Albistea entzun

Jaiotza tasaren jaitsiera. Hezkuntza

Gelak hustea, aukera ala arazo?

Jaiotza tasaren jaitsiera hezkuntzan eragiten ari da. Oraingoz, maila baxuenetan sumatzen dute ume falta: 2013-2014ko ikasturtetik, Hegoaldeko ikastetxeetan ikasleen %16 galdu dituzte Haur Hezkuntzan. Hezkuntza eragileek uste dute aukera bat dela, esaterako, ikasleei arreta pertsonalagoa emateko.

Bi haur Aginagako eskola txikian, artxiboko irudian.
Bi haur Aginagako eskola txikian, artxiboko irudian. A.C. / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2021eko urriak 14

Gero eta haur gutxiago jaiotzen dira Euskal Herrian; beraz, gero eta ikasle gutxiago daude. Hau da, jaiotza tasaren jaitsiera zuzen-zuzenean eragiten ari da hezkuntzan. Horrekin zer egin erabakitzea da erronka: etor litezke ikasgelen eta ikastetxeen itxierak —Bilboko Hijas de la Cruz, adibidez—, baina izan liteke aukera bat ratioak jaisteko edo baliabideak beste proiektu batzuetara bideratzeko. Finean, itxuraz arazo bat dena bihur liteke hezkuntza hobetzeko tresna.

Ikusi gehiago: Izurriak eragin arren, jaiotza tasa ohiko joerara itzuli da berriro

Galera bistakoa da. Espainiako Gobernuko Hezkuntza Ministerioaren datuen arabera, 2019-2020ko ikasturtean goia jo—2001-2002tik handitzen ari zen ikasle kopurua—, eta gainbehera hasi zen. Ikasturte batetik bestera —2020-2021eko datuak dira eskura dauden azkenak—, unibertsitatera arteko ikasleen %1,2 galdu dituzte Hego Euskal Herriko ikastetxeek. Itunpekoetan zertxobait gehiago eragin du jaitsierak: ikasleen %1,5 galdu dituzte; publikoek, berriz, %1. Hasi berri den ikasturtean ere nabari da galera: aurreko ikasturtean baino 3.000 ikasle gutxiago matrikulatu dira, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera.

Ume txikienen ikasgeletan nabari da jaitsiera, batez ere: lehenagotik eta azkarrago ari dira husten. Hezkuntza Ministerioaren datuek hala erakusten dute: 2013-2014ko ikasturtean ikasle kopurua apaltzen hasi zenetik, umeen %16 galdu dituzte HH Haur Hezkuntzan. Beste era batera esanda: hogei ikasleko gela batean, hamazazpi geratuko lirateke. Azken ikasturteko galera esanguratsua da: ikasleen %7,6 galdu dituzte. Maila honetan ere, galera handixeagoa da eskola itunpekoetan edo pribatuetan publikoetan baino: %15,3 eta %16,8, hurrenez hurren. Egoera kezkagarria da: 2004-2005eko ikasturtetik ez dira hain haur gutxi egon.

Pixkanaka, jaiotza tasaren jaitsiera maila altuagoetan ere nabaritzen ari dira. LH Lehen Hezkuntzan, 2018-2019ko ikasturtetik ari dira jaitsiera sumatzen; ikasleen %1,7 galdu dituzte ordutik. Eskola publikoek ikasleen %1,1 galdu dituzte; itunpekoek eta pribatuek, berriz, %2,5.

Jaiotza tasa baxuaren eragina oraindik ez da iritsi DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara. Kontrakoa: azken hamar ikasturteetan, %22,3 igo da matrikula kopurua Hego Euskal Herriko eskoletan; azken bost ikasturteetan, %9,5. Baina denbora kontua da gaur maila baxuagoetan dauden ikasleak DBHra edo Batxilergora iristea.

Bestelako datu adierazgarri batzuk ere eman dituzte. Nafarroan, esaterako, 3 urteko umeak eskolatzeko 306 ikasgela zituzten 2019-2020an. Ordutik jaisten ari da kopurua: 2021-2022an, 276 dituzte; hau da, %9,8 gutxiago. Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara begira jarrita, ikus daiteke eskolak gero eta txikiagoak direla: 150 ikasle baino gutxiago hartzen zituzten Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 113 ikastetxe zeuden 2016-2017ko ikasturtean, eta 135 2020-2021ean; hau da, %19,5 gehiago. Aurkakoa gertatu da 500 ikasle baino gehiagoko dituztenekin: 142 ziren lehen, eta 116 dira orain; hau da, %18,3 gutxiago dira.

Ipar Euskal Herriari dagokionez, ez dago matrikulazioaren datu zehatzik. Pirinio Atlantikoetako Departamentuko datuak soilik daude eskura. Horiek ere antzeko joera erakusten dute: 2018-2019ko ikasturtetik nabari da jaitsiera; zehazki, %2,6 ikasle gutxiago daude matrikulatuta.

