Albistea entzun

Uda bete musika

Etenaldiaren ostean, Euskal Herriko musika jaialdiak berpizten hasiak dira. Gasteizko Azkena Rock izango da lehenetariko bat, baina gero etorriko dira EHZ, BBK Live, Ribera Sound eta jazzaldiak, besteak beste. Euskal artistek lekua izango dute horietan, baina batik bat nazioartekoak arituko dira oholtza gainean.
The Living End taldearen kontzertua, Gasteizko Azkena Rock jaialdian, Mendizabalan, 2019an.
The Living End taldearen kontzertua, Gasteizko Azkena Rock jaialdian, Mendizabalan, 2019an. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria -

2022ko ekainak 18

Ia musika jaialdi guztiak gelditu ziren bertan behera orain bi urte. Ez zen musika hotsik egon, baina isiltasun hori hausten hasi zen iaz, askok erabaki baitzuten, ohiko era batean ez bazen ere, festibalekin aurrera egitea. Euskal Herrikoek aurtengoan ere ez dute hutsik egingo.

AZKENA ROCK
Ekainak 16-18

Jaialdi handienetan lehena izan ohi da Gasteizko Azkena Rock, eta aurten ere horrek egin du irekiera. Hogeigarren urteurrena ospatzeko, herenegun zabaldu zituen ateak, Mendizabala gunean eta Andre Mari Zuriaren plazan. Nazioarteko eta Euskal Herriko musikariak aritu dira gaur arte oholtza gainean, eta azken egunean ere ez dute hutsik egingo. Gaur, antolatzaileek nabarmendu dutenez, «rockaren hiru dama handi» izango dira protagonista: Emmylou Harris, Suzi Quatro eta Patti Smith. «Hirurak 70 urtetik gorako emakumeak dira, eta jo eta su jarraitzen dute hirurek, argi gera dadin rock musikak eta musika horren soinuek ez dutela adinik».

BILBOKO BBK MUSIC LEGENDS FESTIBALA
Ekainak 24-25

Folk eta rock doinuez gozatzeko aukera egongo da ekainaren 24an eta 25ean Bilboko BBK Music Legends festibal jaialdian, Bilbo Arena pabiloian. Ostiralean, Anarik emango dio hasiera egitasmoari, 17:00etan, eta gero arituko dira Maika Makovski, Girlschool, Statu Quo eta Hawkwind, hurrenez hurren. Larunbatean, Mikel Renteria & The Wop Band izango da lehena oholtzara igotzen, eta, ondoren, Shirley Davis & The Silverbacks, Walter Trout, Paul Carrack eta Alan Parsons Live Project. Sarrerak webgunean daude.

EHZ EUSKAL HERRIA ZUZENEAN
Uztailak 1-3

EHZ Euskal Herria Zuzenean festibalaren 26. aldia ospatuko dute Irisarrin (Nafarroa Beherea) uztailaren 1etik 3ra bitartean, Hainbat lur mundu bakarrean! lelopean. Haren soinu banda osatuko duten izenetako batzuk izango dira, besteak beste, Niko Etxart eta Hapa Hapa, Fizt & Furiuz, Ibil Bedi eta Calling Marian. Dena den, zirkuak, dantzak eta antzerkiak ere ez dute hutsik egingo, eta, are, antzerkiari eskainitako gune bereizi bat egongo da. Josu Martinezek Baigorrin (Nafarroa Behera) grabatutako hiru film labur ere ikusgai egongo dira, hitzaldi eta mahai inguruekin batera. Sarrerak webgunean daude.

BILBOKO BBK LIVE
Uztailak 7-9

Koronabirusaren ondoriozko etenaren ostean, aurten ere jendez lepo egongo dira Bilboko Kobetamendiko zelaiak, han egingo baita jada errotua dagoen BBK Live jaialdia, uztailaren 7tik 9ra. Nazioartetik iritsitako musikariek izango dute protagonismoa gehienbat: Zahara, Bomba Estereo eta Pet Shop Boys, esate baterako. Baina Euskal Herriko taldeak ere arituko dira. Tartean daude Chill Mafia, Nogen eta Bulego. Dena den, sartzeko beharrezkoa izango da sarrera, eta jada eskuragarri daude festibalaren webgunean. Are, joango direnek han bertan kanpatzeko aukera ere izango dute.

