joxerra senar
ANALISIA

Elma Saiz alkate, PSNren apustua

2022ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Duela hiru urte eta erdi«Agur, Asiron, agur» abestu zuen Maite Esporrini adio esateko ordua iritsi da. Berez, 2019an haren ibilbidea amaitutzat ematen zuten askok, baina boz haietan uste baino emaitza hobea lortu izanak lau urtez luzatu diote bizitza politikoa. Politikoki amortizatuta egonagatik, harrituta aurkeztu da protagonista, eta aho bizarrik gabe adierazi du alderdiari dagokiola hari posturen bat bilatzea. Halako aitorpena ezagutarazteak edo 2019ko hauteskunde gauean alderdiak beste esparruetan jokoan zuen guztiari muzin eginik arerioren porrota hain modu agerikoan adierazteak erakusten du zer gabezia dituen.

Guztiz bestelakoa da haren ordezkoa, Elma Saiz. Bataren eta bestearen arteko alde handi horrek erakusten du hautuaren zioa. Ekonomia eta Ogasun kontseilari gisa, EH Bildurekin negoziatu ditu lau aurrekontuak, etaelkarrizketarako gaitasuna erakutsi du. Beraz, koalizio abertzaleari ziurrenik askoz ere errazago zaio akordioa lortzea Saizekin Esporrinekin baino, baina sintonia hobea izateak ez du derrigorrez ondorio hori ekarriko. Urrunegi joatea da hori. Izan ere, Iruñeko Udalean alderdi sozialistak berak lortu nahi izan du Navarra Sumaren udal gobernua ez amaitzea. Ezin da ahaztu, batetik, otsaileko lan erreformaren akordioan Maiari legealdia ziurtatzeko akordioa erdietsi zutela sozialistek. Bestetik, 2019ko bozetan gehiengo osoa lortzeko atarian geratu zen Navarra Suma, eta bestelako mugimenduetan sartu aurretik hori oso kontuan izan du PSNk.

2023ko mapa politikoa ez da 2019koa izango. Eskuina zatituta aurkeztuko dela dirudi, eta udalean beste diferentzia handi bat izango da: Ahal Dugu eta Ezkerra elkarrekin joango dira oraingoan. Testuinguru horretan, bere bi hautagairik sendoenak aurkeztuko ditu PSNk. Maria Txibite gobernuan; Elma Saiz Iruñean. Hartara, legealdi honetako olatu ona harturik eta, ezin da inoiz ahaztu, Pedro Sanchezen apar gainean igota, ahalik eta indartsuena agertu nahi du: Parlamentuan, gobernuaren lidergoa berriz hartzeko; udalean, baldintzatzeko. PSNk badaki ondorengo negoziazioetan Iruñeko Udala mahai gainean egongo dela, eta, Asironen aurretik joatea lortuko balu, arazoa EH Bilduren teilatu gainean utziko lukeela. Horrela ulertu behar dira Santos Cerdan PSOEko Antolamendu Idazkariaren hitzak: «Hautagai bikaina da, eta hurrengo alkatea izango da». Hori da PSNren apustua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.