Horixe da egoeraren argazkia. Eta aurrera begira, zer? Aurreikuspenak eginak dituzte. ISEI irakats sistema ebaluatzeko eta ikertzeko erakundeak, Eustaten datuetan oinarrituta, espero du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan HHko matrikulazioa ia beste %11,9 jaistea 2030erako. LHn jaitsiera bortitzagoa izango dute: %15,1ekoa. Eta, 2024ra arte igotzen jarraitzea espero badute ere, 2030erako ikasle falta nabarituko dute DBHn ere: %4,2 ikasle gutxiago izango dituzte. Nafarroak, berriz, 14 urtetik beherako biztanleria zenbatekoa izango den kalkulatu du: 2010etik 2020ra batez beste herritarren %15,5 izan dira; 2035ean, %13,6 izango dira.

Beraz, datuak ikusita, argi dago jaiotze tasaren jaitsierak eragin zuzena duela hezkuntzan. Hori horrela, datozen urteetako erronketako bat izango da. BERRIAk eskatu arren, ez dute galderarik erantzun nahi izan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak. Hezkuntzako eragileek, berriz, hartu dute hitza, esaterako Ikastolen Elkarteak. Jose Luis Sukia zuzendari nagusiak «ikastoletan eta leku guztietan» sumatzen du haurren falta: «Nabari da jaiotza kopurua jaitsi dela, eta horri gehitu behar diogu momentu honetan COVID-19a izaten ari den eragina. Batez ere 2 urteko geletan familia batzuek erabaki dute momentuz etxean mantentzea seme-alabak». Azken bi urteetan izan da«jaitsiera nabarmenena»: «Aurreko urteetan gutxi gorabehera urtean 200, 300 edo 400 ikasle gutxiago baldin baziren, azken bi urte hauetan urtero-urtero 1.500 ikasletik gorakoa izan da jaitsiera». Sukiak ez du ikusten eskualde edo tamaina jakin bateko ikastolei bereziki eragiten dionik: «Eragina handiagoa da ikastola handienetan, baina orokorra da».

Gutxi asko denean

Eta asko dituenak batzuk galtzea arazo izan liteke, baina zer esanik ez lehendik gutxi dituenak galtzen baditu. Horixe da eskola txikien kasua. Egun, 54 eskola txiki daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Irailera arte, Mikel Goñi ibili da ikastetxe horietako irakasleen koordinatzaile lanetan, Berritzegune Nagusian. Gainera, Goñik azken hamar urteetako eskola txikietako matrikula datuak aztertu ditu, eta datozen urteetan izan dezakeen eragina ikusi: %20 inguruko jaitsiera egongo da, haren hitzetan. Eta horrek ondorioak utziko ditu talde kopuruan: «Eskola batzuetan, aldaketa handiak egongo dira taldekatzeei begira; beste batzuetan, oso txikiak». Adibide bat eman du: «40tik 55 ikaslera lau edo bost taldeko eskola bat izan liteke. Eskola batzuk bost taldekoak dira, eta hortxe daude, 55-60 ikasle ingururekin. Joera horrek erakusten du gutxi gorabehera datozen hamar urteetan talde bat galduko dutela».

Goñiren irudiko, ikasleen galera «ziklikoa» izaten da eskola txikietan; hau da, herriak biztanle gehiago izan ahala, haur gehiago egoten dira eskolan, baina «nahi eta nahi ez» momenturen batean jaitsi egiten da. Hala erakutsi dio esperientziak: «Adibidez, Alkiza (Gipuzkoa) oso kasu esanguratsua izan da: igoz joan da, baina jaitsiera prozesu nabarmenean dago. Berdin geratu da Aizarnarekin (Zestoa, Gipuzkoa): gorantz joan da, oraindik gorantz doala ematen du, baina halako batean jaitsi beharko du, dudarik gabe, bere errealitate naturaletik kanpo bezala dagoelako». Halere, ziurtatu duenez, gaur-gaurkoz, ez dago ikastetxerik ixteko zorian: «Nik behintzat ez dut kezkarik eskolak ixteko; kontrakoa ikusten dut, mantentzearen aldeko apustua dagoela».

Datuek argi erakusten dute Euskal Herriko ikastetxeetan gero eta ikasle gutxiago daudela. Zuzenean eragiten dio horrek irakasleen jardunari —edo jardun ezinari—. Steilas da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sare publikoko irakasleen artean ordezkaritzarik handiena duen sindikatua. Hurrengo urteetarako aurreikuspenak «kezkagarriak» direla nabarmendu du Nagore Iturrioz kideak. Ikastetxe pribatuetan «ixteko beldurra» nabaritu du; eskola publikoak ixtea, berriz, ez dute onartuko: «Momentuz, ez da ikastetxe publikorik itxi, eta ez dugu onartuko ixtea». Osorik ez, baina eskola publikoetan ere itxi dituzte ikasgelak. Kasu horietan, behin-behinean dauden irakasleen kalterako izan dela azaldu du Iturriozek: «Lerro bat ixten denean, normalean, ordezkoak mugitzen dituzte».

