SERIEA. Fukushimako hondamendia (II). Berreraikuntza lanak.

Iraganeko zauriak sendatu, etorkizunera begira

Txernobylgoaren ondoren, inoiz izandako hondamendi nuklearrik handiena da Fukushimakoa, eta, gaur egun, eskualdeko zenbait agintari, enpresa batzuk eta gizarte zibila eskuz esku borrokan ari dira beren lurrak leheneratzeko, proiektu berritzaileen bitartez eta iraganetik ikasita.

Narrecek errealitate birtualeko sistema bat du, eta horrek modua ematen du erreaktore nuklearren barnealdea milimetroz milimetro neurtu eta erreplika bat egiteko. J. S.
Josep Solano
Naraha
2022ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Fukushimako Prefekturan, lurralde gehienak kalte larriak izan zituen 2011ko martxoan, lurrikara batek eta haren ondorengo tsunamiak Fukushimako zentral nuklearrean eragindako istripu larriaren ondorioz. Japoniaren eta Asiaren historian inoiz gertatutako hondamendi nuklearrik handiena izan zen, Txernobylgo ezbeharraren ondoren izandako larriena. Ehunka mila lagun ebakuatu behar izan zituzten, Hamadori inguruan bereziki. Nolanahi ere, 11 urte igaro diren honetan, egoera aldatzen hasia da, orain berreraikuntza lanetan ari baitira etengabe: martxan jarri dituzte dendak, ospitaleak, garraio azpiegiturak eta beste hainbat proiektu berritzaile, alde egin behar izan zuten herritar guztiak berriz erakartzeko, baina baita ekintzaileak erakartzeko ere, aukera berriak eskaintzen dituen lekutzat har dezaten eremu hori.

Fukushima —japonieraz zorte onaren uhartea esan nahi du— lanean ari da proiektu berritzaileak eta energiaren alorrekoak erakartzen laguntzeko, eta, horretarako, proiektu bat abiatu dute herrialde osoan, enpresak, gizarte zibila eta eskualdeko eta herrialdeko agintariak elkarlanean aritu daitezen. Hidrogeno Energia Ikertzeko Fukushimako Eremua da proiektu horietako bat; 2020ko martxoan inauguratu zuten, Namie hirian, eta energia berriztagarria erabiliz hidrogenoa ekoizten duen instalazio handi bat du, munduko handienetako bat. 220.000 kilometro karratuko eremua du: horren %80 eguzki panelek betetzen dute, eta, panel horiek sortutako argindarra erabilita, uretik hidrogenoa ateratzen dute, elektrolisiaren bitartez.

Hidrogeno kantitate handia ekoizten dute egunean: 150 etxetan hilean batez beste erabiltzen den elektrizitatea sortzeko adina. Hiriaren helburua zera da, hidrogenoan oinarritutako gizarte bat sortzen aitzindaria izatea eta horri esker enpresak eta belaunaldi gazteena erakartzea. Proiektu energetiko horren bitartez sortutako karbono gutxiko hidrogenoa erabili zuten Tokioko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetan, 2021eko udan: erregai gisa erabili zuten atletak entrenatzeko zentroetan, ostatu batzuetan eta ibilgailuetan.

Besteak beste Nissan automobil enpresak baliatu du hiri horretan proiektu berritzaileak martxan jartzeko aukera. Hain zuzen, egitasmo bat abiatu du pertsonen eta merkantzien mugimendua iraultzeko asmoz: Namie Smart Mobility izeneko esperimentua da, eta eskaerapeko ibilgailu zerbitzuak ematen ditu, hirian bizi direnek edo bisitan joaten direnek garraioarekin dituzten arazoak konpontzeko.

