Babes eredu berria hedabideen arloan

Diru laguntzetarako sistema berria adostu dute euskarazko hedabideek eta EAEko erakundeek: gastuen %30 estaliko dute laguntzek. BERRIArekin ituna egingo du Jaurlaritzak

Erakundeetako eta Hekimen hedabide elkarteko ordezkariak, atzo. G. RUBIO / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2019ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Argazki berria, sistema berria, lan egiteko eredu berria. Euskarazko hedabideak babesteko sistema aldatu egingo dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeek, sektorearekin adostuta. Batetik, «ordenatu» egingo dituzte laguntzak, zehaztu egin baitute erakunde bakoitzak zein hedabideri lagundu behar dion; bestetik, kostuetan oinarritutako eredu bat jarriko dute martxan, eta %30 estaliko dute diru publikoarekin. Hiru urterako laguntzak ebatziko dituzte, eta urtean 10,5 milioi jarriko dituzte erakundeek, iaz baino hiru milioi gehiago. Aldaketa nabarmena da, beraz. Eta, areago, aldaketa hori egiteko modua nabarmendu dute erakundeek eta hedabideek: adostutako prozesu baten ondorio izan dela, eta euskal hedabideen jarduna «aitortzea» izan dela horren zimendua.

Donostiako Tabakaleran aurkeztu zuten akordioa, atzo. Erakundeen izenean, bertan izan ziren, besteak beste, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburua, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Diputazioko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria, Ana de Castro Bizkaiko Aldundiko Euskara zuzendaria eta Joseba Perez de Heredia Arabako Aldundiko Euskara zuzendaria. Hekimen hedabideen elkartearen aldetik, Igor Astibia elkarteko arduraduna, Iban Arregi BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria, Iban Arantzabal Tokikomeko zuzendaria eta Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendaria.

Esker oneko hitzak izan zituzten denek. Zupiriak azaldu zuenez, prozesuaren oinarria izan da erakundeek euskarazko komunikabideen jarduna «aitortzea», eta horren ondorio izan da laguntzen sistema aldatzea. Hekimeneko ordezkariek ere pisu handia eman diote urteotan guztietan egindako lana «aitortu» izanari.

Emaitza soilik ez, bidea ere goraipatu dute guztiek. «Eredugarria», Mendizabalen esanetan. Arantzabalek nabarmendu du «harreman zintzoa» izan dutela hilabeteotan, eta Arregik «ezinbesteko pausotzat» jo du egindako bidea. «Prozesu emankorra» izan da, Astibiaren ustez, «pauso garrantzitsua», baina ez egiteko dagoen bakarra. «Sektoreak baditu erronka gehiago, eta ez dira nolanahikoak: hartzaile kopurua handitzea, autofinantzaketa, publizitate publikoa, kontsumoko ohitura aldaketak...». Horietan guztietan ekiteko ere nahitaezkoa da «elkarlana», Astibiak dioenez.

ZEIN DA ABIAPUNTUA?

Legealdi berriarekin, 2017 hasieran, gogoeta prozesu bat hasi zuten Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Diputazioak eta Hekimen elkarteak. Hizkuntza Politikako Saileko arduradun berriek erakutsia zuten zalantza aurreko taldearen erabakiekin —irizpideak aldatu zituzten, eta, besteak beste, jaitsiera handia ezarri BERRIAri—. Irizpide berriekin ados ote zegoen galdetuta, hala esan zuen Miren Dobaran sailburuordeak BERRIAn: «Batzuekin bai. Beste batzuk ez dut uste uztartu daitezkeenik».

2017ko otsailean jardunaldi bat egin zuten Bilbon, Euskal hedabideak itun bila lelopean. Orduan jakinarazi zuten adostasuna lortzeko bidea hasi zutela. Aldaketa iragarri zuen Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak, Estibalitz Alkortak: «Bada garaia zubi berriak eraikitzeko; amildegi batzuk zeharkatu nahi ditugu, mesfidantzak alde batera utziz».

Harrezkero egindako bidearen emaitza da oraingoa. Gipuzkoakoa soilik ez, Bizkaiko eta Arabako diputazioak ere sartu dira. Laguntzak bideratzeko ituna sinatuko dute orain lau erakundeek —Jaurlaritzako gobernu kontseiluak onartu du jada; diputazioek bozen aurretik onartuko dute—.

ZEIN IZANGO DA BANAKETA?

Erakundeek adierazi dute bi helburu nagusi dituela sistema aldatzeak. Batetik, laguntzen banaketa «ordenatzea»: argitu egingo dute zer erakunderi dagokion hedabide bakoitza laguntzea. Jaurlaritzaren esku geratuko da hedabide nazionalak babestea, baita telebistak, irratiak eta Internet atariak ere; tokiko aldizkariak babestea aldundien gain egongo da.

