«Ez dut kopiatuko, ez dut kopiatuko»

Ikasleen «iruzurrezko jokabideei» aurre egiteko protokolo bat onartu du EHUk. Azterketetan kopiatzea izan da iruzur ohikoena, baina aldatzen ari da: lan gehiago aurkeztu behar dituzte ikasleek, eta plagioak hedatzen ari dira. Ikasleei agiri bat sinaraziko diete, halakorik egingo ez dutela hitzemateko.
QUIQUE GARCIA / EFE

Garikoitz Goikoetxea -

2019ko ekainak 5
Zintzo jokatzeko promesa. «Badakit zein garrantzitsua den zintzotasuna eta etika arlo akademikoan, eta hitzematen dut unibertsitatean nagoen bitartean ez dudala plagiorik egingo eta ez dudala jarrera onartezinik izango». Aurrerantzean, matrikula egitean agiri hori sinatu beharko dute EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek: Zintzotasunez eta portaera etikoz jokatzeko konpromiso adierazpena. Ohar hau ere sinaraziko diete: «Badakit azterketetan edo lanetan plagiorik eginez gero larriki kaltetu dezakedala nire espediente akademikoa, titulazioan izan dezakedan ibilbidean kalte konponezina eragin dezakeela, eta litekeena dela unibertsitatea edo ikasketak bertan behera utzi behar izatea». Azterketetan edo lanetan kopiatzearen aurkako protokolo bat egin du unibertsitateak, eta neurrietako bat da adierazpen hori sinaraztea.

Neurri horien berri joan den astean izan zuten ikasleek, errektoretzatik bidalitako mezu elektroniko baten bidez. Halere, protokoloa bera lantzen denbora zeraman EHUk. Aldezlearen txosten bat izan zen abiapuntu —EHUko arartekoaren gisakoa da Aldezlea—. 2017ko txostenean azaldu zuen irakasleak kezkatuta zeudela gai horrekin. «Jakin nahi dute nola jokatu behar duten». Haren esanetan, teknologia berriekin areagotzen ari dira iruzur egiteko moduak: «Irakasleen kezka iturri da kopiatzeko sistemen sofistikazio gero eta handiagoa, txuleta klasikotik edo hurbil dagoen ikaskideari erantzuna esatetik hasita, ahotsa eta datuak sistema elektronikoen bidez transmititzeraino». Halakoetarako jarraibide protokolo bat eskatu zuen Aldezleak.

Teknologia berriek erraztu egin baitute iruzur egitea. Orain arte, eskuz prestatu behar zen kopiatzeko bidea: papertxoetan, boligrafoan... Aukera zabaldu egin da orain: sakelakoak, erloju adimendunak, belarriko entzungailuak... «Horrelako teknikak aspalditxo ari gara ikusten: ordenagailu bat edonon eduki dezakegu orain. Erraztu egin da azterketan gelatik kanpo dagoen informazioa lortzea». Idoia Fernandez mintzo da, EHUko Berrikuntza, Gizarte Konpromiso eta Kulturgintzaren arloko errektoreordea. Ez da soilik EHUko joera, noski. «Gailu berriak azaltzen ari dira, bai. Adibidez, badira erloju elektroniko batzuk, whatsappak-eta bidaltzeko aukera ematen dutenak...», kontatu du Cristina Baionak, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen errektoreordeak. Ez da zaila Interneten era horretako gailuak topatzea: belarrirako entzungailuak, esate baterako, 20 eurotik aurrera daude erosgai.

NUPen duela urte batzuk moldatu zuten arautegia. Zehaztu zuten zer neurri har daitezkeen azterketetan iruzur egiten dutenen aurka. Probak beste norbaiti kopiatzearen kasuan, ezarri zuten kopiatzailea ez ezik jatorrizko azterketaren egilea ere zigortu dezaketela: «Ukitutako ikasle guztiei aplikatuko zaie, kopiatu dutenei eta besteei kopiatzen utzi dietenei, ikaslearen ardura baita azterketa kopia dadila galaraztea, betiere demostratzen denean besteei kopiatzen utzi dietenek ez dutela zintzo jokatu». Zintzotasun akademikoaren aldarrikapena agirian jasoa dago; NUPeko ikasle guztiek sinatu behar dute.