GUITARALDE
Uztailak 7-9

11. aldia izango da aurten Hendaiako Guitaralde jaialdiarentzat (Lapurdi). Uztailaren 7tik 9ra bitartean egingo da, hainbat kontzertu egongo dira, guztiak ere gitarraren bueltan antolatutakoak. Nazioartean ezagunak diren musikariak arituko dira; esate baterako, Matteo Mancuso italiar gaztea. Baina Euskal Herriko artistez gozatzeko parada ere egongo da, June Agirre eta Gari musikarien eskutik. Ordainpekoak izango dira kontzertu horiek guztiak, eta sarrerak eskuragarri daude webgunean.

RIBERA SOUND
Uztailak 15-17

Tuteran egiten da Ribera Sound jaialdia (Nafarroa), eta aurten helburu izango du emakume artistei ikusgaitasuna ematea, uztailaren 15etik 17ra bitartean. Horregatik, antolatzaileek jakinarazi dute gonbidatu guztiak izango direla andrazkoak, eta, era horretan, horren aldeko apustua egiten duen formatu handiko lehen jaialdia izango dela. Besteak beste, oholtza gainean arituko dira Amaia, Chica Sobresalto eta Anne Lukin. Beraz, horiez eta gehiagoz gozatu nahi duenak webgunean eskura ditzake sarrerak.

ERROBIKO FESTIBALA
Uztailak 15-16 eta 21-24

Itsasun egiten da Errobiko Festibala (Lapurdi), eta bi astez luzatuko da. Uztailaren 15etik 16rako antolatu dute lehen aldia, eta lehen egunean Belugueta eta Amaren Alabak taldeen ikuskizunak izango dira nagusi, bestarekin batera. Bigarren aldia uztailaren 21etik 24ra bitartean egingo dute, musikaren eta dantzaren bueltako askotariko emanaldiekin. Baina uztailaren 18tik 20ra tartean ere egongo da zer egin, kantu ikastaldiak antolatu baitituzte. Txartelak webgunean daude.

HATORTXU ROCK
Uztailak 29-30

31 talde bilduko ditu aurten Hatortxu Rock jaialdiak Atarrabian (Nafarroa), uztailaren 29an eta 20an, Zerua (hel)muga lelopean. Ostiralean arituko dira Huntza, Gatibu, Deskontrol, Zoo, Brigade Loco, Skabidean, DJ Plan B, Anari, Zelanda, Gilipojazz, Badalonians Sound ft Harny Roots, The Baboon Show, Sua eta ETS; eta larunbatean oholtzara igoko dira The Lio, Delirium Tremens, Ibil Bedi, Zetak, Antton Telleria, Hammond York, La Mare, Lukiek, Selektah Stepi, CRIM, Non Servium, Stay Homas, Herdoil, Rotten XIII, Green Valley eta DJ Bull/Elepunto.

BBF BILBOKO BLUES FESTIVAL
Uztailak 29-31

2018an egin zen azkenekoz Hondarribia Blues festibala (Gipuzkoa), baina, hamahiru jaialdiren ostean, Bilbora egin du jauzi: Bilboko Blues Festival. Doakoak izango dira ekitaldi guztiak, eta Areatzako pasealekuan egongo da oholtza nagusia; baina Guggenheim museoko auditoriumean, Alde Zaharrean eta Areatzako kioskoan ere egongo dira ekintzak. Esaterako, bluesaren eta emakumearen inguruko hitzaldi bat antolatu dute, eta baita haurrentzako zenbait ekintza ere. Kontzertuei dagokienez, berriz, oholtza gainean arituko dira Micky & The Buzz, Noa & The Hell Drinkers eta Travellin Brothers. Are, Bilboko Blues Festival saria ere emango dute lehenbizikoz, eta Bob Stroger blues musikari, baxu jotzaile eta abeslariarentzat izango da txapela.

