Noiz sortua: 2020-06-21 00:30:00

HAICEAN CHORIA BEZALA

Suitzan inprimatutako euskarazko ehun hitzeko hiztegi bat dakarren 1610eko liburu bat erosi du Mintzoa argitaletxeak, eta interesa piztu du albisteak. Hizkuntzalariek ezagun zuten lana, eta Errenazimentuan euskarak Europan pizten zuen jakin-minaren froga dela diote.
Ehun hitzeko hiztegi bat dakar Suitzan 1610ean argitaratutako liburuak.
Ehun hitzeko hiztegi bat dakar Suitzan 1610ean argitaratutako liburuak. MINTZOA ARGITALETXEA Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2020ko ekainak 21

Nagusiki, zoologia modernoaren aitzindari izateagatik nabarmentzen dute historia liburuek Johan Conrad Gessner ikerlari suitzarra (Zurich, 1516-1565). Giltzarri suertatu ziren Historia Animalium lana osatzen duten lau liburukiak ordura arte sakabanatutako jakintza antolatzeko, eta espezieak identifikatzera ohituta dagoenaren ordenarekiko zaletasuna bera igar daiteke egilearen hizkuntzalaritza lanetan ere. Bateko eta besteko tximeleta espezieak balira bezala, elkarren ondoan iltzatuta dirudite 130 hizkuntza inguruk Gessnerrek 1555ean argitaratutako Mithridates de differentis linguis lanean. Gasper Waser hizkuntzalari, matematikari eta teologo suitzarra izan zen, ordea, (Zurich, 1565-1625), bigarren bueltan, Gessnerrek hasitako bildumari euskarazko txatala gehitu ziona. Beste hainbat hizkuntzarekin egin bezala, euskarari buruzko azalpen bat txertatu zion Gessnerren lanari, euskarazko aitagure bat, eta baita ehun hitzeko hiztegitxo bat ere. Horregatik dago euskara Suitzan argitaratutako 1610eko liburu horretan. Arima, bihotza, odola eta vicitzea hitzekin, adibidez. Eta ezohiko espezie bihurtzen du horrek argitalpena.

Ikertzaileek lehenagotik ere bazuten liburuaren berri: Europako hainbat liburutegitan topa daitezke aleak, eta sarean kontsultatzeko moduan jarrita dauka berea Bavierako estatu liburutegiak. Mintzoa argitaletxe nafarrak Italian topatutako ale bat erosi du asteotan, ordea, eta albiste bilakatu du horrek berriz ere lana.

Liburua ez da esku bete baino handiagoa, eta haren parte txiki bat soilik da euskarari buruzkoa. Sei orri, guztira. Salbuespenen distira dario laginari, ordea. Erosi duten alea egoera bikainean dagoela dio Aritz Otazu Mintzoa argitaletxeko arduradunak, gainera, eta, aitortu duenez, jadanik sei erosketa eskaintza jaso dituzte. «Harribitxi bat da», laburtu du. «Liburu honek erakusten du 1610ean Suitzan inprimatutako liburu batean euskarak bazuela garrantzia, eta ezaguna zela». Nafarroako Gobernuak erosiko duen zain daude argitaletxekoak orain, baina, bestela ere, alea Euskal Herrian geratuko dela ziurtatu dute.

Lau hamarkada daramatza argitaletxeak Nafarroako historiarekin lotutako antzinako argitalpenak salerosten, eta hamar urte zeramatzaten Turinen topatutako Waserren lanaren atzetik. Otazu: «Normalean ni neu joaten naiz halako liburuen bila, baina, pandemiaren eraginez, mezulari bidez heldu da harribitxia oraingoan». Onartu duenez, luze joan zitzaizkien liburua jaso arterainoko egunak, baina, azkenean, ongi egin dute Europako zeharkaldia Waserren ehun hitzek.

Hizkuntza basatiaren mitoa

Sekula baino oihartzun handiagoa lortu dute Mintzoa argitaletxekoek erosketa honekin. Baina nahasmendua eragin zuen albisteak hasieran. Liburua aurkikuntza modura aurkeztu zuten hainbat hedabidek, eta euskarazko txatala Waserrek txertatu zuela zehaztu gabe aipatu zuten Gessner egiletzat. Zehaztugabetasun horrek bultzatuta, hainbat azalpen idatzi zituen Ricardo Gomez filologiako doktoreak Filoblogia blogean, eta haiei esker heldu da lanari buruzko argazki zorrotzagoa. BERRIAri azaldu dionez, nolabaiteko ziurtagiri moduko bat izan ziren bere garaian halako publikazioak. «Halako laginek balio zuten frogatzeko euskara idatziz erabil zitekeen hizkuntza bat zela, eta ez ahozko hizkuntza basati bat, Erdi Aroan uste zen bezala».

