Aitziber Laskibar Lizarribar.
ANALISIA

Etorkizuna idazten

2015eko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Urteetako aldarri lausoen ostean, alderdi politiko nagusiak euren eskaintza politikoak zehazten hasi direla dirudi. Proposamenak mahaigaineratzen ari dira azkenaldian: Federalismoaren ideiari eutsi dio PSOEk; autogobernuan sakontzea oinarri duen estatus politiko berria nahi duela dio EAJk; eta euskal estatua sortzea helburu duen Euskal Bidea aurkezten ari da EH Bildu.

Ramon Jauregik aste honetan bete du edukiz PSOEren estatu federalerako proposamena. Gaia ondo landua duela erakutsi du, gainera. Plangintza zehatza puntuz puntu aurkeztu du. Argitu du nola aldatu nahi duen Espainiako Konstituzioa estatu federala gauzatzeko, erkidegoei zer eskaini «erosoago» egoteko, eta Gernikako Estatutua nola moldatu helburu horri begira.

Eta badira datu deigarriak: PSOEren europarlamentariak egin duen eskaintzak barnean ditu EAJk azken urteetan egin dituen hainbat aldarrikapen zehatz: Justizia Administrazioaren antolaketa erkidegoen esku geratzea proposatu du, esaterako. EAEren kasuan, justiziaren estamentu gorena EAEko Auzitegi Nagusia izatea.

Erkidegoek hitza izatea ere defendatu du: batetik, estatuari dagozkion gaietan eta atzerri politikan parte hartzea, eta, bestetik, EAJk behin eta berriz eskatu duena beteta, erkidegoek Europan bere hitz propioa izatea.

Nork bere erkidegoa nahi duen eran antolatzeko aukera ere plazaratu du, eta alboko erkidegoekiko harreman mota erabakitzekoa. Nafarroa eta EAEren arteko harremana estutzeko tresna gisara aipatu du alor hori, zehazki.

EAJ aldarrikatzen ari den estatus politiko berria erabat argitu gabeko kontzeptua da oraindik, baina autogobernuan sakontzea du oinarri. Gaur-gaurkoz ezagutzen denetik, ez dago urruti PSOEk egindako eskaintzatik, gauza batean izan ezik: erabakitzeko eskubidea aitortua nahi du EAJk, nahiz oraingoz independentzia eskatzeko asmorik ez izan.

Hala ere, Jauregik asteon EAJri egin dion keinuak akordio usaina du. Estatu federala edo estatu plurinazionala adosteko oinarriak landuta dauden susmoa piztu du. «Akordio handi berri bat behar da», esan zuen PSOEkoak; «eta beti uste izan dut elkarbizitzarako lerro nagusiak sozialisten eta EAJren artekoak izan behar duela». Marra gorria ere argi jarri dio: «Espainiako Konstituzioak ez du sekula autodeterminazio eskubidea onartuko».

Hain justu, marra hori gainditzeari begirakoa da EH Bilduren estrategia. Politikarien arteko negoziazioen zain egon gabe, eraikitzeko esan die herritarrei; demokraziaren izenean, «ahal den guztia» erabakitzeko. EAJ ez dago estrategia horretan lerratuta. EH Bilduk, ordea, herritarrak «ahaldunduta» sortu nahi ditu aukerak. Ez du lan erraza, baina etorkizunerako idazten ari diren aukerak herritarrek baldintza ditzaketela erakutsi du Kataluniak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.