Jaurlaritzarekin aritzeko asmoa

Nafarroako Gobernuak lankidetza iragarri du, «konstituzioaren barruan» garatzen bada

Javier Remirez, abuztuan. J.DIGES / EFE.
enekoitz esnaola
2019ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Javier Remirez Nafarroako Gobenuko presidenteordeak iragarri du Eusko Jaurlaritzarekin «erabat harreman normalizatua» izango dutela, lankidetza mota hori ere «errespetu instituzionalean eta [Espainiako] konstituzioaren barruan» garatzen baldin bada. «Ongi etorria» izango da, Radio Euskadiko elkarrizketa batean adierazi duenez. Horrez gain, oraindik egunik eman gabe, iragarri du aurki bilduko direla Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria. Hain zuzen, PSOE eta EAJ Hego Euskal Herriko bi erkidegoetako gobernuetan daude —Nafarroan EAJ, Geroa Bai koalizioaren barruan—.

2016ko maiatzean, Uxue Barkos Nafarroako lehendakariak eta Urkulluk bi gobernuen arteko lankidetza eta «harremanen normalizaziorako» hitzarmena sinatu zuten. Hiru hilabete lehenago, Nafarroa berriz ere euroeskualdean sartu zen —Akitania Berriko eta EAE dira beste bi kideak—.

Txibitek duela hilabete hartu zuen lehendakari kargua, eta Remirezek esan du aste hauetan haren lehentasuntzat izan duela Nafarroako eragile sozialekin eta instituzionalekin bilerak egitea, eta orain hasiko dela beste erkidegoekin hartu-emanak izaten. Azaldu du Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak «interes bereko gaiak» dituztela, eta gaineratu du ondoko beste erkidegoekin ere lankidetzan aritzeko asmoa daukatela —Errioxarekin eta Aragoirekin—. «Harremana sakonduko dugu, herritarren intereserako delako», esan du Lehendakaritza, Barne eta Funtzio Publikoko kontseilariak. «Adibide baterako, G7koen gailurra zela-eta ni neu Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuarekin egon nintzen».

Mendiaren aurkezpenera

Txibite hilaren 17an Bilbon izango da, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiaren liburuaren aurkezpenean. 2014an EAEko alderdi sozialistaren ardura postura iritsi zenetik egindako zenbait hitzaldi eta artikulu bildu ditu Mendiak Construir para convivir (Elkarrekin bizitzeko eraiki) liburuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.