Adituek lehendik ere bazuten lanaren berri, eta, Gomezek dioenez, euskarak Europan pizten zuen jakin-minaren lekukotza ematen du argitalpenak. Hori da haren interes nagusia. «Erakusten du euskarak Europako humanisten interesa piztu zuela XVI eta XVII. mendeetan, Errenazimentuan sortu zen herri hizkuntzei buruzko interesaren barruan».

Euskarari buruzko azalpen labur batzuk ere sartu zituen sarrera gisa Waserrek, eta, besteak beste, azaltzen du sasoi hartan Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak, Nafarroak eta Biarnok osatzen zutela euskararen lurraldea. Baina nondik heldu zen ikerlaria liburuko otoitzera eta ehun hitzeko bilduma horretara?

Hiztegiaren iturburua

Gomezek dioenez, ikerlariek zehatz identifikatuta dauzkate Waserren iturriak, eta, beraz, ez da zaila haren ibaian gora jota jatorriraino iristea. Interneten erosketa publiko egin eta berehala ohartu zen jendea Waserren liburuan zetorren aitagurea Leizarragaren Testamentu Berria-n zetorren bera zela, han bezala, hitanoan emana (1571): «Gure Aita zeruetan aizena, sanktifika bedi hire izena...». Liburuan bertan ere aipatzen du Waserrek Leizarragaren izena, baina, Gomezek dioenez, suitzarra zeharka heldu zen harenganaino: Bonaventura Vulcaniusek 1597ko argitaratutako liburuaren bidez, zehazki. Waserrek hari hartu zizkion otoitza eta hiztegia, eta hark, berriz, Leizarragari. Gomezek dioenez, ordurako Europa protestantean aski ezaguna baitzen haren lana. «Leizarragaren itzulpenek ikaragarri eragin zuten Europan euskarari buruzko ikuspegia aldatzeko, Jainkoaren hitza euskaraz adieraz zitekeela erakutsi zuen eta».

Zirrara moduko bat eragin du sarean, orain, Mintzoaren erosketaren albisteak. Izan da, adibidez, Waserren hitz zerrenda ikusi, eta haren grafia nabarmendu duenik, testuan, besteak beste, «tz» hizkia agertzen delako, baina Gomezek ez du nabarmentzeko moduko ezer ikusten hor. «Erratak gorabehera, iturrietan erabilitako grafia bera aurkitzen dugu. Ez du ezer berezirik alde horretatik». Hitz gehienak lehen kolpean identifikatu ahal izateak piztu du beste zenbaiten arreta, baina, Gomezen ustez, zirrara horrek ere ez du oinarri zientifiko handirik. «Hitz solte batzuek ez digute gehiegi esaten hizkuntzaren bilakaeraz, are gutxiago oinarrizko hiztegikoak badira». Gehitzen duenez, Waserren liburuan datorren gaztelaniazko aitagurea, adibidez, hurbilago dago gaur egungotik, euskarazkoa baino. «Hizkuntza guztiak aldatzen dira denboraren poderioz, eta euskara ez da salbuespena».

Mugimenduan diren hitzak

Mintzoa argitaletxeko Otazuk dioenez, ordea, ez da hori gertatzen Waserren liburuan datozen hizkuntza guztiekin. Asko desagertu egin dira, eta hor eten da haien bidea; eta, aldiz, Waserren liburua argitaratu zenetik lau menderen buruan, oraindik ere euskarak mugimenduan segitzen du, ibayan arraya, ceruän odeya, landan caldia edo haicean choria bezala, haren hitzekin esatearren.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Osakidetzako langile bat Txagorritxuko laborategi batean lanean. ©Gorka Rubio, Foku

Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du Osakidetzak arriskuan jarri dituela langileak

Ainhoa Larretxea Agirre

ESK sindikatuak aurkeztu zuen salaketa, eta ekainaren 16an egin zuten epaiketa. Sindikatuak Nekane Murga Osasun sailburuaren eta Osakidetzako zuzendaritzaren dimisioa eskatu du. 

Jendea paseoan, konfinamendua arintzeko lehen fasean. ©JON URBE/ FOKU

Jaurlaritzak ziurtatu du COVID-19aren agerraldiak «kontrolatuta» daudela

Irati Urdalleta Lete

Beste hamalau positibo eta hiru hildako daude. Jaurlaritzak pentsatu du neurriak areagotuko dituela jende pilaketak «mantenduz eta orokortuz» gero

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna