Energia aurrezteko plana

Jaurlaritzak Madrili eskatu dio dekretua «malgutasunez» ezartzeko

Tapiak esan du betearaziko dutela, baina uste du sektore bakoitzaren beharrak kontuan hartu behar direla. PPk Konstituzionalera joko du

jokin sagarzazu
2022ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak betearazi egingo dituzte bihar indarrean sartuko diren neurriak, baina Arantxa Tapia Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako sailburuak Madrili eskatu dio «malgutasunez» ezartzeko, dekretuak berak jasotzen dituen salbuespenekin, baina baita sektore bakoitzaren«ezaugarriak, egoerak eta beharrak» kontuan hartuta ere. Era berean, Espainiako Gobernuari proposatu dio irailean Bruselara bidaliko duen plan osatuagoko neurriak autonomia erkidegoekin adosteko, oraingo dekretuarekin egin ez duen bezala, «asko baitago jokoan», Tapiaren esanetan.

 

Ikusi gehiago:Jaurlaritzak Madrili eskatu dio dekretua «malgutasunez» ezartzeko

Atzo, erkidegoetako ordezkariekin bildu ziren Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroa eta Reyes Maroto Industria eta Merkataritzakoa, eta tinko eutsi zioten dekretuan jasotzen diren neurriei, egunotan zalaparta handia sortu duten arren, batez ere PPk gobernatutako erkidegoetan. Marotoren arabera, bileran inork ez zuen neurriak beteko ez dituela esan, baina Madrilgo erkidegoko gobernuak iragarri du Auzitegi Konstituzionalera joko duela, bere «eskumenak urratu direlako». Kataluniakoak ere zalantzak agertu zituen, eta, Eusko Jaurlaritzak egin bezala, «malgutasuna» galdegin zuen; «argitasun gehiago» eskatu zituen, eta diru laguntzak, neurriek «kaltetu» ditzaketen sektoreentzat. Halaber, dekretua indarrean jartzeko atzerapen bat proposatu zuen, baina Riberak ez zuen halakorik onartu. Horrekin batera, ministroak berretsi zuen erkidegoei dagokiela dekretua betetzen den ala ez kontrolatzea, eta egiten ez denean isunak jartzea.

Edukian ados, formetan ez

Atzoko bileran, Tapia sailburuak neurriak betetzeko «borondate osoa» adierazi zuen. Azaldu zuenez, Jaurlaritza «erabat ados» dago energia kontsumoak murrizteko Bruselak ezarri dituen helburuekin —%7ko jaitsiera Espainian eta Hego Euskal Herrian—, baina azpimarratu zuen Espainiako Gobernuak indarrean jarri duen dekretua «beste modu batera landu» zitekeela.

Tapiak uste du, halaber, Espainiako Gobernuaren planaz gain erkidego bakoitzak berea izan beharko lukeela, eta Madrilek irailean Bruselara bidaliko duen proiektua ere adostua izan beharko lukeela. «Negu honetan asko dugu jokoan, eta merezi du adostasunez egitea; izan ere, ziurrenik, autonomia erkidegoetatik, hirietatik, administrazio publikoetatik eta baita arlo pribatutik ere ekarpen asko eta oso interesgarriak egin ditzakete. Horiek ere kontuan hartu beharko lirateke».

Nafarroako Gobernuak ere «babes osoa» agertu zion dekretuari. Mikel Irujo Garapen Ekonomikoko kontseilariak parte hartu zuen bilera telematikoan, eta hark industriarako foro berezitu bat sortzea galdegin zuen, Europako araudiaren transposizioa «arintzeko», «lege hutsune batzuk sortzen ari direlako». Irujok gogoratu zuenez, industria da energia gehien kontsumitzen duen sektorea, eta datozen urteetan erronka handiei egin behar die aurre.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.