Macronek berehala pasatu nahi du orrialdea

Frantziako presidenteak larunbateko ordu txikietan promulgatu du erretreten erreforma. Sindikatuek Maiatzaren Lehena dute ikusmiran, manifestazio handiak egiteko

Manifestari bat, ostiral iluntzean Baionan eginiko mobilizazioan. PATXI BELTZAIZ.
jokin sagarzazu
2023ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Kontseilu Konstituzionalaren babesak arnasa eman dio Emmanuel Macron Frantziako presidenteari. Erretreten erreforma errealitate bat da dagoeneko, eta, ezustekorik ezean, irailean sartuko da indarrean. Kontseiluak azken oztopo legala argitu eta ordu batzuetara, erretiro adina 62 urtetik 64 urtera luzatuko duen legea promulgatu zuen atzo goizaldean Macronek, erabaki hori bertan behera uzteko sindikatuen eta oposizioko alderdien eskaerari entzungor eginez.

Presidenteak hamabost egun zituen hori egiteko eta aldizkari ofizialean argitaratzeko, baina Kontseiluak erreformaren funtsa bermatu eta ordu batzuetara jartzea erabaki zuen: gaueko ordu txikietan, 04:00 inguruan. Horrek haserrearazi egin zituen legearen kontra dauden alderdi eta sindikatuak, eta oso gogor mintzatu ziren presidentearen erabakiaren aurka. «Gauez eta lapurrak bezala» jokatzea leporatu zioten, eta nabarmendu zuten hori hala egin izanak gobernuaren «ahuldadea eta bakardadea» erakusten duela.

Kontseiluak legearen lerro nagusiei eutsi zien ostiral arratsaldean, eta 36 artikuluetatik sei baino ez zituen baztertu, osorik edo zati batean. Horrekin batera, atzera bota zuen 250 diputatu eta senatarik legea baliogabetu ahal izateko erreferendum proposamena. Kontseiluak aho batez hartu behar zuen erabakia, eta ez zituen publikoki adierazi bere erabakiaren arrazoiak, sekretuak baitira.

Orain, oposizioak bidea estuago du erreforma gelditzeko. Ezkerreko diputatu eta senatariek beste erreferendum egitasmo bat aurkeztu dute, eta Kontseiluak maiatzaren 3an eman behar du erabakia. Alderdi sozialistakoek, berriz, legea bertan behera uzteko lege egitasmo bat aurkeztu asmo dute.

Kalean, berriz, protestek segitzen dute, baina gero eta indar gutxiagorekin. Ostiral iluntzean mobilizazio ugari egon ziren. Baionan ehunka lagun bildu ziren. Parisen istiluak izan ziren, eta 112 lagun atxilotu zituzten. Atzo ere «baimenik gabeko» manifestazioak egin ziren. Nagusia, Roazhonen (Bretainia), eta liskarrak izan ziren manifestarien eta polizien artean.

Gobernua, «indartsu»

Ekaitzaren okerrena igaro dela sinetsita, Macronek ahalik eta azkarren pasatu nahi du orrialdea, erreformaren tramitazioak haren gobernuari eragin dion higadura sendatzeko. Atzo ez zuen adierazpenik egin; giroa pixka bat baretu arte itxarotea erabaki zuen. Agerraldi «solemnea» egingo du bihar, 20:00etan, Eliseotik.

Gobernuak batasun irudia eman nahi izan zuen atzo. «Legea promulgatzea Kontseilu Konstituzionalaren babesarekin eman den pauso bat da. Ez dago krisi demokratikorik, ezta politikorik ere», adierazi zuen Olivier Dussopt Lan ministroak. Elisabeth Borne lehen ministroak erreforma defendatu zuen Renaissance alderdiaren kontseilu nazionalean, Macronekin bildu ostean. Gobernuak legegintzaldia amaitzeko indar nahikoa duela ziurtatu zuen. «Pentsioen erreformaren ondoren, gobernu honek egiteko dituen beste erreformak bizkortuko ditu. Gehiengoak posible dira, proiektuz proiektu». Olivier Veran gobernuko bozeramaileak, berriz, adierazi zuen ez dela atzera-bueltarik egongo erretreten erreforman; berretsi zuen irailetik aurrera sartuko dela indarrean, aurreikusi moduan, eta legearen kontrakoei mintzatu zitzaien. «Herrialdean badago desio bat, giroa baretzeko premia bat».

Sindikatuek eta oposizioko taldeek oso bestela ikusten dute kalea. «Legea bertan behera uzteko borroka duintasun kontua da orain», esan zuen Jean Luc Melenchon ezkerreko LFI Frantzia Intsumisoa alderdiko buruzagiak. «Haserre handia dago, eta hori adierazi egin behar da», gaineratu zuen Laurent Berger CFDT sindikatuko buruak.

Intersindikalak hamabi protesta eta greba egun antolatu ditu azkenengo hiru hilabeteetan, eta nekea nabaria da. Dena den, atzo Sophie Binet CGTko idazkari nagusiak ziurtatu zuen orain arteko batasuna ez dela hautsiko. Sindikatuetako buruak bihar bilduko dira hurrengo urratsei buruz aritzeko. Ez dute aurreikusten Maiatzaren Lehenera arte deialdi bateraturik egitea. «Mobilizazio historiko» horri begira jarrita daude, eta horretan jarri nahi dituzte indar guztiak; adierazi dute, halaber, ordura arte ez direla gobernuarekin bilduko.

Intersindikalak deituta ez, baina sindikatuek eta beste eragile batzuek ez dute baztertzen mobilizatzea. SNCF tren zerbitzuetan, adibidez, «haserrea adierazteko eguna» antolatu dute datorren ostegunerako, baina ez dute zehaztu nolakoak izango diren protesta ekintza horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.