urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Iparra galdu barik

2020ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Euskal Herriaren eta Kataluniaren artean elkartasun handia egon da historikoki. Gerrako lehendakari bien artean ikusi genuen, eta, gero ere, bateko edo besteko estrategia politikoen eta abaguneen gainetik, bateko eta besteko independentismoak hurbiltasun handia sentitu du bestearekiko. Egunkaria-ren itxieraren urteurreneko aste honetan, ezin ahaztu krimen haren salaketak nazioarteko dimentsiorik hartu bazuen, Bartzelonatik abiatutako ekimenei esker izan zela neurri handi baten. Eta, azken urteotan, Kataluniaren alde Kataluniatik kanpo egindako protesta jendetsuenak Euskal Herrian izan dira.

Mediterraneoko nazioa da bata, Mare Nostrum-i bizkar emanda Gaztelatik mendebaldera begira egon den nazioaren aurka borrokan. Gureak ere badu alde mediterraneoa, baina independentismoa Kantauriko alde berdera begira gorpuztu da nagusiki, tamalez herri txiki baten are imajinario txikiagoa eratuz.

Detaile geografiko txiki bat: euskal klase ertaineko milaka lagunek Espainian bigarren etxeak dituzte, Hegoaldea inguratzen duen eraztun baten gisan Kantabriako kostaldetik, Burgosko mendialdetik eta Errioxatik eta Aragoitik —Landetaraino luza liteke eraztuna—. Katalanek, Mediterraneoaren luzeran bizi direnez, Aragoiko eskualde hustuak dituzte mugakide nagusi. Bartzelonako burgesiak eta klase ertainak Empordà-ko kostaldean dituzte bigarren etxeak, edo Aran, Boi eta bestelako ibarretan; Katalunian bertan, alegia. Espainiako lurraldeekiko harreman nagusia Andaluzian, Galizian eta beste lurralde batzuetan jatorria izatetik dator, baina ez asteburuak bertan ematetik. Mundu ikuskera nabarmen aldatzen da asteburuero Laredon edo Ezkarain espainolez ibili edo Begurren katalanez bizi izanda.

Valentziera eta katalana hizkuntza beraren aldaerak direla ez da eztabaidagai; gogoan izan behar da katalanaren bereizketa handiena ez dela ipar-hego, mendebalde-ekialde baizik, Lleida eta Valentziako ahoskera hurbilago daudela elkarrengandik Bartzelonatik baino, eta hiriburukoa Mallorcatik gertuago, halaber.

Administratiboki zatitutako herri gisa ikusi arren, oso desberdina da bien zatiketa ere, eta Valentzia/Katalunia eta EAE/Nafarroa alderatzea okerra da: Kataluniak historia luzea dauka, eta nortasun definitua, duela mende bat ere erabiltzen zuen egun erkidego den lurraldearen mapa hori abertzaletasunak. Kataluniak mendeetako historia daukan artean, Bizkai-Gipuzkoa-Arabak sortutako erkidegoa Espainiaren banaketa administratiboaren ondorio da, tamalez Euskadi izena nagusitu arren mendebaldeko lurralde horrentzat —erkidegoa 1979an sortu zen, eta Euskadi izena ia mende bat lehenago sortu zen—. Eta, Valentziarekiko begirune guztiz, Nafarroarekin zerikusirik ez. Ez historian, ez gaur egungo nortasunean, ez eta euskaldunen imajinarioan. Biek jasan behar dituzten eskuin mutur ultrek lotu litzateke, gehienez ere. Izan ere, gure dimentsio txikiak izan dituen ondorio positiboen artean dago hurbiltasuna, Bartzelona moduko polorik ez izateak ia modu konfederalean ibilaraztera behartzen gaituen arren sarritan.

Euskal Herrian ez dugu Bartzelonaren pisu historiko eta gaur egungorik daukan hiririk: Bilbo da gure metropoli handia, han jaio zen abertzaletasun modernoa, baina ez da ez hiriburua, ez eta historikoki besteen gainetik erabat nabarmentzen den hiria. Iruñea pareko zuen duela mende eta erdira arte, Donostialdea euskalgintzaren eta euskararen polo nagusia da —ez bakarra, zorionez—, eta Gasteizi aitortu behar zaio euskarak eta abertzaletasunak ere izan duen aldaketa iraultzaileenetako baten motor izan dela. Hegoaldeko beste hiru hiriburuak, gainera, Bilboren erdia-edo dira, hau da, 2:1 eskala dugun artean, Katalunian 10:1 izan liteke Bartzelona eta beste hirien artean.

Hego-Ipar harremanak ere erraztu ditu horrek guztiak: euskalgintzan, euskal literaturan, esaterako Sarak edo Donibane-Garazik izan duten leku garrantzitsua, adibide sinple pare bat jartze aldera. Hegoaldeko euskalgintzak Iparraldekoa bultzatzeko gaitasuna izan du, ikastoletan, esaterako; gurasotasunez gehiegitan ziur aski, baina kopia huts izaterik ez duela jabetuz Iparraldeko euskalgintza halaber duela mende laurden gutxienez, eta bide propio landu behar duela.

Frantziaren menpeko lurraldeetan indartsuen dagoen hizkuntza mugimendua euskararena dela esan genezake harrokeria faltsurik gabe. Katalanarekin alderatzean, konparazio interesgarria da, Bartzelonatik zeinen urrun ikusi izan den Perpinya, oso salbuespen txikiak kenduta. Paradoxikoki, Valentzia ez bezala, Frantziaren menpeko Ipar Katalunia bada Kataluniako Printzerri historikoaren zati. Astiro-astiro, Bartzelonako independentistak Ipar Kataluniaren garrantziaz jabetzen hasi dira, nagusitasunetik batzuk gainditzea kostatu arren. 2017ko erreferenduma ez zen posible izango Ipar Katalunian boto-kutxak ezkutatu zituzten militanterik gabe. Datorren astean, dozenaka mila katalanek Perpinya ezagutuko dute, Carles Puigdemonten agerraldian. Askori kostako zaien arren onartzea Kataluniara itzuli dela president-a.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.