BAKARRIZKETA

HS2, bizkor joan nahi duen eta motel doan trena

CAF.
Iker Aranburu.
2020ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
1. HS2? Hori ez al da uraren ikurra? Hara bestea! Batzuek zipitzik ez dakigu kimikari buruz, baina ura H2O dela ongi ikasi genuen. Fin ibiliko zara zu Egunean Behinen!

2. Ez esan inori, baina ez dut lortu sei baino gehiago asmatzea. Orduan, bada, zer da HS2? High Speed 2ren laburdura; hau da, Erresuma Batuko abiadura handiko trenbide batena. HS1, berriz, Londres eta Mantxa azpiko tunela batzen dituen trenbidea da.

3. Zer gertatzen zaio HS2ri? Utzidazu asmatzen: oso motel ari dira hura egiten. Bingo! Ez dakit nola bururatu zaizun ideia hori. Antzeko beste kasurik ezagutzen al duzu, ala?

4. Zerbait entzun dut hor nonbait, baina zehazki non ez dakit. Utz dezagun sarkasmoa alde batera, eta goazen harira. Aste honetan, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak iragarri du egin egingo dutela HS2.

5. Auzitan zegoen? Bai. Eta arrazoiak ezagunak egingo zaizkizu: txikizio handiak egingo dituela basoetan eta nekazaritza lurretan, oso garestia dela, eta hobe dela gaur egungo trenbideak hobetzea. Protestek eta zalantzek eragin dute proiektuak aurrera ez egitea. Duela hamar urte bultzatu zuten, artean laboristak Londresko gobernuan zeudela. Baina ordutik hona ez dute kilometro bakar bat ere bukatu.

6. Eta beste batzuk Madrilekin kexu dira. Erresuma Batuko Gobernuak ez du dirurik jartzen, ala? Egiten hasi aurretik 9.600 milioi euro gastatu dituzte, azterketetan eta ingeniaritza lanetan. Eta aurrekontua abiadura handian doa gora: 2009an uste zuten 51.000 milioi euroan egin ahal izango zutela, baina orain 127.000 milioiko aurrekontua du. Eta ez da baztertu behar gehiago handitzea, oraindik ez baitago garbi nondik nora joango den.

7. Ez dakite nora joango den? Hori ere ezaguna egiten zait. Bueno, badakite zer xede duten: Londres Ingalaterra iparraldeko hiriekin lotzea, Manchesterrekin eta Leedsekin bederen. Beste kontu bat da azkenean zenbat adar izango dituen, eta adar horiek noraino iritsiko diren, iparraldeko alkateak presionatzen ari direlako beren hirietara ere irits dadin. Guztiekin geratu nahi du ongi Johnsonek. Batetik, erakutsi nahi du EBtik kanpo Erresuma Batua ez dela gain behera etorriko. Bestetik, keinu bat egin nahi die Ingalaterra iparraldean lehen aldiz tory-en alde bozkatu dutenei.

8. Lortuko al du? Azpiegitura soil bat baino gehiago beharko du Ingalaterrako iparralde pobretuaren eta hegoalde aberatsaren arteko arrakala gero eta handiagoa ixteko.

9. Proiektu handia da. Tren gutxi batzuk beharko dituzte. Badakit nora joan nahi duzun.Azken datuen arabera, 3.100 milioi euro gastatuko dituzte trenetan, eta kontratu hori lortzeko lehian dago CAF. Hasieran kanpoan geratu zen, baina Bombardierrek eta Hitachik HS2rako bat egin izanak lekua egin dio Beasaingo konpainiari. Oaris trena eskaini du, Norvegian soilik saldu ahal izan duen trena. Lehian daude Euskal Herrian lantegia duten beste bi enpresa: Talgok bagoiak egiten ditu Erriberabeitian (Araba), eta Bombardierrek makinak Trapagaranen (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.