Dena ez da beltza

Galerak bistakoak dira, baina ikasleak urritzea izan liteke aukera ere: bestelako metodologia batzuk probatzekoa edo ikasleei arta pertsonalagoa emateko, adibidez. Hala uste du Goñik, «gozotik» ere baduela egoerak: « Herri eskola asko pasatuko dira geletan adin aniztasuna edukitzera». Horrek eskola txikiei «bide bat» irekitzen dielakoan dago: «Eskola txikiei beste bide bat irekitzen digu, beste ate bat taldea handitzeko, taldea indartzeko eta elkarrengandik gehiago ikasteko».

Eskola txikiek berezko duten arreta pertsonala beste ikastetxe batzuetara bideratzeko garaia ere izan liteke. Sukiak ildo horretatik jo du, eta eskatu du ikasgela bakoitzean irakasle bat baino gehiago jartzeko: «Gero eta gehiagotan esaten ari gara ikaslea dela irakaskuntza prozesuaren zentroa, eta zentro hori mantendu nahi badugu, ikasle bakoitzak arreta handiagoa behar du. Horretarako, irakasle gehiago behar dira». Iturriozek ikasgeletako ratioak jaistea defendatu du: «Pandemia garaian ere jaitsi ez diren ratioak jaitsi behar dira; hori onura bat litzateke hezkuntzarako». Beste hainbat proposamen ere egin ditu, esaterako, gela bakoitzean bi tutore jartzea eta baliabide gehigarriak ipintzea euskaren eta aniztasunaren erronkei erantzuteko. «Gure sindikatuak argi dauka ikastetxeetan irakasle guztiak mantentzeko eta oraindik gehiago izateko lana badagoela, zerbitzua hobetuz, eta betidanik eskatu ditugun baliabideak jarriz».

Orain, erabakigarria izango da administrazioak hartzen duen rola. Sukiak azaldu duenez, orain mahai gainean daukate hurrengo sei urteetarako planifikazioa; hau da, zentro bakoitzak zenbat ikasgela izango dituen adostu behar dute. « Jaiotza kopuruaren jaitsierak badu eraginik; kontziente da administrazioa horretaz, eta ikasturte honetan hasiko gara horretaz hitz egiten, bai Nafarroako Gobernuarekin, bai Eusko Jaurlaritzarekin». Adierazi duenez, «printzipioz» ez dituzte ikusten eurek planteatutakoaren aurka. Ipar Euskal Herrian, berriz, desberdina dela azaldu du, urtez urte negoziatzen dutela irakasle kopurua, matrikulazioaren arabera.

Iturriozek, berriz, «hitz asko eta ekintza gutxi» ikusten ditu administrazioaren aldetik. Baliabideak mantenduko dituztela agindu dietela esan du, baina ziurtatu errealitatean ez dutela hartzen horretarako neurririk. Adibidez, ratioak jaistearekiko «guztiz blindatuta» daudela iruditzen zaio. «Ez dugu ikusi errealitate honi aurre egiteko euskal eskola publikoaren etorkizuna babestuko duenik». Azaldu du nola baby boom garaian PSOEk ikastetxeak itundu zituen, ikastetxe publikoetan haur guztientzako lekurik ez zegoelako; orain, ikasle faltan, ikastetxe publikoak defendatzeko eskatu du: «Salbuespen egoera bukatu da; orduan, neurriak ezabatu egingo dira edo zerbitzu publikoaren kalterako izango da jaiotza tasaren apaltze hori?».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Papresa enpresaren paper fabrika, Errenterian. ©ARKAITZ ANZA

Paper hondakinak pirolisiz eta errekuntzaz deuseztatu nahi dituzte Bergaran

Imanol Magro - Eizmendi Iñaki Petxarroman

Urtean 155.000 tona hartuko lituzke, eta Euskadiko Paperaren Klusterra du sustatzaile. Zaldibarrek hondakin horietarako utzitako hutsunea estali nahi du proiektuak. Hirigintza baimena lortuta, ingurumen tramitazioa hasi dute

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Inpaktu handiko proiektuetan ari dira euskal enpresak»

Juanma Gallego

OMAL Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiak Mexikon eta Kolonbian euskal enpresek darabilten jokabidea aztertu du, eta ondorioztatu du praktika asko aldarazi behar direla haien jardunean.
Hitzarmen berrituaren sinatzaileak, atzo, Bergaran. ©UEMA

Uemako herrietan euskara lehenesteko konpromisora batu da Bankoa Abanca

Julen Aperribai

Laboral Kutxak eta Kutxabankek Uemarekin egindako akordiora batu da finantza erakundea. 44 herritako finantza bulegoetan aplikatuko dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Irati Urdalleta Lete

Informazio osagarria

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.