Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Ikastolek «ausardia eta adorea» eskatu dute Hezkuntza Legerako

Koldo Tellituk nabarmendu du «desengainua» hartu dutela Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren lehen zirriborroarekin. Bildarratzek Tellituren jarrera gaitzetsi du: «Ulergaitza egiten zait»
Koldo Tellitu hitzaldia ematen, atzo, Bergaran.
Koldo Tellitu hitzaldia ematen, atzo, Bergaran. ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2022ko irailak 25 - Bergara

Ekin diote 2022-2023ko ikasturteari Euskal Herri luze-zabaleko 113 ikastoletako 57.000 ikasleek. Atzo egin zuten hasiera ekitaldia, Bergaran (Gipuzkoa). Hitza hartu zuten, besteak beste, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak eta Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Hezkuntza Legea izan zuten mintzagai nagusi. Desengainua: hitz horixe erabili zuen Tellituk Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren lehen zirriborroarekin sentitutakoa adierazteko, eta Jaurlaritzari eta alderdi politikoei mintzatu zitzaien: «Ausardia eta adorea eskatzen dizkizuet, onartuko duzuen legea Euskal Herrirako hezkuntza sistema propioa eraikitzeko urrats erabakigarria izan dadin» ; Bildarratzek, berriz, ekarpenak jasotzeko prest dagoela dio.

Tellituk pil-pilean dauden gaiak izan ditu ahotan: Ipar Euskal Herriko euskarazko irakaskuntza eta Eusko Jaurlaritza ontzen ari den Hezkuntza Legea. Hain zuzen, Iparraldeko parlamentariak eta Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariak Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin bildu izana aipatu du. Azterketak euskaraz pasatzeaz aritu ziren: «Baikor itzuli dira, brebetaren kasuan bederen, baxoarena aztertzeko denborarik ez baitzuten izan».

Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren lehen zirriborroaz ere aritu da: «Desengainua hartu dugu». Zergatik? Aletu du testua. Ontzat jo du lehenengoz legez arautzea Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sistema osoa. Begi onez ikusten ditu Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa, doakotasuna eta zehaztea derrigorrezko ikasketak amaitzerako hizkuntzetan lortu beharreko maila ere.

Alabaina, desegokitasunak ere zerrendatu ditu: «Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoko ikastetxeek ez dituzte edukiko eskubide eta betebehar berak; horrela, publiko-pribatu dikotomiari eusten zaio». Gainera, esan duenez, ez dute gustuko egin dieten definizioa: «Ez daude islatuta gure izaera herritar-komunitario eta kooperatiboa, ezta antolatzeko modua ere. Izaera publiko desberdin bat dugun sare propio bat gara, Euskal Herri osokoa». Gainera, Euskal Herria eta euskal curriculuma ez aipatzea txarretsi du, baita euskara maila lortzeko baliabideak ez zehaztu izana ere.

Doakotasunari ere heldu dioTellituk. Ados daude, baina baliabide gehiago beharko dituzte: «Ikasle eta familia guztiei hezkuntza eskubidea bermatze aldera, doakotasun printzipioa eta helburua aurrerapausoa iruditzen zaigu, baina ez da inon aipatzen nola egingo den hori, zer baliabide jarriko dituen administrazioak». Bitartean, doakotasunarekin «konpromiso sendoa» izanda ere, berdin segituko dute.

Bildarratzek banan-banan erantzun die Tellituk jorratutako gaiei. Batzuekin eta besteekin neurgailu desberdina erabiltzea egotzi dio. Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin bilera bat egin, eramandako bi gaietako bat landu eta erantzunik jaso ez badute ere, «baikor» daudela esan dio; aldiz, Jaurlaritzarekin ez: «Jaurlaritzak eta ikastolek hamaika lan bilera izan ditugu, hamaika gai jorratu ditugu, ikastolei diru laguntza gehiago emateko akordioa onartu dugu, datozen urteetarako finantzaketa bermatu dugu, eta legearen oinarriak mahai gainean jarri ditugu, besteak beste. Baina hemen, hori dena elkarrekin landu ondoren, desengainua hitza entzun behar izan dugu, eta ulergaitza egiten zait».

Eusko Legebiltzarreko lau alderdi nagusien hezkuntza akordiotik eratorritakoa da zirriborroa, Bildarratzek azaldu duenez. Ituna erdietsitakoan beste balorazio bat egin zutela gogorarazi dio Tellituri, ikastolen «behar eta nahi guztiak ez ase arren» momenturako «egokia» zela esan zutela, eta adostasunerako deia egin zutela.

Zirriborroaren edukiak ere goraipatu ditu sailburuak: ikaslea «erdigunean» jartzea, segregazioari aurre egiteko neurriak jasotzea, ikasleen irteera profila markatzea, udalen garrantzia jasotzea, doakotasuna, euskara sistemaren erdigunean kokatzea eta Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa, adibidez. Doakotasunari dagokionez, nabarmendu du itunean jasota dagoela hezkuntzak doakoa izan behar duela eta kuotarik ezingo dutela kobratu. Administrazioa bere partea betetzen ari dela esan du: «Ikastoletako familiek jasaten zituzten gastu asko administrazioak bere gain hartu ditu jada, ikasleek jasotzen duten hezkuntza ez ezik beste elementu asko ere bai: hezkuntza profesionalen soldata beren osotasunean, baliabide jakin batzuk, edota gailu teknologikoak». Ikastolei ziurtatu die «elkarrekin» egingo dutela bidea.

Elkarlanerako deia

Desadostasunak desadostasun, Ikastolen Elkarteak ekarpenak egiteko prest daudela esan du, eta Hezkuntza Saila entzuteko gertu agertu da. Tellituk galdu ezin den aukeratzat du oraingo abagunea, eta jarrera «eraikitzailea» dutela ziurtatu du.

Bide horretatik, Bildarratzek azaldu du eragileek zirriborroari ekarpenak egiteko unea dela orain. Eta lanean jarraitzeko prest daude: «Baikorra naiz, eta zuhurtziaz jokatzen jarraituko dugu. Aukera paregabea daukagu XXI. mendeko hezkuntza eraldatzaile bat aurrera eramateko, euskal hezkuntza sistema propio baterako urrats esanguratsua egiteko».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Manifestarietako batzuk bandera moreak astintzen, Bulebarrean. ©JON URBE / FOKU

Ozen berriz: «Aski da!»

A. Iraola - I. Orzaiz - M. Asensio Lozano

Mugimendu feministak kaleak bete ditu bortxa matxistaren aurkako mezuekin. Justizia «feminista» aldarrikatu dute. Instituzioen elkarretaratzeak ere izan dira

Ikastetxe bateko korridorea eta ikasgela, artxiboko irudi batean. ©BIEL ALIÑO / EFE

Hezkuntza Legeari eginiko ekarriak, murgiltzetik «laikotasun positibora»

Irati Urdalleta Lete

35 eragilek eta norbanakok egin dizkiote zuzenketak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren lehen zirriborroari; euskarak eduki beharreko garrantzia da ardatzetako bat

<b>Txapa.</b> 'Ahobizi' txapa andre baten paparrean (artxiboko irudia). ©J.U. / FOKU

Euskarak, maitale asko eta etsai gutxi

Irati Urdalleta Lete

Nolako jarrera dute euskal herritarrek euskararen inguruan? EHUko NIK ikerketa taldearen esanetan, jarrerak onak dira orokorrean, baina badaude ahulguneak: zenbaitek mundu tradizionalarekin lotzen du oraindik ere euskara; ez, ordea, gai espezifikoekin edo lagunartean erabiltzearekin.
Indarkeria atxistaren aurkako elkarretaratze bat, Tuteran, artxiboko irudian ©Iñigo Uriz / foku

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...