Albistea entzun

Udal eta foru hauteskundeak. Katalunia

Moncloarako jauzi baten bila

Gorteetarako bozei begira, toki garrantzitsu bat lortu nahi du PPk, PSOE ahul dagoela irudikatzeko. Ciudadanos irentsi arren, toki gehienetan Vox beharko duela diote inkestek
Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentea, joan den ostiralean, Alacanten, Espainiako udal hauteskundeetarako kanpaina ekitaldi batean.
Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentea, joan den ostiralean, Alacanten, Espainiako udal hauteskundeetarako kanpaina ekitaldi batean. MORELL / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Berasategi Otamendi -

2023ko maiatzak 28

Geruza askotako lehia politikoa izango da gaurkoa Espainian: batetik, udalen osaera erabakiko dute herritarrek; bestetik, 11 erkidegotako parlamentu autonomikoen osaera hautatuko dute, eta, horrez gain, jokoan izango da alderdi politikoek zenbateko bultzadarekin hasiko duten Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako bidea —abenduan egingo dira beranduenez—. PPren helburua da azken hiru urteetan lortu dituen garaipenen ildo beretik segitzea —Galizia (2020), Madril (2021), Andaluzia (2022) eta Gaztela eta Leon (2022)—. PSOE gain behera dagoela irudikatu nahiko luke emaitza on batzuekin, baina, horretarako, beharrezkoa du sozialistei pisuzko erakunde bat kentzea. PSOEren xedea, berriz, 2019ko udal bozetan lortu zuen arrakastari ahal bezainbeste eustea da, eta PPren igoeraren aurrean sendo agertzea. Lehenengo hauteskunde norgehiagoka izango da gaurkoa Pedro Sanchezen eta Alberto Nuñez Feijooren artean, zeharka bada ere, biek izan baitute protagonismo handia kanpainan.

PSOE nagusi da udal eta autonomia mailan, PPk 2019an izan zituen emaitza kaxkarrei esker. Sozialistak agintean daude gaur jokoan diren 11 erkidegotako bederatzitan: Asturiasen, Gaztela-Mantxan eta Extremaduran bera bakarrik, eta koalizio gobernuan Aragoin, Kanarietan, Valentzian, Balearretan eta Errioxan. PPk Madrilen eta Murtzian agintzen du, eta ez du horietan agintzen jarraitzeko arazorik izango, ezusteko handirik ez bada.

Botoak zenbatu ondoren, eta irabazleak irabazle, ezker-eskuin blokeen logikak erabakiko du zer nolako gobernuak eratuko diren erakunde nagusietan, eta akordioak egiteko gaitasuna emaitza onak lortzea bezain garrantzitsua izango da.

PSOEk Unidas Podemosen babesa beharko du askotan, eta beste ezkerreko indar batzuekin, abertzaleekin edo erregionalistenekin formula zabalagoak lortu beharko ditu beste zenbaitetan. Inkestek, baina, beheranzko joera iragarri diote Unidas Posemosi, eta haren emaitza erabakigarria izango da ezkerreko gobernuak osatu ahal izateko.

PPk akordiotarako aliatu posible bakarra du ia: Vox eskuin muturreko indarra. Ciudadanos hondoratu egingo dela diote inkestek, eta bizirauteko ahaleginak egin beharko ditu, udal eta parlamentu autonomiko gehienetatik desagertuko baita, iragarpenen arabera. Alderdi horren botoak irentsiko ditu PPk. Ciudadanosen botoei esker, popularrak gehiengo osoa lortzeko aukerak dituzte Madrilgo Erkidegoan eta udalean, esaterako; baina kasu gehienetan ezinbestekoa izango zaie Voxen babesa, iaz Gaztela eta Leonen gertatu zitzaien bezala.

Voxek ohartarazi du agintea partekatzeko exijituko diola PPri bere babesa behar duen erakundeetan. Beraz, PPk erabaki beharko du. Voxi botererako atea toki gehiagotan irekiz gero, Feijook zailagoa izango du bere burua moderatu gisa aurkeztea, baina inor gutxik espero du Gaztela eta Leongo formula alboratzea.