JAZZALDIAK

Getxo Jazz jaialdiak (Bizkaia) irekiko du Euskal Herriko jazzaldien panorama musikala, ekainaren 29tik uztailaren 3ra bitartean ospatuko den festibalarekin. 45. aldia izango du aurten, eta Euskal Herriko zein nazioarteko musikariak arituko dira: Melissa Aldana Quartet, Cyrille Aimée, Fred Hersch Trio, Ron Carter Foursight eta Gonzalo Rubalcaba & Aymée Nuviola & their band, Ereaga aretoan, 12 euroren truke bakoitza. Algortako geltoki plazan ere egunero egongo da kontzertu bana arratsaldeko zazpietan, doakoa, eta Ereaga hondartzan ere Amaia musikari iruindarra arituko da uztailaren 2an, 23:00etan.

Gasteizko Jazzaldiak hartuko dio lekukoa, uztailaren 12tik 17ra, eta horrek ere 45 urte egingo ditu aurten. Printzipal antzokia ez ezik, Mendizorrotza ere atonduko dute kontzertuetarako, eta leku horietan arituko dira, besteak beste, Yessai Karapetian, Yazz Ahmed 4tet eta James Brandon Lewis musikariak. Ikuskizun guztiak izango dira ordainpekoak, eta jadanik abonamenduak salgai daude webgunean; horrez gain, egunez eguneko sarrera solteak ere eskura daitezke.

Azkenik, Donostiako 57. Jazzaldiak emango dio amaiera jaialdi bira honi, uztailaren 21etik 25era. 11 agertoki egongo dira guztira, eta horietako bakoitzetik musikari eta jazz izar handiak igaroko dira bost egunez. Lehen egunean, adibidez, Vadim Neselovskyi piano jolea izango da musikari horietako bat, baina baita Euskal Herriko Oreka TX taldea ere. Eta hurrengo egunetan Hiromik, Sofiane Pamartek, Louis Colek eta Sara Mansillak hartuko dute parte, besteak beste. Keler eta Garbera guneetako ikuskizunak doan izango dira, baina gainontzekoak, ordainpekoak.

Dena den, formatu txikiagoan bada ere, egongo dira jazz musikaz gozatzeko beste aukera batzuk ere. Garesen (Nafarroa), esate baterako, Zubipean Jazz Jaialdia egingo da abuztuaren 13an, 20an eta 27an, baina, gaur-gaurkoz, antolatzaileek ez dute eman kontzertuen berri. Bada, interesa duenak webgunean begira dezake informazioa datozen asteetan.

DONOSTIAKO MUSIKA HAMABOSTALDIA
Abuztuak 2-27

Donostiako musika klasikoaren jaialdia abuztuaren 2an hasiko da, eta hilaren amaierara arte luzatuko da, 27ra arte. Kursaaleko auditoriumean eta Victoria Eugenia antzokian egingo dituzte 83. aldiko ikuskizunak, eta ordainpekoak izango dira. Lehen egunean, esate baterako, John Eliot Gardinerren zuzendaritzapean, English Baroque Soloists orkestra arituko da, baina gainontzeko egunetan ere egongo da zer ikusia.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Donostian inauteriak San Sebastian egunean hasten ziren»

Amaia Jimenez Larrea

XIX. mendean Donostiako inauteriak nolakoak ziren azaltzen duen liburu bat atera du Juan Antonio Anterok. 16 urte zituenean izan zuen lehen harremana inauteriekin, eta geroztik ez ditu alde batera utzi.
1 ©GOTZON ARANBURU / FOKU

Udaberriak ekarri duen soinua

Itsaso Jauregi

Inauterietako eguna ospatu dute Iturenen, eta joaldunek eta mozorroek hartu dituzte herriko kaleak. Tradizioari jarraituz, zubietarren eta aurtiztarren joareak elkartu ziren atzo; gaur, iturendarrek bisita itzuliko diete.
Mikel Pagadizabalek Miren Nogalesekin batera aurkeztuko du <em>Herri txiki, infernu handi</em>-ren denboraldi berria. ©ORIO P.

Miren Nogales izango da 'Herri txiki'-ko aurkezle berria

Urtzi Urkizu

ETB1eko saioak igandean hasiko du bederatzigarren denboraldia. Nogalesek beteko du Zuhaitz Gurrutxagak utzitako tokia

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...