TOKIO 2020. Alberto Munarriz. Waterpoloko jokalaria

«Jokoa hobeto interpretatzen ikasi dut bost urte hauetan»

Esperotako emaitzak lortu ez zituztenez, Alberto Munarrizek ez zuen nahi beste gozatu Rioko Olinpiar Jokoez. Oraingoan hala ez gertatzea espero du. Kirol mailan ere asebeteta bueltatu nahi du Tokiotik.

IDOIA ZABALETA / @FOKU.
ainara arratibel gascon
Tokio
2021eko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Gaur ekingo dio lehiari Alberto Munarriz waterpolo jokalariak (Iruñea, 1994). Pandemiagatik familia bertan egoterik ez izanaren pena du. «Rion izan ziren, eta esperientzia ahaztezina izan zen».

Nola ailegatu zara zure bigarren Olinpiar Jokoetara?

Argi dago urte gogorra eta arraroa izan dela guztiontzat, pandemiako neurrien presioa izan dugulako. Baina uste dut ez gaudela kexatzeko moduan, lehiatzeko aukera izan dugulako. Gainera, nire taldeak behin bakarrik egon behar izan zuen itxialdian, eta beste talde batzuen aldean gutxi izan da. Azken batean, gure lana egin ahal izan dugu. Beste batzuek ez dute izan horretarako aukerarik, eta oso egoera gogorrak bizi izan dituzte. Beraz, zorteko izan gara. Taldearekin Espainiako Liga eta Kopa irabazita, gustura amaitu dut. Arantza bakarra Txapeldunen Ligaren azken fasean geratu zait. Ez taldea, ez ni, ez ginen espero bezain ondo aritu. Baina, oro har, denboraldia ona izan da, eta horrek ematen didan konfiantzaz iritsi naiz Jokoetara. Uste dut prestakuntza ona egin dugula. Gogotsu gaude landutakoa igerilekuan erakusteko.

Duela urtebete baino hobeto zaudete?

Espero dut taldeak konfinamendu aurretik zuen sendotasuna erakustea. Izan ere, jokatu ditugun azken hiru torneoetan finalera iritsi gara, eta hori bada zerbait. Rion ez zen hala izan, eta dinamikek beti dute eragin txiki bat halako txapelketetan.

Bigarren Olinpiar Jokoak dira zuretzat. Lehengoen aldean, sentipenak desberdinak dira?

Aurretik halako txapelketa batean parte hartu izanak beti laguntzen du; lasaitasuna ematen dizu. Alde horretatik, badago aldea. Bestetik, jokalari moduan ere helduagoa eta hobea naizela uste dut. Taldearen jokoan garrantzi handiagoa dut. Nire ekarpena handiagoa dela iruditzen zait.

Jokalari hobea zarela diozu. Zertan zara hobea?

Bost urte igaro dira Riotik. Aipatu bezala, jokalari moduan helduagoa naiz, eta eskarmentu handiagoa dut. Horrek ezinbestean laguntzen dizu jokoa hobeto ikusten eta ulertzen, eta gure kirolean funtsezkoa da hori. Erabakiak oso bizkor hartu behar dira, eta jokoaren interpretazio horrek asko laguntzen dizu. Erabakiak hartzeko orduan irizpide hobeak ditudala esango nuke.

Selekzioen arteko hiru txapelketa nagusietan aritu zara:Europako Txapelketan, Munduko Txapelketan eta Olinpiar Jokoetan. Hiruren artean Olinpiar Jokoak dira berezienak?

Zalantzarik gabe: ez bakarrik duten oihartzunarengatik, kirol eta kirolari guztiak agertoki edo erakusleiho berean jartzen dituelako ere bai, eta hori oso inportantea da hainbesteko jarraipena edo ikusgarritasuna ez duten kirolentzat: gurea, adibidez. Aitortza bat da. Aukera aparta da gure kirolari beste bultzada bat emateko, eta hazten laguntzeko. Tokion gauden jokalari eta selekzio guztiek ikuskizun polit bat eskaintzen ahalegindu behar dugu. Izan ere, horrek egingo du zale berriak erakartzea eta ikusgarritasuna lortzea.