Plagioaren aurka

Ikasleak erne jartzeko modua da agiria, Baionak dioenez: «Ikasleei zera esaten ari gara: 'Adierazpenean esan duzu ez duzula iruzur egingo, eta badakizu egiteak zer ondorio dakartzan. Jakinaren gainean zaude'». EHUn ere halako agiri bat sinatu beharko dute ikasleek aurrerantzean. «Ohar bat egiteko modua da: ikasleek jakin behar dute zein diren jokabide zuzenak, serio hartu behar dituztela, eta ez betetzeak ondorioak dituela», esan du Fernandezek.

Ez dira bakarrak NUP eta EHU: Baionako unibertsitatean ere sinarazten diete horrelako dokumentu bat ikasle berriei. Azterketan iruzur egiteaz baino gehiago, aurkeztutako lanen egiletzaz ari da Baionako unibertsitateko agiria: «Besteren lanak erabiltzean deontologia arauak errespetatzeko konpromisoa, baita egindako lanen oinarri diren testu guztien erreferentziak zehaztekoa ere».

Izan ere, EHUko errektoreordeak dio azterketetan kopiatzea baino ohikoago bihurtu dela aurkeztutako lanetan tranpa egitea. «Arazorik inportanteena plagioa da». Kontuan izatekoa da Bolognako prozesuarekin asko aldatu dela unibertsitateko ikasprozesua. Fernandez: «Lehen, amaierako azterketak izaten ziren nagusi, eta gehienez txuletak egiten ziren. Orain, lanak eskatzen dira gehiago, ez azterketak, eta zabaldu egin da iruzur egiteko bidea».

Tranpak lan horietan sumatu dituzte gehiago EHUn. «Asko zabaldu da copy-paste egitea: Internetetik hartu informazioa, eta nire lan gisa aurkeztu». NUPeko errektoreordeak ere aitortu du lanen egiletzarekin lotutako gorabeherak edukitzen dituztela. Fernandezen esanetan, gizarte arazoa da lanak horrela kopiatzea: «Jokabide horiek oso onartuta daude unibertsitatetik kanpo: ikusi besterik ez dago askotan testu berbera zenbat lekutan egoten den. Baina unibertsitatean ezin da hori egin: egiletza oso inportantea da».

Hain justu ere, era horretako iruzurrak atzemateko baliabideak jartzen ari dira unibertsitateak. Honela dio EHUren protokoloak: «Kalitatea eta izen ona gordetzeko, unibertsitateak tresna bat jarriko du hala eskatzen duten irakasleen esku, aipu okerrak eta antzekotasunak edo bat etortzeak detektatzeko». Jadanik martxan jarri dituzte azpiegitura horiek, errektoreordeak azaldu duenez. Iruzurra egiaztatzeko bidea dira. «Azkenean, badakizu ikasleak nolako idazmoldea duen, eta idazteko moduagatik konturatzen zara pasarte hori berea den ala ez. Horrelako tresnek balio digute iruzurra demostratzeko». NUPen ere ezarria dute antzekotasunak atzemateko azpiegitura.

Atzemateko gailua

Lanak noiz pasatu egiaztagailu horietatik, ez dago irizpide erabat zehazturik unibertsitateetan. Nafarroan, irakasle bakoitzarena da erabakia: «Ez dago arau orokorrik: badira irakasle batzuk beti egiten dutenak, eta beste batzuek, kasu susmagarrietan bakarrik». EHUko protokoloan ezarri dute doktore tesietan derrigorrezkoa dela: plagioak eragozteko gailuaren oniritzia ezinbestekoa da. Gradu eta master amaieretako lanetan, berriz, irakasleen erabakia da. Hori bai, ikastegi bakoitzak arautegi propioa ezarri ahalko du tresna horien erabileraren harira.

Ikasle batek lana kopiatu egin duela ikustean, zer egin? Fernandezek ohartarazi du «gura gabeko plagioak» ere gertatzen direla; ikasle batzuek ez dituztela aipuak ondo egiten, ez dutela ondo adierazten nondik hartuak diren beren lanetako pasarte batzuk, eta horrek sortzen dituela arazoak. Hain justu ere, «sentsibilizazioa eta heziketa» emango diete EHUko ikasle berriei, «ondorio ez-desiratuez» jabearazteko.

Iruzurra nahita egin denetan, suspentso jartzea da irizpidea: azterketa edo lan hori gainditu gabekotzat jotzea. Normalean, hor geratzen da kontua, gehiagora jo gabe. «Larritasunaren araberakoa da: adibidez, aurretik azterketa eskuratu badu norbaitek, larriagoa da, eta zigor handiagoa du», dio Fernandezek. Ez dira halakoak gertatzen, NUPeko errektoreordearen hitzetan: «Guk ez dugu inoiz espedienterik ireki».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna