Pastor
DARWIN ETA GU

'Bon dia'

2020ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Fikzio-politika eta hizkuntza-normalizazioa lotzeko ariketa: irudikatu euskara Euskal Herri osoan dela ofiziala, bi erdarekin batera. Orain, imajinatu Nafarroako Gobernutik agiri ofizial bat bidali diotela Jaurlaritzari. Euskara hutsez. Navarra Sumak horren kontra egin du, eta Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman die gure espainiar zaleei, komunikazio mota horrek Konstituzioa urratzen duela argudiatuz. Horren arabera, autonomia erkidego batek ezin du erabaki beste erkidego batekin zer hizkuntzatan komunikatuko den, bi lurraldeetan hizkuntza propio komuna izan arren. Ez du hori arautzeko eskumenik.

Fikzio horretan zer gertatuko litzatekeen argitu digu errealitateak, asteon. Bai. Izan ere, Kataluniako eta Balear Uharteetako gobernuekin «esparru linguistiko bereko» hizkuntzaren bidez erlazionatzeko eskubidea ukatu dio Espainiako Auzitegi Gorenak Valentziari.

Auzitegiak baliogabetu egin du Valentziako Generalitateak 2017an onartutako dekretuaren arau bat. Halaxe azaldu du El País egunkariak: «Arau horietako batek zera dio: 'Valentziako Erkidegotik kanporako direnean, jakinarazpenak eta komunikazioak valentzieraz eta gaztelaniaz idatziko dira, non eta autonomia erkidego horiek ez diren valentzieraren eremu linguistiko berekoak, eta, hala izanez gero, soilik hizkuntza horretan idatziko dira. Gaztelaniaz ere idatziko dira interesdunak hala eskatzen duenean'. Letra etzanez dago ezabaturiko zehaztapena».

Erabakia katalanaren batasunaren kontra ez doala argudiatu dute Madrilen. Autonomien eskumenak noraino heltzen diren ebatzi dute, besterik ez. Kontua argi dago, baina. Berdin dio zure berezko hizkuntza —euskara edo, kasu honetan, katalana— beste lurralde batzuetan ere mintzatzen bada. Azken hitza Espainiak du. Zu ez zara inor horiekin euskara hutsez komunikatzeko. Hamaika bide egongo dira inposizio hori saihesteko, baina debekua hor dugu. Egunen batean, euskaltzaletasun-mozkorraldi baten ondorioz, Gasteizek eta Iruñeak elkarrekin euskara hutsez komunikatzea erabakiko balute, badakigu zer etorriko litzatekeen. Baina hori oso urrun dago, hainbat arrazoi direla medio. Adibidez: euskarak ez du erabateko ofizialtasunik Nafarroan. Eta abar... Gainera, ofizialtasunak ez ditu ezagutza eta erabilera bermatzen. Euskal Herrian ez, behintzat. Ez duzu Nafarroara joan behar: zer hizkuntzatan hitz egiten dute Jaurlaritzaren gobernu kontseiluan? Zenbat aurikular ikusi dituzue saio horietan? «Egun on», bai —buenos días batek oso kastillanoa ematen du—, baina gero...

Badakigu zer partida jokatzen ari garen. Eta non. Sonia Perez sailburuak ondo baino hobeto kokatu du egunotan EAEren esparru naturala zein den «las comunidades autónomas de la España verde» aipatu dituenean. Jakin nahi nuke, EAEn Valentziakoa bezalako araudi bat onartuz gero, nola erreakzionatuko luketen Revillak eta bestek hemengo agiriak euskaraz eta erdaraz, ordena horretan, bidaliko balizkiete, nahiz haiek erdara hutsez igortzen dizkiguten.

Espainia berdea, bai. Bardeak ez dira berdeak. Hendaiak kolore horri eutsiko lioke, baina Kantabriak eta Asturiasek protesta egingo lukete, «Frantzia» delako. Oso logikoa. Ahots horiek Jaurlaritzaren barruan ere adituko genituzke. Horixe da kezkagarriena.

Auzitegi Gorenaren erabakiaren biharamunean bon dia zioen mezu bat bidali zien Valentziako Gobernuko Hezkuntza sailak Balear Uharteetako Hezkuntza sailari eta Kataluniako Generalitateko Kultura sailari, konplizitate keinu bat eginez. Agur berdina jaso zuen bueltan. Compromis-eko komunikazio arloko kide Ricard Chulia Peris-ek «Bon dia i puta Espanya!» txiokatu zuen. Eta norbaitek gogoratu zituen Josep Plak bere herriaren mugak zehazteko esan omen zituen hitzak: «El meu país és aquell on, quan dic 'bon dia', em responen: 'Sí, sembla que fa bon dia'». Zer dugu Euskal Herria: «Egun on» esan, eta «bai, badirudi egun ona dugula» erantzuten diguten herria ala «sí, parece que hace buen día» esaten digutena?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.