Araudi berriak zer-nolako eragina izan dezake txapelketan?Besteak beste, baloi jabetzak lehen baino hamar segundo motzagoak dira; sei metrotako falta guztiak penalti adierazten dituzte; eta atezainak zelai erdiko arrastoa igaro dezake.

Eragina izango dute, ziur. Indarrean daudenetik, etenak gutxiago dira, eta jokoa dinamikoagoa eta bizkorragoa da. Lehen, fisikoki indartsuak eta garaiak ziren taldeak edo selekzioak koska bat gorago zeuden; orain, ordea, dena gehiago parekatu da. Fisikoki ondo egon behar duzu, baina ez bakarrik indarrez, baita abiaduraz ere. Talde garai eta fisikoei gehiago kostatzen zaie orain nabarmentzea. Bizkorrek eta teknikoek, ordea, koska bat gora egin dute, eta hori selekzioen arteko lehietan ikusten da.

Zale askok Olinpiar Jokoetan deskubritzen dituzte kirol batzuk. Zergatik jarri behar du kirolzale batek telebista aurrean waterpoloko partida bat ikusteko?

Oso kirol dinamikoa delako eta, ikusten joan ahala, kateatu egiten zaituelako. Taldeko kirolak gustuko dituztenei ziur nago erakargarria egingo zaiela. Gainera, azken araudi aldaketaren ondoren, jokoa askoz biziagoa da, eta horrek erakargarriago egiten du. Ez dago aitzakiarik.

Zein balorazio egiten duzu egokitu zaizuen multzoaz?

Argi dago multzo gogorra dela: Serbia eta Kroazia, ziurrenik, Olinpiar Jokoetako selekzio indartsuenak dira, Hungariarekin batera. Bakarkako jokaldietan jokalaririk trebeenak dituzte, eta fisikoki oso gogorrak eta garaiak dira. Montenegrorekin eta Australiarekin ere adi egon beharko dugu. Montenegrok oso defentsa ona dauka, eta Australiak beti prestatzen ditu ondo halako txapelketak. Baina nik nahiago dut talde indartsuenen aurka hasieran jokatu, final-laurdenetako lehia erabakigarrian haien aurka jokatu behar ez izateko. Gainera, uste dut gure kirolean gero eta garrantzi handiagoa duela taldeak, eta, beraz, ez dut uste bakarkako jokalari trebeak izateagatik abantaila dutenik.

Zein oroitzapen dituzu Rioko Olinpiar Jokoez?

Ederra izan zen, batez ere egunerokoan hainbeste kirolarirekin egoteko aukera izan nuelako. Baina kirol ikuspegitik ez ginen nahi bezala aritu, eta, hori dela eta, oroitzapen hobea dut beste txapelketa batzuez.

Etxekoek nola bizi dute hau dena?

Ondo, pozik, nik halako zerbait bigarrenez bizitzeko aukera izateagatik. Baina, aldi berean, gogorra ere bada. Izan ere, denboraldian zehar egun asko ematen ditugu etxetik kanpo, eta ezin diegu nahi beste denbora eskaini. Udan dugu haiekin egoteko denbora gehien, eta kasu honetan ez dugu horretarako hainbeste aukera izango. Nik alaba txiki bat dut, eta horrek gogorrago egiten du dena. Gainera, gure egun txarrak aguantatu behar dituzte, eta halako txapelketa batean beti zaude apur bat urduriago.

Pena izango duzu pandemiagatik ezingo direlako Tokion egon, ezta?

Bai, noski. Rion aukera izan zuten egoteko, eta oso esperientzia ederra izan zen. Izan ere, haiek ere nire ametsa bizi ahal izan zuten. Tarteka haiekin egoteko aukera genuen, eta horrek beti laguntzen dizu, indarra ematen dizulako. Ea hurrengo Jokoetara, Parisera, etortzeko aukera duten.

Hirugarren Olinpiar Joko batzuetan parte hartzen ikusten duzu zeure burua?

Zergatik ez? Neure burua sasoiko ikusten badut, eta hautatuko banindute, ederra litzateke. Hurrengo urteetan horretarako egingo dut lan.

Eskatzen hasita, Tokion domina irabazita, ezta?

Zergatik ez? Baina pausoz pauso joan behar dugu, eta partida bakoitza ondo jokatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.