Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroa

Espainiar politikaren lur hartzea

Pedro Sanchezek apirilaren 28ko emaitzak berritzera dei egin du Iruñean. Iglesiasek zin egin du itunen inguruan Nafarroak erabakiko duela

Mikel Buil eta Pablo Iglesias, atzo, Taconeran. IÑAKI PORTO / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2019ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Bere boto emaileei ezbai sinplea planteatu zien PSOEk apirilaren 28an: eskuineko zein eskuin muturreko alderdien balizko aliantzaren aurrean, haiei botoa ematea. Eraginkorra izan zenez, maiatzaren 26an antzeko amua planteatu nahi dute Nafarroan, baina oraingoan jomugan aldaketaren gobernua dute: «Orain ere aurrera edo atzera egitea dago jokoan, gobernu aurrerakoi baten alde egin edo eraikuntza nazionala helburu duen gobernu baten alde», aldarrikatu zuen atzo Pedro Sanchezek Iruñean. PSOEko idazkari nagusia goizean Donostian eta arratsaldean Iruñean izan zen. Ez zen Espainiako agintari baten lur hartze bakarra izan. Gehiago ere izan ziren. Gertu, kilometro erdira, Taconeran, Podemoseko Pablo Iglesias izan zen. Goizean, berriz, lau urteotako aldaketa instituzionalari bere babesa eman zion Alberto Garzonek, Izquierda Unidako koordinatzaileak.

Ezinbestean, Espainiako jarduneko presidenteak erakarri zuen arreta mediatiko ia guztia, eta zalantza geratu zen ea bere presentziak Iglesiasi itzala egin nahi izan ote zion. Izan ere, astebete lehenago, PSOEk gaurko iragarri zuen ekitaldia. Atzo, alderdiak azaldu zuen Alfredo Perez Rubalcabaren bat-bateko heriotzak Sanchezen kanpainako agenda goitik behera aldatu duela.

Vinculo plazan, Corte Ingles saltokiaren aurrean egin zuten sozialistek ekitaldia. Ehun lagun inguru elkartu ziren bertan, horietako gehienak adineko jendea. Atzerapenik gabe, antolatzaileetako batek hatzarekin keinu egin eta sozialisten ohiko doinua indar betean hasi zen bozgorailuetan. Militanteak eta jarraitzaileak bandera gorriak astintzeari ekitearekin batera, jende multzo bat sartu zen plazan, arrapaladan: batzuk, bizkartzainak, urduri; besteak, PSNko agintariak, irribarreka, Espainiako presidentea hain gertu izateak Nafarroan boterea ziurtatuko dien irrikaz. Erdian, Pedro Sanchez, alderdikideak agurtzen. Miresmenez hartu zuten militanteek, azken batean, duela bi urte hondoratuta zegoen alderdia garaipenaren bidean jarri baitu. Atzean, fokuetatik ihesi, Ivan Redondo donostiarra jarri zen, Sanchezen mugimendu taktikoen arkitektoa.

Ekitaldiak islatu zuen PSOE olatuaren aparrean dagoela. Alta, orain maiatzaren 26an apirilaren 28ko emaitzetatik ahalik eta gertuen geratzea dute erronka, eta euren mezua ideia hori modu diferentean errepikatzera mugatu zen. Maria Txibitek azaldu zuen Pedro Sanchezen proiektua Nafarroara ekarri nahi duela, eta, ildo beretik, ezkerreko boto emaileen babesa PSOEren inguruan biltzera deitu zuen Sanchezek. «Ezin dugu lana erdizka utzi: apirilaren 28an aurrera egitea bozkatu bagenuen, maiatzaren 26an bukatu dezagun lan hori». Sanchezek eta Txibitek Nafarroako egungo gobernuaren eta Iruñeko Udalaren aurka egin zuten, eta helburu gisa jarri haiek agintzea. Ez zuten zehaztu nola.

Iglesiasen hitzaldia

Sozialisten mezua batik bat leloetan oinarritu bazen, Ahal Dugu-ren ekitaldia politikoagoa izan zen. Pablo Iglesiasen hitzaldian, Espainiako politika izan zen erreferente nagusia. Hain zuzen ere, atzo bost urte bete ziren M-15eko protestetatik, eta ordutik egon diren aldaketei egin zien errepasoa Iglesiasek. Haren irudiko, Espainian nazio aniztasuna politikan aintzat hartzen hasi dira, bipartidismoa hautsi da, itzalean agintzen duten botereei aurre egin zaie edo alderdiek euren buruzagiak aukeratzeko metodoa aldatu dute. Aldaketa horietan guztietan Podemosek zeresana izan duela deritzo. «Gobernatu gabe, gauza asko aldatu ditugu».

Iglesiasen esanetan, bost urte igaro eta gero, «beste fase batean» sartu behar da. «Gobernuan sartzeko eta gauza asko aldatzeko ordua da, Nafarroan eta Espainian», aldarrikatu zuen. Iglesiasen arabera, botere ekonomikoak eta mediatikoak hori oztopatzen ahaleginduko dira datozen asteetan, baina ezinbestekotzat jo zuen gobernuan eragitea: «Nafarroa adibide da, eta harro gaude gure ekarpena egin izanaz aldaketa politikoan. Horri esker, justizia sozialak aurrera egin du, eta eraginkortasun ekonomikoarekin bateragarri izan da. Baina orain Ahal Dugu Nafarroako Gobernuan egoteko ordua heldu da». Desberdintasunen aurkako «bermea» direla deritzo.

Uneotan zail da antzematea zer agertoki geratuko den maiatzaren 26ko gauean, baina mundu guztiak argi du akordioak beharrezko izango direla. Horiei begira, mezu bat utzi nahi izan du Iglesiasek: «Argi gera dadila: Nafarroako Ahal Dugu-k erdietsi ditzakeen akordioak Nafarroan erabakiko dira».

Goizean, IUko Alberto Garzon izan zen Iruñean. «Nafarroan aldaketa errepikatzeko aukera dugu, eta erabat eroso eta pozik nago egin den lanarekin eta akordioarekin. Gure herrialdea nazio askotarikoa da, eta nafarren gehiengoak hori oso argi du». Haren ustez, ezinbestekoa da bozkatzera joatea eskuina geldiarazteko: «Inor ez dadila lasai geratu apirilaren 28an eskuina geldiarazi genuelako. Parte hartzen jarraitu beharra dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.