Josep Gonzalez-Cambray. Kataluniako Hezkuntza kontseilaria

«Adostasun politiko, sozial eta pedagogiko ahalik eta handiena behar dugu»

Gonzalez-Cambrayk «zentzugabekeria pedagogiko hutstzat» jo du Kataluniako Auzitegi Nagusiak murgiltze ereduaren kontra harturiko erabakia: «Argi daukagu hizkuntza bat ikastea ez dela ehunekoen kontu bat».

DANI CODINA.
Carme Porta.
Bartzelona
2022ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Josep Gonzalez-Cambray (Lleida, Katalunia, 1972) Generalitateko Hezkuntza kontseilaria da, eta erronka bati ekin beharrean dabil: nola izkin egin murgiltze linguistikoaren sententziari, eta, aldi berean, nola lortu katalana bete-betean ikas dadin, komunikazio hizkuntza izanda, eta gaztelania ere ikas dadin.

Horri beste polemika batzuk gehitu behar zaizkio, irakasleen greba masiboak ekarri dituztenak. Eta ez da zalapartarik gabekoa beste itun bat ere, ikasgelan katalana erabiltzeari eta ikasteari buruzko lege berri bat ekarri duena; oraintxe, Kataluniako Estatutu Bermeen Kontseiluaren irizpenaren zain dago, gero parlamentuan onar dezaten. Azken egunotan, erakunde eta sindikatu subiranistek epaia deuseztatzeko intzidente bat aurkeztu dute Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusian. Paraleloki, PPko presidente Alberto Nuñez Feijook jakinarazi zuen inkonstituzionaltasun errekurtso bat aurkeztuko dutela.

Katalunian Hezkuntzako erronkak ezkutuan geratzen ari al dira polemiken ondorioz?

Batzuen zalaparta alde batera utzi, eta ekintzetara jo behar dugu; Hezkuntza Departamentu gisa, legealdiko aurreneko urtea bete baino lehen hasi gara murriztutakoa leheneratzen, eta hezkuntza komunitatearen eskari historikoei erantzuten ari gara. Hurrengo ikasturtera begira, berrikuntza ugari dago, eta, bat nabarmentzekotan, LHko 3. mailan ratioa murriztu izana aipatuko nuke: hezkuntza sisteman sartzean, neska-mutiko gutxiago izango dira ikasgela bakoitzean; bide baten abiaburua da, eta asmoa da urtero ratio horiek jaistea herrialdeko eskola guztietan.

Paradigma aldaketa bat prestatzen ari gara aukera berdintasunak dakartzan onura pedagogikoei dagokienez, hala nola doakotasuna ezarriz LHko 2. mailako familientzat; onura pedagogikoak ez ezik, onura sozial ugari ere ekarriko dituzte. Segregazioaren kontra egingo dugu, argi eta garbi.

Halaber, hezkuntza politikoko ekintza batzuen bitartez, ikasleak erdigunean jartzen ari gara: egutegia aurreratu egin da; mundu guztiaren ustez, neurri ona da bai ikasleentzat, udako deskonexioa mugatzen duenez gero, bai ikasturte hasiera baino lehenagoko jardueretan aritzeko aukerarik ez duten ikasle kalteberentzat.

Beste osagai garrantzitsu batzuk: ez diegu itunik berritu ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten eskolei; curriculumak hedatzen gabiltza, eta horrek lanpetuta eduki du hezkuntza komunitatea, baina sekula ez bezalako prozesu parte hartzailea izan da, eta hiru urteko epea jarri dugu, ikastetxe bakoitzak egokien irizten dion moduan ezar dezan.

Badira 30 urte Katalunian murgiltze linguistikoa ezarri zela; arrakastatsua eta eredugarria izan da, baina orain ez da behar bezala funtzionatzen ari.

Eskola bera konponbidearen parte da, baina agerikoa da gizarteko beste arlo askok ere parte hartzen dutela katalanaren erabileran. Egoera bat konpontzen hasi aurretik, egoera hori ezagutu egin behar da lehenik, eta horixe egin dugu.

Zenbait txostenetako datuetatik abiaturik, kontseilari gisa zera egin nuen lehen-lehenik: ikastetxeetan katalanaren erabilera apaldu izanari aurre egiteko, katalana bultzatzeko plan bat ezarri dugu. Nahi ez den egoera bat egokituz gero, ekitera jo behar da.

Dagoeneko baditugu 216 talde bultzatzaile, eta, hiru urteren buruan, herrialdeko 3.000 eskola eta institutuetan izango dituzte katalanaren erabilera bultzatzeko talde horiek.