Sakelako telefonoko aplikazio baten bitartez, erregistratuta dauden erabiltzaileek edo bisitariek ibilgailuak eskatu ahalko dituzte geltoki digitaletan: hiri osoan daude, aplikazioa erabiliz ikus daitezke, eta, horrela, udalerri osoan mugitzeko modua dago. Geltoki digital horiek hiriko zazpi toki garrantzitsutan daude, besteak beste hiriko tren geltokian eta udaletxean; beraz, erabiltzaileak toki horietara joan daitezke modu seguruan eta doan. Modu digitalean eskaera egin, eta minutu gutxi barru iristen dira ibilgailuak: 08:00etatik 19:30era egoten da martxan zerbitzua, eta dagoeneko ezinbesteko bilakatu zaie herritarrei.

Batez ere 20 eta 40 urte artekoek erabiltzen dute garraio zerbitzu hori, baina ez du pertsonak garraiatzeko bakarrik balio: tokiko jatetxe eta dendei ere laguntzen die enpresak, merkataritza gune birtual bat baitauka. Internet bidez erositako produktuak banatzeko balio du zerbitzu horrek: erosleari zuzenean etxera eramaten dizkio produktuak, eta hori ere doakoa da.

J-Village, sinboloetako bat

Eskualdeak baditu sinbolo batzuk, kolpe nuklear gogorraren ondorengo berreraikuntza irudikatzen dutenak; haietako bat da 2020an J-Village Entrenamendurako Zentro Nazionala ireki izana berriro: kostaldean dago, ezbeharra izan zen zentraletik 20 kilometro hegoaldera. Zentro horretan, Japoniako selekzio nazionalak elkartzen ziren, eta gazteen torneo nazionalak ere egiten ziren.

Hain zuzen, profesionala izateko ametsa zuten gazte askorentzat, kirol santutegi nazional moduko bat zen; hondamendiaren garairik zailenetan, ordea, sorospen eremu inprobisatu bilakatu behar izan zuten.

Zentro horretan, belar artifizialeko hiru joko zelai eta belar naturaleko zortzi daude, eta azken horietako batek 5.000 ikuslerentzako tokia du. Gainera, gimnasioa, kiroldegia eta igerilekua ere baditu, baita kirol egonaldietarako zentro bat eta zenbait hotel ere; autoz ez ezik, trenez ere joan daiteke hara. Ez da arraroa horrelako toki batean ostatu hartu izana munduko futbolari eta kirolaririk onenek Japoniara bisitan etorri zirenean; haien artean daude, besteak beste, Argentinako, Brasilgo eta Frantziako futbol selekzioak.

Hain zuzen, hondamendi nuklearra gainditu izanaren sinbolo den aldetik, nazioaren harrogarri izan da toki hori aukeratu izana zuzi olinpikoaren Japoniako ibilbidearen abiapuntu izateko Tokioko Jokoetan, 2021eko martxoaren 26an.

Zuzia eraman zuten lehenengoak Japoniako krabelinak izan ziren, emakumezkoen futbol taldeko kideak: 2011ko Munduko Kopa irabazi zuten Alemanian, justu hondamendia gertatu eta gero.

Zentral nuklearra ezinbestean modu seguruan desegin behar zela eta, zenbait proiektu jarri dira martxan, eta, horien artean, Narrec Urrutiko Kontrolaren Teknologia Garatzeko Naharako Zentroa izan da gehien bultzatu dituztenetako bat.

Narrec 2016ko apirilean abiatu zen, urrutiko kontrolaren bidezko robotak aztertu, garatu eta haien inguruan esperimentatzeko, ezinbestekoak baitira Fukushima Daiichiko erreaktoreak deuseztatzeko. Instalazioak errealitate birtualeko sistema bat du, eta horrek modua ematen du erreaktore nuklearren barnealdea milimetroz milimetro neurtu eta erreplika bat egiteko; erreplika horri esker, ia zehatz-mehatz irudikatu daitezke zentrala desegiteko planak.

Probako eraikinaren elementuak probatzeko guneak baditu inguru bakoitzera egokitutako instalazioak; tartean daude eskailera simulatu batzuk, erreaktorearen eraikinean bertan dauden zenbait eskailera irudikatzen dituztenak, eta baita robotak probatzeko igerileku bat ere, non uraren tenperatura eta kalitatea alda baitaitezke. Egin beharreko lanen planak ahalik eta zehatzen irudikatu ahal izateak modua ematen die zentroaren arduradunei adituak jakinaren gainean jartzeko ezin hobeto, deseraikitze lanak egin ditzaten.