Beste helburua da hedabideen «egonkortasuna» bideratzea. Horregatik, hiru urterako laguntzak ebatziko dituzte —2019, 2020 eta 2021—, urte batetik besterako gorabeherak saihesteko asmotan.

ZEIN DA LAGUNTZA EREDUA?

Orain arteko puntuazio eta lehia sistemaren aldean, beste oinarri bat hartuko dute laguntzek: hedabideen kostuen zati bat diru publikoarekin estaltzea. Zehaztu dute portzentaje bat: %30. Oinarrizko aldaketa da. Aurrekontuaren ia herena hartuko dute laguntzek, beraz, baina zatirik handiena komunikabideek eurek lortu beharko dute. Hala ohartarazi du Zupiriak: «Herri administraziook ahalegin inportantea egingo dugu, baina hedabideen esku geratzen da beren komunikazio proiektuen bideragarritasuna». Alegia, erakundeen babesa sendotuta ere, ezinbestekoa izango dela irakurleen eta BERRIAlagunen estiloko babesleen ekarpena.

ZENBAT DIRU JARRIKO DUTE?

Kostu estandarrei buruzko azterketa bat egin du Jaurlaritzak, Siadeco ikerketa elkartearen bidez: baldintza egokietan arituta, zenbateko kostua izango lukeen komunikazio proiektu bakoitzak. Horretan oinarritu dute kalkulua.

Lau erakundeen artean 10,5 milioi euro bideratuko dituzte euskarazko hedabideak sendotzera; kopuru berbera izango da hiru urtean. Iaz baino hiru milioi gehiago dira —%41eko igoera, beraz—. Eusko Jaurlaritzak jarriko du zatirik handiena: 7,9 milioi, 2018an baino %61 gehiago. Haren ardurapean geratuko diren hedabide arloez gain —nazionalak, irratiak, telebistak eta Interneteko atariak—, foru aldundiei bideratuko die diru kopuru bat, haiek tokiko aldizkarien laguntzetan erabil dezaten. Herrialdeka hartuta, Gipuzkoakoa izango da kopururik handiena: 3,1 milioi. Kontuan izatekoa da tokiko hedabide gehienak herrialde horretan daudela. Bizkaiko tokiko komunikabideentzat 0,9 milioi jarriko dituzte; Arabakoentzat, 0,2.

ZERGATIK ITUNA 'BERRIA'-K?

Hedabide guztientzat gisa berekoa izango da oinarria: %30 izatea finantzaketa publikoa. Hala ere, deialdi horretatik kanpo utziko dute BERRIA. Hedabide nazionala izanik, egindako banaketaren arabera, Jaurlaritzari dagokio laguntza ematea, eta erabaki du hiru urterako itun bat egitea, «deialdien sistematik aterata». Zupiriak adierazi du nazio mailako egunkari bakarra dela BERRIA, eta ezaugarri bereziak dauzkala. 2,3 milioi euro jasoko ditu aurten, eta zenbateko bera 2020an eta 2021ean. Era horretan, inoiz baino babes handiagoa emango dio Jaurlaritzak BERRIAri. Zehazki, iaz baino milioi bat euro handiagoa izango da laguntza: %77ko igoera.

Sistema aldatzearen ondorioa da BERRIAren finantzaketa horrela igotzea. Euskarazko hedabideen sektorean urtez urte BERRIAk izan du proportzioan laguntza publiko txikienetakoa, eta orain, %30eko finantzaketa publikoa izatea jarri dutenean oinarri, BERRIAk dauka igoera adierazgarrienetako bat. Aldaketa horrek bidea jarriko dio langileen lan baldintzak orekatzeko; izan ere, herri ekimeneko komunikabideetako batez besteko soldataren aldean, nabarmen apalagoak dira BERRIAko soldatak.

ZER PAUSO DATOZ ORAIN?

Laguntza deialdiak prestatzen ari dira erakundeak —lehen zirriborroa taxutu dute, eta Hekimenen esku utzi dute—, eta uste izatekoa da aste batzuen buruan argitaratuko dituztela deialdiak —hilabete batzuk joango dira ebazpena bera iristerako—. Hiru urterako laguntza ebatziko dute kasu guztietan.

BERRIAri dagokionez, hitzarmena lantzen ari da Jaurlaritzarekin. Kontuan izatekoa da gobernuak erretiratu egin zuela aurrekontu proiektua, gehiengorik ez zuela ikusita, eta tramiteak luzatzea dakar horrek —aurrekontu proiektuan jasota zeuden diru sailak—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.