Oinarriekiko aldea ikuskizun, adituek gaur itxiko dute estatutugaia

Argitzeke dago testu artikulatuak erabaki eskubidea jasoko duen, eta nola. EAJk dio «foro guztietan» babestuko duela erabakitzeko «ahalmena». Otegik bateraezintzat jo ditu EH Bildu eta PSE-EE

jon olano
2019ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politikoa eguneratzeko prozesuak fase bat itxiko du datorren larunbatean, eta beste bat zabalduko hortik aurrera. Testu artikulatu bat taxutzen ari den aditu taldeak astebururako utzi beharko du zirriborroa Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldearen esku; gainean dute epea, eta litekeena da gaurkoa izatea taldearen azken bilera, dokumentua erabat itxita uztekoa—astirik izan ezean, beste egun bat har lezakete—. Gauzak horrela, datozen orduetan argituko da estatus politiko berri horrek jasotzen dituen —eta nola— eztabaida politikoaren erdigunean egon izan diren zenbait gai: nagusiki, erabakitzeko eskubidea eta aitortza nazionala.

Mikel Legardak, Iñigo Urrutiak, Arantxa Elizondok, Alberto Lopez Basagurenek eta Jaime Ignacio del Burgok osatutako batzordeak konfidentzialtasuna gordetzeko agindua bazuen ere, filtrazio astea izan zen aurrekoa. Lehendik ere, hainbat hedabidek argitaratuak zituzten aditu taldeak mahai gainean zituen zenbait gairi buruzko informazioak, baina, azken egunetan, modu esplizituagoan zabaldu dira lanen nondik norakoak. Horien arabera, eta lanak amaitzeke dauden arren, jakinak dira zenbait elementu: batetik, ikuspegiak gerturatu dituen blokea EAJk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk izendatutako adituek osatzen dutela; bestetik, adostasun horretatik kanpo daudela EH Bildu eta PP, eta, gauzak horrela, testu propioak aurkeztuko dituztela.

Azkenik, zabaldu da testuaren bizkarrezurra osatzen ari den hirukoa ere ez datorrela bat erabakitzeko eskubidearen formulazioan, eta, beraz, ikusteke dagoela oraindik kontzeptu hori testuan jasoko ote den, zein ataletan eta zein edukirekin.

Eginkizun argia zuten adituek, Eusko Legebiltzarrak horiei emandako mandatuaren arabera: «Talde teknikoak indarrean dagoen autonomia estatutua erreformatzeko lege proposameneko testu artikulaturako hasiera idatziko du, Euskadiko autogobernua eguneratzeko legebiltzarreko ponentziak onartutako oinarri eta printzipioekin bat». Era berean, «adostutako oinarriak errespetatuz», aukera aztertu eta ahalegina egin behar zuten oinarrien eta harekiko boto partikularren artean bat zetozen puntuak aurkitzeko. Helburua zen, «posible bada, dagoeneko lortutako adostasunak zabaltzea».

Joan den astean, ordea, EH Bilduk salatu zuen EAJ, Elkarrekin Podemos eta PSE-EE ontzen ari diren testua urrun dagoela adostutako oinarri eta printzipioetatik, batez ere Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Espainiako Estatuaren arteko harreman moldeari eta erabakitzeko eskubideari dagokionez. Herenegun, zalantzak uxatu nahi izan zituen Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, Sukarrietan (Bizkaia) Sabino Arana alderdiko sortzailearen heriotzaren 116. urteurrenean eginiko ekitaldian: «Egunotan hainbat gauza entzun dituzue Autogobernu Lantaldearen lanen inguruan, asko kontraesanezkoak eta nahasiak. Egon zaitezte lasai. Denborak gauza bakoitza eramaten du dagokion tokira». Gaineratu zuenez, EAJk «toki horretan eta beste guztietan defendatuko du Euskadiren autogobernua, gure etorkizuna askatasunez erabakitzeko eta herri honek dauzkan eskubide historikoak defendatzeko». Beharrezko jo zuen Autogobernu Lantaldean «akordio zabal-zabala lortzeko ahalegina» egitea, «lehenengo Euskadin eta gero Madrilen eta Bruselan».

Ortuzarri Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak erantzun zion atzo, prentsaurreko batean: «Ortuzarrek erabakitzeko eskubidea defendatu nahi badu, EH Bildurekin egin beharko du, ez [PSE-EEko idazkari nagusi Idoia] Mendiarekin. Nola da posible aurrerapen izugarriak egotea EAJ, PSE eta Ahal Dugu-ren artean testu artikulatuan erabakitzeko eskubidea ez badago?». Izan ere, zalantzarako tarte eskasa utzi zuen Mendiak igandean, El Correo egunkariak argitaratutako elkarrizketa batean. Azaldu zuen EAJk erabakitzeko eskubideari eusten diola testu artikulatuan eta, beraz, jeltzaleen eta sozialisten arteko akordioa «ezinezkoa» dela: «Guk inoiz ez dugu erabakitzeko eskubidea onartuko». Hitz horiek baliatuta, Otegik EAJri esan zion erabakitzeko norekin adostu nahi dituen testu artikulatuaren edukiak: «Erabakitzeko eskubidea badago, ez dago PSOE; EH Bildu dago».

Etzi, oinarrietan bat

EAJk eta EH Bilduk adostu zituzten estatus berriaren oinarri eta printzipioak, eta, bien arteko haustura azaleratu bada ere, bi indarrek bat egingo dute etzi, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, erabakitzeko eskubidea babesteko. PSE-EEren legez besteko proposamen bati zuzenketa bat aurkeztuko diote bi indarrek, eta, hitzartutako testuaren arabera, «ezinbesteko» joko dute Espainiako Estatuarekiko harreman eredu berri bat osatzea, «elkarrekiko errespetuzko kultura zintzoa eta erakunde arteko leialtasuna finkatu ahal izateko». Eredu hori «aldebikotasunean eta itunean oinarritu beharko da, eta dagokion berme erregimena edo sistema jaso beharko du, autogobernu ponentzian adostutako oinarri eta printzipioetan jaso bezala. Gainera, Europako beste zenbait herritan bezala, bide emango dio herritarrek erabakitzeko eskubidea egikaritzeari».

Gaiaz galdetuta, Cristina Makazaga Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak nahiago izan zuen adituen lanei buruzko baloraziorik ez egin, batzordeak izan behar zuen konfidentzialtasuna errespetatzeko. Nolanahi ere, adituek legebiltzarrean txostena aurkezteak bide emango dio ohiko prozedura parlamentarioari, lege proposamen gisa aurkez dadin eta taldeek horri buruzkoak negozia ditzaten. Aintzat hartuta legealdia, beranduenera, 2020ko udazkenean bukatuko dela, ziurra dirudi eztabaidak hurrengo agintaldian jarraituko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.