SERIEA. U-1etik bost urtera. Errepresioa (IV).

Berriz ausartu ez daitezen

Espainia milaka herritarri jazarri zaie Katalunian 2017ko erreferendumaz geroztik. Omniumen arabera, 4.200dik gora dira. Independentisten helburua da «errepresioa konpromiso bihurtzea».

Bi manifestari, Espainiako Poliziaren aurrean, Bartzelonan, 2019ko urrian. ENRIC FONTCUBERTA / EFE.
Gorka Berasategi Otamend
Bartzelona
2022ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Kataluniako gizartearen memorian iltzatuta gelditu da nola Espainiako Polizia eta Guardia Zibila bortizki oldartu zitzaizkien 2017ko urriaren 1eko erreferendumean botoa emateko mobilizatu ziren herritarrei. Mila herritar baino gehiago artatu zituzten egun hartan osasun zentroetan, estatu indarrek zaurituta. Orotara, 600 salaketa baino gehiago aurkeztu ziren, eta, 180 auzipetu dauden arren, bost urteren igaro diren honetan justiziak ez du poliziarik edo guardia zibilik zigortu herritarrak jipoitzeagatik. Gaur egun, auziek zabalik jarraitzen dute Kataluniako epaitegi batzuetan banatuta.

Polizia indarkeria U-1aren kontrako errepresioaren adierazpenik agerikoena izan zen, eta beste jazarpen batzuk ere ezagunak dira hedabideetan oihartzuna izan dutelako. Besteak beste, bederatzi buruzagi independentistaren espetxeratzeak, beste bederatzi buruzagiren erbesteratzeak, eta, apirilean jakin zenez, gutxienez 65 politikari eta ekintzaile zelatatzeko operazioa. Baina, horiez gain, badira beste hainbat auzi horren ezagunak ez direnak eta mugimendu independentistaren kontrako errepresioaren tamaina islatzen dutenak.

Orotara, 4.200 lagun baino gehiago dira autodeterminazio prozesuarekin lotuta errepresioaren biktima, eta, horietatik, mila baino gehiago daude mobilizazioetan parte hartzeagatik ikertuta zigor prozeduretan, Omnium Cultural elkarte independentistak osatu duen Antirepressiva errepresioaren maparen arabera.

Horren adibide, Tsunami Democratic plataformak 2019ko azaroan buruzagi independentisten kontrako epaia salatzeko deitu zuen mobilizazioarekin gertatu zena. Tsunamik dei egin zuen A-7 autobidea moztera Jonqueran, Kataluniaren eta Ipar Kataluniaren arteko mugan. Mobilizazio horretan parte hartzeagatik, 250 lagun baino gehiago deitu zituzten epaitegietara.

Beste manifestari askori, erantzukizun penalik eskatu ez badiete ere, isunak ezarri dizkiete mozal legearen bitartez. 2019ko urritik hona, 850 baino gehiago zenbatu ditu Omniumek; gehienak, Mossos d'Esquadrak ezarriak.

Maila instituzional apalenean ere estutu du estatuak. U-1arekin lotuta, 600 alkate baino gehiago salatu ditu administrazioarekiko auzietan. Leporatzen diete, besteak beste, AMI Kataluniaren Independentziarako Udalen Elkartearen parte izatea, beraien udalerria «Kataluniako lurralde libre eta subirano» izendatzea, Espainiako bandera ez altxatzea edota monarkiaren kontrako mozioak onartzea.

«Errepresaliatu guztiak aitzindari zorrotza dira, eta gure eskubideak aldarrikatzen jarraitzera bultzatzen gaituzte», adierazi du Xavier Antich Omnium Culturaleko presidenteak. Ez du zalantzarik Espainiak U-1aren inguruan hartu duen erabakia «independentismoaren kontrako auzi orokor bat» irekitzea izan dela. «Disidentziaren kontrako jazarpen sistematiko bat da hau». Salatu du «beldurraren kanpainak» duen helburua herritarrak desmobilizatzea dela, helburu politikoak baztertzea.

«Gizarte zibil antolatu gisa, errepresioa gizarte konpromiso sendoagoa bihurtu behar dugu, gizartearen boteretze handiago batean». Antichen iritziz, bide hori «estatua ahultzeko modu zilegi bat» da. «Argi daukagu: ez zaizkigu jazartzen egin dugunagatik, berriz egingo dugula dakitelako baizik».

Errepresioa «askapen nazionalerako borroka indartzeko» baliatzearen garrantzia nabarmendu du Eva Pous Alerta Solidariako kideak. «Gure lana da errepresioari proiekzio politikoa ematea, bumeran gisa erabiltzea. Gure kasuak beti lantzen ditugu ikuspegi horretatik. Ezin dugu aukeratu errepresaliatuak garen ala ez, baina bai errepresioari nola aurre egin», azaldu du ezker independentistaren erakundeko abokatuak.

Pousen esanetan, Kataluniako instituzioek ez dituzte behar beste lagundu errepresioaren biktimak. «Kalera atera ziren eskubide sozialak eta nazionalak babestera, eta, bat-batean, alde batera utzi dituztela ikusi dute. Desengainu handia dago kalean, errepresioa jasan dutenak ordaintzen ari diren kostu politiko handiarengatik». Pousek gaineratu du «lehia bat» dagoela alderdien artean, «errepresaliatuen ildo diskurtsiboaz nor jabetuko», eta horrek kalte handia egiten diola errepresioaren biktimen borrokak bateratzeko helburuari.

Espainiako Estatuak mugimendu independentistaren aurka hartu dituen neurriak ez dira berriak, abokatuaren iritziz. «Baliabideak modernizatu dira, besterik ez. Euskal Herria adibide argi bat da ikusteko estatua noraino heltzeko prest dagoen bere lurralde batasuna babestearren».

Katalunian bertan ere ez da kontu berria. Aurrez ere gertatu izan da: 2009an Arenys de Munten (Bartzelona, Herrialde Katalanak) egin ziren independentziari buruzko galdeketetan, eta 2014an Katalunia osoan egin zen galdeketarekin lotuta. Baina ezin uka U-1aren erantzun polizial eta judizialak beste tamaina bat duela.

Estatuaren lehen kolpea 2017ko irailaren 20ko operazioa izan zen. Guardia Zibilak Generalitateko hamalau goi kargudun atxilotu zituen U-1eko erreferenduma antolatzea egotzita, hura egin baino egun gutxi lehenago. Haren ondoren heldu ziren U-1a bera, buruzagi independentisten espetxeratzea, erbestea, manifestarien atxiloketak, CDR Errepublikaren Defentsarako Batzordeen kontrako operazioak eta abar.

«Kriminalizazio estrategia»

CDRen kontrako operazioei dagokienez, Pousek adierazi du argi islatzen dutela estatuaren «kriminalizazio estrategia». 2019ko irailaren 23an, Guardia Zibilak CDRekin lotura zuten bederatzi lagun atxilotu zituen erakunde terrorista bateko kide izatea eta lehergailuak edukitzea leporatuta. Horietatik zazpik lau hilabete egin zituzten behin-behinean espetxeratuta.

«Irregulartasunak izan ziren hasieratik», azaldu du Pousek. «Denek eskatu zuten abokatu bat, baina seik ez zuten abokatu baten laguntza izan miaketetan». Galdeketetan, «ezarritako ofiziozko abokatuak» izan zituzten batzuek, konfiantzazko abokatuei ez zitzaielako parte hartzen utzi. «[Espainiako Auzitegi Nazionalean] Behin-behineko espetxea ezarri zieten, baina defentsari ez ziguten espedienterako sarbidea eman. Azkenean, auzitegiko apelazio aretoak epaileari eskatu zion argitzeko atxilotuei lehergaiak aurkitu zizkieten ala ez, eta Guardia Zibilaren txostena aurkeztu ziguten. Haren arabera, ez zegoen lehergairik. Orduan lortu genuen aske uztea, lau hilabeteren ostean».

Fiskaltzak atxilotu horien kontra aurkeztu duen akusazioa beste auzi baten sekretupeko sumarioan oinarritzen dela jakin du defentsak, eta, hartarako sarbidea eskatu duen arren, epaileak hainbatetan ukatu dio. «Alegazio aretoaren 17 ebazpen ditugu esanez auzi horretarako sarbidea izateko eskubidea dugula, eta orain eztabaidatzen ari dira noiz emango diguten».

Pousek salatu du estatuak mugimenduaren kriminalizaziorako erabiltzen duen beste estrategia bat dela akusazio «oso larriak» aurkeztea, «ondoren akusazioaren eta defentsaren arteko akordioa behartzeko». Pousentzat, helburua da «akusatuak gertaera batzuen gaineko erantzukizuna aitortzea, espetxea saihestearen truke». Auzipetu batzuei lau, bost edo sei urtera arteko zigorrak eskatu dizkiete, «nahiz eta ez duten inolako aurrekari penalik, eta nahiz eta ez zuten kalterik egin».

Generalitatearen «ardura»

Kataluniako Gobernuak konpromisoa hartu zuen ekintzaile independentisten eta sozialen kontrako auzietan akusaziotik erretiratzeko, mossoren batek lesioak jasan zituela baieztatuta zegoen kasuetan salbu. ERCk eta CUPek adostu zuten konpromiso hori, Pere Aragones presidente izendatzeko inbestidura akordioan. Akordio hori, ordea, «ez da erabat bete», Pousen esanetan. «Jakitun gaude polizia sindikatuen presioak dituztela, baina ez da gure arazoa. Haiena da eskubideak bermatzeko ardura».

Alerta Solidariako abokatuak nabarmendu du Generalitateak, akusazioetatik erretiratuta ere, «arazo oso larri bat» duela. «Ikusten dugu [Mossos d'Esquadraren] espedienteek zigorra bilatzen dutela. Kasu batzuetan, epaitegietara iristen garenean, [mossoak] kontraesanetan erortzen dira; agerian geratzen da gezurra esan dutela. Eta ez da ezer ere gertatzen. Beraz, gobernuak erantzukizun zuzena du kasu horietan, ekintzaileak zigortzen direnean».

Desjudizializazioa

«Errepresioa amaitzeko eta gatazka politikoari baldintza berdintasunean heltzeko gaude hemen». Laura Vilagra Kataluniako Presidentetza kontseilariak egin zituen adierazpen horiek joan den uztailean, Generalitatearen eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketa mahaiaren hirugarren bilkuraren ostean. Moncloak konpromisoa hartu zuen «desjudizializazioan» urratsak egiten hasteko, urtea amaitu baino lehen. Baina udazken honetan epaiketa sail bat izango da politikari eta ekintzaile independentisten aurka.

«Oraindik 92 auzi daude irekita, eta 563 laguni eragiten diete. Neurrigabeko zigorrak eskatzen dizkiete; isunak, inhabilitazioak eta espetxe urteak», azaldu du Antichek. Udazken honetarako 17 epaiketa daude iragarrita, eta 45 herritarrek aurkeztu beharko dute horietan akusatu bezala.

Datorren asteartean, esaterako, gazte bat epaituko dute Bartzelonan, autoritatearen kontrako atentatua egotzita. Gazteak berak salaketa aurkeztu du, eta adierazi du Espainiako Poliziak Bartzelonan duen Via Laietanako buruzagitzan jipoitu egin zutela, buruzagi independentisten espetxeratzea salatzeko manifestazio batean atxilotu zutenean, 2017ko azaroan. Bi polizia daude inputatuta. Gazteari hiru urteko espetxe zigorra eskatzen diote.

Asteazkenetik ostiralera bitartean, Kataluniako Parlamentuko Mahaiko lau kide ohi epaituko dituzte, tartean Roger Torrent mahaiko presidente ohia, autodeterminazioari eta Espainiako monarkiari buruzko eztabaida baimentzeagatik.

Horiek izango dira lehenak, baina beste bi epaiketa izango dira urrian bertan. Azaroan egitekoak direnen artean da Lleidako 11 auzipetuena, Carles Puidgemont Kataluniako presidente ohia Alemanian atxilotu zutela salatzeko mobilizazioekin lotutakoa. Fiskaltzak bost urtetik gorako espetxe zigorrak eskatzen dizkie, autoritatearen kontrako atentatua, lesioak eta desordena publikoa delituengatik.

Errepresioaren aurka, mobilizatzea ezinbestekoa da Antichentzat. «Horretarako, gizarte zibil antolatua eta formatua da bermerik onena. Modu jarraituan egon behar dugu mobilizatuta, herri honek bere askatasuna jokoan duen fronte guztietan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.