Errege berria Espainian. Europako ereduak

Koroa gehienak, historia liburuetan

Europan nagusi den estatu eredua da errepublika. XX. mendea hasi zenean, 24 estatu zeuden kontinentean, eta soilik hiru ziren errepublikak; gaur egun, 50 estatutatik 38 dira hala. Bi mundu gerrek garrantzi handia izan dute eraldaketan.

Koroa gehienak, historia liburuetan.
mikel rodriguez
2014ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Eredu errepublikanoaren eta monarkikoaren arteko talka Antzinarotik gertatu da Europan. Greziako polisen eta Erromaren adibideak daude hor. Erdi Aroan, monarkiak nagusi egin ziren aroan, eredu errepublikanoak ere sortu ziren Europan, nahiz-eta erresumen aldean txikiagoak ziren egiturei lotuta egon —hiri-errepublikak, adibidez—. Aro Berrian, Herbehereetan sortu zen errepublika nagusia Espainiako Inperiotik bereizi ondoren —XIX. mendera arte iraun zuen—, eta Ingalaterrako aldi errepublikanoak (1649-1660) zirrara sortu zuen Europa osoan. Aldaketa erabakigarria Frantziako iraultzak ekarri zuen, estatuko aginte eredua ez ezik, balioen aldaketa bat sortu baitzuen. XX. mendea hasi zenean, 24 estatu zeuden Europan, eta soilik horietako hiru ziren errepublikak: Frantzia, Suitza eta San Marino.

Gaur egun, estatu kopurua bikoitza da (50), eta horietako 38 dira errepublikak. Europako mugen eta estatu ereduaren aldaketak, beraz, lotuta egon dira XX. mendean, eta horretan erabakigarriak izan dira bi mundu gerrak. Lehenbizikoan (1914-1918), Alemaniako, Austria-Hungariako, Errusiako eta otomandarren inperioak desegin ziren, eta horrek estatu berrien sorrera ekarri zuen. Alemania, Austria eta Turkia errepublika bihurtu ziren, eta Errusian sozialismoa gailendu eta SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna sortu zen. Alemania saiatu zen Errusiako Inperiotik bereizitako herrialdeetan monarkia sateliteak jartzen, baina gerra galdu zuenean errepublikak ezarri ziren—Finlandian, Polonian eta Baltikoko hiru estatuetan—. Erregetza berriak ere sortu ziren, ordea: Albaniakoa (1914), Hungariakoa (1920) eta Jugoslaviakoa (1918, Serbiako Erresumak eta Austria-Hungariatik bereizitako Balkanetako lurraldeek bat eginda).

II. Mundu Gerrak, berriz, Europa ekialdeko monarkia guztien desagerpena ekarri zuen, SESBek Alemania nazia garaitu eta sistema komunistak ezarri zirelako. Gerra horrek Europako mendebaldean ere utzi zuen eraginik, ordea. Italian, adibidez, monarkiaren irudia hagitz kaltetuta atera zen, Viktor Emanuel III.a faxismopean izan baitzen errege. Gerra bukatuta, Hunberto II.a semeari eman zion koroa, baina beranduegi zen monarkia salbatzeko: 1946ko ekainaren 12an herritarrek erreferendum bidez hautatu zuten errepublika. Islandia ere II. Mundu Gerran bihurtu zen errepublika. 1918an Danimarkatik bereizi zen, baina monarkia partekatutako sistema batekin. II. Mundu Gerran, Alemaniak Danimarka okupatu zuen, eta aliatuek, berriz, Islandia. 1944an, uhartean erreferenduma egin zuten eta errepublikak irabazi zuen.

Dena den, bi mundu gerren eraginpetik at ere gertatu da bi sistemen arteko gatazka. Norvegian 1905ean hautatu zuten herritarrek monarkiaren eta errepublikaren artean. Independentzia prozesuari lotutako hautua izan zen. Urte horretako abuztuan egin zuen Norvegiak Suediatik bereizteko erreferenduma. Independentzia prozesuaren eztabaidan agertu zen estatu ereduarekikoa ere. Norvegiako Gobernuak eta parlamentuko indar gehienek monarkiaren alde egin zuten, Europan nagusi zen eredua zenez, estatu berriaren onarpena erraztuko zuelakoan. Suediako Oskar II.a erregeari eskaini zioten semeetako batek Norvegiako tronua hartzea, baina Oskar II.ak ez zuen onartu. Azkenean, Danimarkatik ekarri zuten erregegaia: Karlos printzea. Erresuma Batuko Eduardo VII.a erregearen alaba gazteenarekin ezkonduta zegoen, Galesko Maud printzesarekin. Horregatik, Norvegiako agintariek espero zuten horrela Erresuma Batuak independentzia onartzea. Estatu ereduaren erreferenduma azaroan egin zen, eta botoen %79 monarkiaren aldekoak izan ziren. Karlos printzea Haakon VII.a erregea bihurtu zen horrela, eta Norvegiako monarkia berrezarri zuen.

