Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Ongietorririk ez, mister Steinmeier

2022ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Errusiako tropak Kievetik urrundu zirenetik, ez dira falta izan Ukrainako hiriburura joan diren mendebaldeko agintariak —jaka eta gorbata etxean utzita, gizonen kasuan—. Asteazkenean han izan zen Charles Michel Europar Kontseiluko lehendakaria, eta hurrengo egunean Mette Frederiksen Danimarkako lehen ministroa eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua. Baina badira hurrengo asteetan Kievera hurbilduko ez direnak: alemaniarrak. Frank Steinmeier Alemaniako presidenteak ere joan nahi zuen, baina ez egiteko eskatu zion Zelenskik.

Ez baita giro Alemaniaren eta Ukrainaren artean. Sare sozialetan murgilduz gero, batzuetan badirudi Alemania dela berriro Ukraina inbaditu duena. Hiperbentilazioak gorabehera, ukrainar askok uste dute Berlin oso epel ari dela jokatzen, eta ez duela nahikoa egiten Ukraina laguntzeko. Bi dira salaketa nagusiak: Errusiaren hidrokarburoen inportazioa eten nahi ez izatea—eta, hortaz, Vladimir Putinen gobernua finantzatzen jarraitzea— eta arma astunak ez bidaltzea.

Akusazioek badute funtsa. Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak berak ostiralean gogorarazi zuen Errusia potentzia nuklear bat dela, eta, hortaz, NATOk neurtu egin behar duela militarki zein neurriraino lagun diezaiokeen Ukrainari.

Baina Alemaniaren uzkurtasunaren arrazoi nagusia bere interes ekonomiko propioa da. Mendekotasun handia du Errusiako energia iturriekiko: iaz kontsumitu zuen ikatzaren %50, petrolioaren %35 eta gasaren %55 Errusiatik iritsi zen. Egia da azken asteetan kopuru horiek jaitsi ahal izan dituela—%25, %25 eta %40, hurrenez hurren—, baina Berlingo gobernuak uste du ezin dituela bat-batean inportazio horiek geratu. Uste hori sendotu dute Alemaniako bost azterketa institutu handienen azken txostenak: energia inportazioak eteteak atzeraldi gogorra eragingo luke, eta 400.000 lanpostu desagerrarazi. Patronalek eta sindikatuek agiri bateratua kaleratu dute ohartarazteko Errusiaren gasarik gabe ehunka enpresa behin betiko itxiko liratekeela eta dozenaka mila lanpostu galduko.

Jakina da Scholzen SPD alderdi sozialdemokratak lotura estuak dituela Moskurekin. Gerhard Schroeder kantziler ohiak pertsonifikatzen du lotura hori: 2005ean, gobernua utzi eta aste gutxira onartu zuen Nordstream gasbidea kudeatzen duen enpresa errusiarraren buruzagi izatea, eta, orduz gero, lekua egin diote Errusiako energia konpainia batzuetako administrazio kontseilutan. Gerraren aurka mintzatu bada ere, Putin adiskide duela esan zuen atzo New York Times-ek kaleratutako elkarrizketan.

Gasa, bakearen truke

Moskuren eta Berlinen arteko harreman energetikoa 1970eko hamarkadan hasi zen. Willy Brandtek (SPDkoa hura ere) akordioa lortu zuen Leonid Brezhnevekin: Sobiet Batasunak gas merkea bidaliko zion, eta Alemaniak ordainduko zuen azpiegitura. Argudio ekonomikoaz gain, politikoa ere bazegoen: Wandel durch Handel izenekoa, hots, «aldaketa merkataritzaren eskutik». Edo bestela esanda, Sobiet Batasunak —eta geroago Errusiak— ez zion Mendebaldeari eraso egingo, harreman ekonomikoa galduko lukeelako.

Fukushimaren ondoren Angela Merkelen zentral nuklearrak ixten hasteko erabakiak areagotu egin zuen gasaren beharra —energia berriztagarrietan egindako inbertsioek emaitzak ekarri arte—, eta horrek ekarri zuen Nordstream 2 gasbidea—irailean amaitu zuten, baina Scholzek ez dio baimenik eman—.

Edonola ere, badirudi presioa eragina izaten ari dela. Armei dagokienez, Berlinek dio zeharka bidaliko dituela tankeak Ukrainara: Esloveniak bere T72 sobietarrak emango dizkio Ukrainari, eta, ondoren, Alemaniak hornituko du Eslovenia tanke berriekin. Energia aldetik ere, gradualki bada ere, Errusiarekiko loturak hautsiko dituztela agindu du Annelena Baerbock Atzerri ministro berdeak: «Udarako, Errusiako petrolio eskaria erdira jaitsiko dugu, eta zero izango da urte amaieran; ondoren, gasak jarraituko dio». Ikusteko dago gerraren bilakaerak ez ote duen egutegi hori hankaz gora jarriko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.