Ertzaintzaren esku hartzeak ikertzeko batzorde bat eratuko dute

Maite Asensio Lozano.
2020ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrean agerraldia izan zuen atzo Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak, agintaldirako asmoen berri emateko. Segurtasun ereduaren oinarrian «gardentasuna eta hurbiltasuna» jartzeko konpromisoa hartu zuen, eta, bide horretan, iragarri zuen Ertzaintzaren kontrol eta gardentasun batzordea eratuko duela: «Organo berria izango da, independentea, bere kabuz edo inoren eskariz aztertuko dituena eskubideen urraketekin lotutako jarrerak eta praktikak, Poliziaren esku hartzeetan edo operatiboetan pertsonaren bat hiltzen edo larri zauritzen bada». Poliziaren Legearen bidez onartu zuten batzorde hori sortzea, eta sailburuak martxan jartzeko konpromisoa hartu du; hala ere, ez lituzke iraganeko auziak ikertuko.

Delinkuentzia tasa apaltzeko asmoa ere agertu du sailburuak, nahiz eta inguruko erkidego eta herrietakoa baino txikiagoa den: mila biztanleko 53,3 delitu daude. Hala ere, bereziki kezkagarritzat jo ditu hiru gai: ziberdelinkuentzia, jokoarekiko adikzioa eta emakumeen aurkako indarkeria.

Azken horrekin lotuta, Erkorekak jakinarazi du Emakumeen eta Etxekoen Babesa izeneko programa bat abiatuko duela: genero indarkeriako txostenak —Ertzaintzarenak ala udaltzainenak izan— sistema digital berean txertatuko dituzte, eta, hala, tratu txarrak jasaten dituzten emakumeen eta haien seme-alaben arriskua ebaluatzeko irizpideak bateratuko dituzte, babes neurriak ere horien arabera ezartzeko. Izan ere, indarkeria matxistaren neurriarekin kezkatuta agertu da sailburua. Egun, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 3.377 emakumek daukate babes aginduren bat, 353k dute Bortxa aplikazioa telefonoan, 62k dute bizkartzaina, eta 53 erasotzailek daukate lokalizaziorako eskumuturrekoa.

Ertzaintzaren giza baliabideei ere erreparatu die Erkorekak: «Egiturazko lantaldea 8.000 agentekoa da, eta egun 7.502 daude lanean; beraz, 498 profesionaleko defizita dugu, eta legegintzaldi amaierarako 1.584 agente erretiratuko dira». Hutsune hori betetzeko, lau hautaketa prozesu abiatuko dituzte agintaldian zehar, urtean bat; 2020 amaitu baino lehen argitaratuko da lehena, eta 700 lanpostu izango ditu. Emakumeek eta euskal hiztunek izena ematea sustatuko dute.

Era berean, Erkorekak txalotu egin du, egungo egoera epidemiologikoa kontuan hartuta, hauteskundeak uztailean egiteko erabakia hartu izana. Baina aitortu du badagoela zer hobetu, eta bozetako araudia «sakon» aztertzeko eta aldaketak proposatzeko konpromisoa hartu du: «Antzeko egoeretan boto sistema berriak izan ditzagun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.