Independentzia prozesuekin lotuta bihurtu ziren errepublika Irlanda, Malta eta Zipre ere. Hirurek Erresuma Batuko koroa utzi zuten. Irlanda 1922an bihurtu zen independente —uhartearen ipar-ekialdea izan ezik—, Erresuma Batuaren aurkako gerraren ondoren. Dena den, Erresuma Batuko erregea mantendu zuen estatuburutzat. 1949an, parlamentuak errepublika aldarrikatu zuen eta Londresekiko lotura moztu. Maltak prozesu bertsua egin zuen hamarkada batzuk geroago. 1964an independentzia lortu, eta hamar urtera errepublika aldarrikatu zuen, laboristen lehenbiziko agintaldian. Zipre, independentziaren unetik bihurtu zen errepublika (1960), Erresuma Batuaz gain Grezia eta Turkia ere independentziaren «bermatzaile» izendatu baitzituzten.

Mundu gerren eta independentzia prozesuetatik kanpo, Europa hegoaldeko hiru herrialde bereizgarritan enfrentamendu zibilak eragin ditu monarkiaren eta errepublikaren auziak. Grezia XIX. mendean errepublika gisa independente bihurtu zen Otomandar Inperiotik, baina monarkia ezarri zen berehala. 1924an, 93 urteren ondoren, parlamentuak erregea erbesteratu eta erreferendum batera deitu zuen. Turkiaren aurkako gerran porrot mingarria jasan berri zuen Greziak, eta monarkiaren prestigioa hondatuta zegoen. Errepublikak irabazi zuen. Ezegonkortasun handiko aro bat hasi zen, ordea, eta 1935ean estatu kolpe batek koroa berrezarri zuen. Gerra zibilean (1946-1949) eskuindarrek komunistak garaitu eta monarkia bermatu zuten. Diktadura militarrak (1967-1974) monarkia abolitzeko erreferendumera deitu zuen, Konstantino II.a Junta Militarrarekin botere lehian sartu zelako. Diktadura erori ondorengo gobernuak berriz egin zuen erreferenduma, eta herritarrek alde zabalarekin berretsi zuten errepublikaren aldeko erabakia.

Portugalen, berriz, ezegonkortasun aldi batek ekarri zuen monarkiaren bukaera. 1890ean, Portugalek Afrikan zeuzkan gurari espantsionistak geldiarazi zituen Erresuma Batuak, eta herritarren begietara argi gelditu zen Lisboa Londresen agintera makurtuta zegoela. Braganza errege familia Erresuma Batuaren interesen zerbitzura zegoen irudia hasi zen hedatzen herritarren artean. Egoera ekonomikoa ere txarra zenez, errege familiaren luxuzko bizitza ereduak gero eta gaitzespen handiagoa sortu zuen. Bi alderdiren arteko txandakatze sistema zegoen ezarrita —Alderdi Aurrerakoia eta Alderdi Berriztatzailea—, eta konstituzioak erregeari epaile rola ematen zion. Klientelismoan itotako sistema bat zen. Testuinguru horretan, 1908an Karlos I.a erregeak ia botere osoa eman zion Alderdi Berriztatzaileko disidente Joao Francori, de facto diktadore bihurtuz. Horrek gatazkasoziopolitikoa areagotu zuen. Urte horretan bertan, bi ekintzaile errepublikanok Karlos I.a eta bere oinordeko Luis Filipe semea tiroz hil zituzten Lisboan. Manuel 18 urteko bertze semeari egokitu zitzaion erregetza, baina krisialdia jada larriegia zen. PRP Alderdi Errepublikano Portugesak aitzineko bi hamarkadatan irabazitako prestigioa baliatu zuen, 1910eko urriaren 3an matxinada bat egiteko. Manuel II.ak erbestera jo zuen, eta urriaren 5ean behin-behineko gobernuak errepublika aldarrikatu zuen.

Zenbait antzekotasun ikus litezke, beraz, Portugalen orduko eta Espainiaren oraingo egoerekin: monarkiaren prestigio galera, bipartidismoaren krisia, bertze indar politiko baten agerpena eta atzerriko indar batek ezarritako baldintzekiko arbuioa. Espainiak berak badu aurrekari bat, 1931n gizartearen nekeak errepublika ekarri baitzuen ondoriotzat, prozesu demokratiko baten bidez. Aldi horren bukaera, ordea, odoletan ongi bustita etorri zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.