Emaitzak giltzarri izango dira Podemosen etorkizunerako ere. PSOEtik ezkerrerako eremu politikoa batzeko ahaleginean ari da Yolanda Diaz Espainiako presidenteordea, Sumar plataformarekin, baina Podemosek ez du harekin bat egin oraindik, alderdiak batura horretan jokatu beharko lukeen rolari buruzko desadostasunengatik. Udal bozetako emaitzek indartu edo ahuldu egingo dute Sumarrekin izango dituen negoziazioei begira.

Gorteetarako hauteskundeen logikatik begiratuta, Valentziako Erkidegoan jokatuko da gaur ezkerraren eta eskuinaren arteko lehiarik garrantzitsuena. Hura eskuratzea litzateke PPk PSOEri eman ahalko liokeen kolperik handiena. Inkesten batez bestekoak aulki bakarreko aldea iragarri dute PPren eta Voxen baturaren (50), eta PSOEk, Compromisek eta Unidas Podemosek lortuko lituzketen parlamentarien artean (49).

Katalunia eta Galizia

Katalunian, lehen hauteskundeak izango dira gaurkoak Esquerra Republicanak (ERC) eta Junts Per Catalunyak (JxC) koalizio gobernua apurtu zutenetik. ERCk Bartzelonako metropolian eskura ditzake lorpenik garrantzitsuenak, eta inkestek diote JxCk Bartzelonako alkatetza eskuratzeko aukerak dituela Xavier Triasen hautagaitzarekin. PSCk gehien bozkaturiko alderdia izateko helburua du, eta Bartzelonako, Lleidako eta Tarragonako alkatetzak lortzeko lehian izango da.

Galizian, zeresan handia izango dute gobernu itunek. PSOEk BNG Bloke Nazionalista Galiziarra beharko du kide Coruñan, Lugon eta Santiagon alkatetzari eusteko; eta alderantziz, BNGk PSOEren babesa beharko du Pontevedran agintzen jarraitzeko. Inkestek ziurtzat jotzen dute Vigon PSOEren gehiengo osoa.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Epaitegiaren aurrean egindako elkarretaratzea. ©Oskar Matxin Edesa / Foku

Fiskalak urtebetera jaitsi du zigor eskaera 'Leioako bosten' kontrako epaiketan

Gotzon Hermosilla

Orotara, ia berrogei urteko espetxe zigorra eta 45.000 euroren isunak eskatzen zituen lehen. Bost gazteek akusazioak onartu dituzte. Seigarrenaren kontrako akusazioa erretiratu du fiskaltzak.

Mertxe Aizpurua, gaur, Espainiako Diputatuen Kongresuan. ©JUAN CARLOS HIGALDO / EFE

EH Bilduk eta EAJk nazio auziari heldu diote Feijooren inbestidura zapuztuan

Mikel Elkoroberezibar Beloki

PPko presidentegaiak aldeko 172 boto jaso ditu, eta aurkako 178. Ostiralean bozkatuko dute berriz. EH Bilduk «agenda plurinazionalari» eman dio lehentasuna, eta EAJk esan du «Euskadi estatuan egokitzeko modua» bilatu behar dela.

Tindaketa faxisten kontrako manifestazioa, Kanbon ©Guilaume Fauveau

Baionan eskuorri faxista bat banatu dutela salatu dute

Oihana Teyseyre Koskarat

Musulmanen eta arabiarren kontrako mehatxu bortitzak irakur daitezke paper horretan; are gehiago, Baionako okindegi baten kontra egin dute langile batek beloa duelako. Besteak beste, Etorkinekin federazioak, EH Baik eta LAB sindikatuak salatu dute gertatutakoa.

Noain ©Iñigo Uriz / Foku

Nafarroako 77 kontzejutan ere hauteskundeak egingo dituzte azaroaren 26an

Joxerra Senar

Nafarroako Gobernuak sinatu du deialdia, maiatzaren 28an ez zelako hautagairik aurkeztu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...