterok bere burua andre gisa izendatu aurretik erabiltzen zuen izen «maskulinoarekin» aurkeztu dutela: «Exijitzen dugu Iratxek bere burua aurkezten zuen moduan izendatzea. Emakume trans gisa zen ezaguna, eta hala egiten zuen bizimodua».

Eragileen salaketa

Hain justu, transen eskubideen aldeko taldeek eta eragile feministek salatu dute trataera deitoragarria eman diotela hedabideek Otereroren hilketari: «Albistea ezagutarazi zenetik, Iratxeren eta haren familiaren aurkako indarkeriak ez du etenik izan». Oroitarazi dute ezen, arloko legerik gabe, kolektibo horren aurkako hilketek ez dutela indarkeria matxistaren aurkako legediaren babesik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.