Nekane Balluerka. Euskadi Ikerketa sariaren irabazlea

«Emakumeen talentu asko galtzen ari da gehiegizko lehiaren ondorioz»

Psikologia eta elebitasuna uztartuz abiatu zuen bere ikerketa ibilbidea, eta ebaluazio psikologikoetarako testak aztertzen eta hobetzen jardun du batez ere. Etikaz egindako zientzia defendatu du, unibertsitate publiko sendo bat oinarrian duena.

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2022ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Urte eta erdi igaro da EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen kargua utzi zuenetik, baina asteon lerroburuetara itzuli da Nekane Balluerka (Ordizia, Gipuzkoa, 1966), Euskadi Ikerketa saria jaso baitu. Psikologoa da, Portaeraren Zientzietako Metodologien arloko katedraduna. «Izugarrizko pozez» jaso du saria, baina argi utzi du aitortza ez dela beretzat bakarrik: «Talde lana da hau».

Ebaluazio psikologikoetarako metodologiak aztertzen eta hobetzen jardun zara zure ikerketa ibilbidean. Hasieran, hizkuntzari erreparatu zenion, elebitasunari. Zein izan zen abiapuntua?

Xabier Isasi adiskidearen bidez jakin nuen hainbat haur euskalduni gazteleraz egiten zizkietela ebaluazioak, hizkuntza menderatu ez arren; beraz, ez genekien emaitzak zuzenak ote ziren. Arizonako Unibertsitateko katedradun batek adierazi zidan kezka bera zuela latinoekin, ingelesez ebaluatzen zituztenekin. Hor hasi ginen aztertzen zer metodologia erabili behar den test egokiak eraikitzeko edo kultura batzuetatik besteetara egokitzeko. Orain euskarara egokitzen ari gara funtzionamendu intelektuala neurtzen duen test bat, Berritzegune guztietan erabiltzen dena. Lan eskerga da, prozesu luzea.

Hortaz, testak ez egokitzeak berekin ekar dezake ume euskaldunak diskriminatzea?

Hori da. Eta beste aldagai batzuetan ere gertatzen da: emakumeekin, kultura, nazionalitate edo etnia batzuekin, gaitz batzuekin... Testak egokitzean metodologia auziak kontuan hartu ezean, diagnostiko okerrak egin daitezke, eta horrek ondorio negatiboak izan ditzake. Adibidez: matematika gaitasuna neurtzeko test batean bi ideia sartzen badira, arreta gabezia duten umeentzat oztopo izan daiteke, eta ezkutatu egin dezake egiazko gaitasuna.

Orain alzheimerrari aurrea hartzeko ikerketa batean zabiltza. Zer ekar dezake?

Proiektu handi bat da, bizi kalitatea hobe dezaketen ohiturak bultzatzean oinarrituta. Hainbat erakunde ari gara, bakoitza bere eremutik: arlo kognitiboa, elikadura, ariketa fisikoa, bihotz osasuna... Qualikerren, nire ikerketa taldean, eremu sozioemozionala lantzen ari gara, depresioa, nahi gabeko bakardadea edo antsietatea saihesteko, taldeetan integra daitezen sustatzeko... Suediako Karolinska institutuan antzeko programa multimodal bat egin zuten, eta ondorioztatu zuten dementzia izateko arriskua dutenengan halako prebentzio programek atzeratu egin zutela alzheimerra garatzeko arriskua. Beraz, bada itxaropen pixka bat.

Gazteen buru osasuna ere jorratu izan duzu; hain justu, pandemiak utzitako kezka handietako bat da. Zer ikusten ari zarete?

Ikerketa bat egin genuen konfinamenduan, eta ikusi genuen itxaropenik eza, tristura, etorkizunarekiko kezka eta halako adierazleak nabarmen areagotu zirela 18 eta 25 urtekoen artean. Gazteek asko sufritu zuten. Egun, AEBetako lagin bat hemengo datuekin konparatu nahian gabiltza, ikusten ari baikara substantzien eta alkoholaren kontsumoak, loaren asaldurek eta elikadura nahasteek okerrera egin dutela.

Gizartean nabaritzen diren haserrea eta polarizazioa ohikoak dira halako bizipen gogorren ostean?

Pandemia luzatzen den neurrian, eta horrekin batera gerra eta krisi ekonomikoa, haserrea eta polarizaziorako arriskua areagotuko dira. Ikerketetan hainbat gomendio eman genituen. Batetik, informaziorako gehiegizko esposizioa dugu, eta min egiten ari zaigu; hori kudeatzen lagundu behar genuke. Eta, bestetik, gure ongizatea zaintzeko, babes soziala ezinbestekoa da; informazio kanpainak martxan jarri behar lirateke jendeak jakin dezan noiz dagoen gaizki, zer seinalek adierazten duten laguntza behar duela. Eta horrelako egoerek irauten duten bitartean, psikologo askoz gehiago behar lirateke osasun publikoan; pandemian premia hori azaleratu da, baina aurrez ere bazegoen.

Zure ikerketa bidea ekitatearekin lotu du epaimahaiak. Zientziak etika behar du?

Zalantzarik gabe: nik ez dut zientzia ulertzen etikarik gabe. Eta zientziak beti onura ekarri behar du, gizartearen ongizatea. Metodologia garrantzitsua da hor: maila anitzeko analisiak egitea, fenomenoak ondo ulertzeko eta konponbideak topatzeko.

2019ra arte, zure ezagutza esparruko emakumezko katedradun bakarra izan zinen EHUn. Maiz aipatzen dira andreek akademian dituzten zailtasunak, baina zein antzeman dituzu zuk?