Erreaktoreak deuseztatzeko prozesuan, urrunetik kontrolatutako robotak erabiltzen ari dira eremu oso erradioaktiboetako lanak egiteko, eta, hala, ez dute inor bidali behar hara, osasunerako kaltegarria bailitzateke. Urrutiko kontrolaren bidezko robot horiek ez dira erabiliko erreaktoreak desegiteko soilik: espero dute teknologia hori geroago ere erabiliko dela deskontaminazioa egiteko eta hondakinak ezabatzeko. Giza baliabideak prestatzen eta garatzen ere aritzen da Narrec: langile espezializatuak trebatzen ditu urrutiko kontrolaren bidezko operazioak egin ditzaten.

Robotak probatzeko

Eskualdeko egitasmorik berritzaileenen artean dago Robotak Probatzeko Fukushimako Eremua ere, 2020. urtearen hasieran zabaldua. Mila bat metro da ekialdetik mendebaldera, eta 500 metro iparraldetik hegoaldera; Minamisoma udalerrian dago, eta hainbat gune ditu: gidaririk gabeko aireontzien gunea —droneentzat nagusiki—, azpiegiturak ikuskatzekoa, hondamendiei erantzutekoa, uretako eta urpeko robotena, eta garapenerako gunea.

Robotak probatzeko eremu horrek ezaugarri bereziak ditu, munduan beste inon ez daudenak: egiaztatze probak eta ebaluazioak egin daitezke, eta, horri esker, azkarrago garatu daitezke lurreko, itsasoko eta aireko robotak, baita droneak, hondamendiei erantzuteko robotak eta robot autonomoak ere; robot horiek baliagarriak dira hainbat arlotarako, hala nola logistikan erabiltzeko, azpiegiturak ikuskatzeko eta hondamendi handiei erantzuteko.

Zenbait helburu ditu robotak probatzeko eremu horrek: enpresak erakartzea, badaude-eta teknologia aurreratua ikertzen laguntzen duten zenbait talde, unibertsitatean trebatuak; robotikaren industria bultzatzea; lantaldea garatzea; eta tokiko ekonomia suspertzea.

Proiektu horiek guztiek ezin dute alde batera utzi oroimena, eta gertatutako guztia gogoratzea ezinbestekoa da etorkizun oparo eta duin baterako oinarriak finkatzeko. 2020ko martxoan, autoritateek ebakuazio aginduak bertan behera uzteari ekin zioten Nakano barrutiko Suspertze Industrialerako Basean, Futaban.

Urte hartako irailean, Japonia Ekialdeko Lurrikara Handia eta Hondamendi Nuklearra Oroitzeko Museoa inauguratu zen. Erakusketen eta bizirik ateratakoen kontakizunen bitartez, gertatutako guztia gogoratzea du helburu museo horrek, eta datozen belaunaldiei azaltzea zer lezio ikasi diren Fukushiman gertatutako hondamendi konplexuan.

Museoaren funtsezko helburua hau ere bada: hondamendiak prebenitzeko eta haiei aurre egiteko zentro gisa funtzionatzea, ez soilik Japoniarako; kontinentean eta mundu guztian erreferentziazkoa izatea dute xede, eta praktika onen eredu bihurtzea, erakusteko zer egin behar litzatekeen muturreko egoera batean, han izandakoaren gisakoetan.

Gainera, museoak modu ezin eguneratuagoan azaltzen du nola dagoen gaur egun eremua, eta ebakuazio aginduak non indargabetu diren jakinarazten du. Zorte onaren uhartearen inguruko klixeak eta mesfidantza ezabatzen laguntzen duen ibilbide batean, bisitatu beharreko tokia.

Bihar: Fukushimako produktuak kontsumitzeko beldurra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.