Aurreikuspenen arabera, sentsibilizazio kanpainak egingo dira, ikastetxeak lanabes egokiz hornituko, eta dagokien prestakuntza emango zaie, betiere ikuskaritzak lagundurik, gero ikasgelan bete daitezen ikastetxe bakoitzeko hizkuntza proiektuak. Maisu edo maistra batek, irakasle batek, ez du aukeratzen zein hizkuntzatan eman eskola.

Kataluniako Auzitegi Nagusiaren epaia kolpe handia izan da, eta, aldi berean, segurtasunik eza ekarri du. Bide bat ezarri du?

Epai hori zentzugabekeria pedagogiko hutsa da. Pedagogo guztiok argi daukagu hizkuntza bat ikastea ez dela ehunekoen kontu bat. Zera egin behar dugu, hizkuntza mailako erantzun bat eman Katalunian lehendik egiten ari garen horri: Kataluniako eskola eredu bat ezarri ikasle guztiei bermatuko diena gaitasun guztien jabe izango direla ikaskuntza amaitutakoan, katalanez zein gaztelaniaz, eta, gero eta gehiago, baita ingelesez ere, hizkuntzak erabat menderatzeko bidean.

Hala diosku Kataluniako Hezkuntza Legeak: DBHko 4. maila amaitzean gure ikasleek ezagutza gaitasun erabatekoa izan behar dutela. Eta ehunekoez diharduen sententzia hori ikusirik, dekretu bat egin dugu Kataluniako eskola eredua indartuko duena eta gure zuzendaritzei eta irakasleei segurtasun juridikoa emango diena, ikasgelan dagokion hizkuntza proiektua ezartzeko.

Proiektu horiek, berriz, aholkularitza batez lagunduko ditugu, kontuan harturik ikastetxe bakoitzeko errealitatea eta ikasgela bakoitzeko ikaskuntza metodologia berriak, eta hori dena ikuskaritza baten bidez baliozkotuko dugu, eta segimendu bat egingo, hizkuntza proiektuak behar bezala bete daitezen ikasgelan.

Laburbildurik: katalana komunikazio hizkuntza gisa ikasgelan. Ahalik eta adostasun politiko, sozial eta pedagogikorik handiena behar dugu. Sinetsita nago urte batzuk barru katalana orain baino gehiago egongo dela ikasgeletan.

Esquerrak, JxCk, PSCk eta Catalunya en Comu-Podemek katalanaren lege berrirako parlamentuan adostutako itunari dagokionez, bada esaten duenik murgiltze linguistikoaren amaia dela epai hori aplikatzea; beste batzuek diote katalanaren egoera soziolinguistikoa hobetuko duela.

Uste dut bide horretatik jo behar dela: adostasun politikorik handieneko akordioa osatu, bertan onartu hizkuntza baten ikaskuntza ez dela ehunekoen kontu bat, eta, hortik abiaturik, katalanaren eta gaztelaniaren ikaskuntza bermatu, katalana komunikazio hizkuntza gisa hartuta.

Lanabes guztiek, hala gobernuaren dekretuak nola edozein lege aldaketak, indartu egin behar dute Kataluniako eskola eredua, eta segurtasun juridikoa bermatu ikastetxeetako hizkuntza proiektuei.

Zure ustez, ikastetxe bakoitzak nola aplikatuko du hizkuntza eredua?

Ezbairik gabe, egoerak hobera egingo du. Orain arte, ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza proiektua idazten zuen, eta gero, sarritan, hizkuntza proiektua ez zen erreala ikasgelan bertan. Orain, laguntza izango dute hizkuntza proiektua idazteko orduan, ikastetxe bakoitzeko errealitate soziolinguistiko eta metodologikora egokitua izan dadin, eta segimendu eta ebaluazio bat ere egingo zaie.

Helburu bateragarriak al dituzte Espainiako hezkuntza legeak eta Kataluniakoak?

Bai LOE Aldatzeko Lege Organikoak (LOMLOE) eta bai Kataluniako Hezkuntza Legeak gauza bera diote: DBHko 4. maila bukatzerako, hizkuntzen ikaskuntza erabatekoa izatea, gaitasuna eta ikaskuntza linguistikoa eskuratzeari dagokionez; kontua da zer interes politiko dauden horren inguruan. Epaia ez da LOEn oinarritzen, haren aurreko legean baizik.

Euskal eredua baliagarria izan al liteke Kataluniarentzat?

Berraztertzen ari diren eredu bat da, baina gureaz oso bestelakoa; ez da Kataluniarentzako eredu bat. Guk ez ditugu bereizten ikasleak hizkuntzaren arabera, eta aurrerantzean ere ez ditugu bereiziko. Bat gatoz berrikuspenak zer helburu proposatzen duen: hizkuntzen erabateko ikaskuntza; zenbat eta hizkuntza gehiago, orduan eta hobe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.