Seme-alabak izan nahi dituztenentzat, une batetik aurrera oso zaila da goi mailan mantentzea, batez ere ikerketan, hori baloratzen baita gehien. Erritmo horretan jarraitzeko, gauza batzuei uko egin behar diezu, edo laguntza eduki behar duzu. Iruditzen zait gizonek ez dutela hala planteatzen: adibidez, gehienak familiarekin joaten dira kanpo egonaldietara; ni bakarrik joan nintzen AEBetara, eta nire senarra arduratu zen gure alabez hemen. Baina halako sare afektiborik gabe ez duzu urratsa egiten, eta zalantza hori gizon gutxik dute. Bestalde, lehiakortasun izugarria dago unibertsitatean, eta gizonak erosoago daude giro horretan. Emakumeen talentu asko galtzen ari da gehiegizko lehiaren ondorioz.

EHUko errektore gisa ere lehen emakumea izan zinen. Pisutsua izan da emakumea izatea?

Nire izaeragatik, pisutsuagoa izan zen erantzukizun izugarri haren aurrean perfekzionista izatea. Emakumea izatea zama da, ez duzulako nahi inork esatea emakume batek okerrago egiten duela; baina harro egoteko zerbait ere izan da niretzat.

Sentsazioa da halako postuetara iristen diren emakumeei bikaintasuna eskatzen zaiela, eta gizonei, ez hainbeste.

Estereotipoek min handia egiten digute: segurtasun gutxiago dugu, gizartean erreferenteak maskulinoak izan dira, uste dugu ez garela gai izango haien moduan egiteko... Estereotipo horiek apurtu egin behar dira.

Unibertsitate publikoaren garrantzia aldarrikatu izan duzu. Ikerketa sistema sendo bat izateko ere bai?

Bai. Gure herrian EHUk egiten du ikerketaren %60-65. Gainera, unibertsitate publiko bezala, gizarteari zor dio bere ikerketa lerroek inguruari onura egitea. Beraz, ikerketan indartsua den unibertsitate publiko bat gizarte baten garapenerako elementu nagusietako bat da.

Eta gihar ona dago EHUn?

Ondo gihartuta dago, baina oso garrantzitsua da finantzaketan egonkortasuna izatea, eta, horrekin batera, malgutasuna: unibertsitate pribatuek dirua gastatzeko duten malgutasuna EHUk ere edukiko balu, emaitzak askoz hobeak lirateke. Ez naiz esaten ari ez digutenik gastua kontrolatu behar, baina administrazio publiko zorrotzen funtzionamenduak min handia egiten dio ikerketari.

Beti esaten da ikerketan diru gehiago behar dela. Zein da zure diagnostikoa?

[Pedro Miguel] Etxenikek bultzada handia eman zion ikerketari, eta Eusko Jaurlaritzak mantendu egin du esfortzu hori. Nire ustez, finantzaketa pixka bat handitu behar litzateke, Europako herri indartsuenetara hurbiltzeko. Baina diruaz gain, badaude ikerketarako onak diren beste elementu batzuk ere. Adibidez, gizarteak jakitea zer egiten dugun zientzialariok; EHU munduko %1,5 unibertsitate onenen artean dago, baina soilik herritarren %7k dakite ikerketa egiten dugula.

Eta enpresek zer rol dute hor? Ikerketen finantzaketarako atea ireki baitzaie.

Suitzan, adibidez, oinarrizko ikerketa unibertsitateek egiten dute, baina ikerketa aplikatua enpresetan egiten da, unibertsitateekiko lankidetzan. Nire ustez, herriarentzat ona da enpresak unibertsitateko ezagutzarekin indartzea. Nik kolaborazio publiko-pribatu hori defendatzen dut, ikerketa aplikatuan, eta ongizatea bilatzeko bada. Izan ere, kolaborazio publiko-pribatua ez da soilik enpresekin egiten, baizik eta GKEekin, elkarteekin... Diskurtsoa ere aldatuko nuke: guk ez dugu egokitu behar enpresaren premietara, baizik eta gai izan behar dugu enpresa eraldatzeko.

Euskarak zer etorkizun du ikerketa mundu lehiakor horretan?

Ikerketan, argitalpen gehienak ingelesez egiten dira; ez gaztelaniaz, italieraz edo frantsesez. Azken batean, ikertzaileek nahi dute beren lanak mundu global honetan zabaltzea. Dena den, oso garrantzitsua da argitalpen batzuk euskaraz egitea, dibulgazioan, aldizkarietan edo testuliburuetan, batez ere terminologia zientifikoa euskaraz berritzeko; joera horiek osasuntsu mantendu behar dira.

Euskal Unibertsitate Sistema deiturikoan zentro pribatuak ere sartu ditu Jaurlaritzak. EHUren izaera publikoaren garrantzia lausotu dezake horrek?

Espero dut ezetz. Nire ustez, herri batek aurrera egingo du bere unibertsitate publikoa indartsua bada, ongizatea sustatzen badu eta bere betebeharretarako finantzaketa nahikoa badauka. Unibertsitate publikoa da hor motorra: herri honetan ez dugu behar unibertsitate pribatu gehiago.

Bada, justu aste honetan eman diote baimena Euneizi.

Bere garaian aurkako txostena egin nuen, ez zituelako betetzen unibertsitateek izan beharreko baldintzak. Gainera, titulazio nagusiak hirukoiztuko ditu. EHUk jada baditu Gorputz Heziketa eta Fisioterapia, eta Deustuko Unibertsitateak ere bai. Eskaintza nahikoa dago: ez du zentzurik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.