15.000 sinadura bildu dituzte Arabako hiru parke eolikoen aurka

Arabako Mendiak Aske plataformak uste du «ezinbestekoa» dela proiektuak geldiaraztea. Tapiak adierazi du beste kokapen batzuk ere aztertzen dabiltzala; tartean, baita Gipuzkoan eta Bizkaian ere

Elgeako parke eolikoa (Araba), artxiboko irudi batean. BERRIA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Arabako Mendiak Aske plataformak lurralde horretan eraiki nahi diren hiru proiektu eolikoen aurkako kanpaina bat abiatu zuen orain hilabete, eta, ohartarazi duenez, 15.000 sinadura bildu dituzte. Haien arabera, halako proiektuek mendien industrializazioa dakarte, eta hori «onartezina» da. Jasotako babesaren ostean, ordea, uste dute aldaketarako urratsak egin behar direla: «Ezinbestekoa da berdeguneetan mota horretako azpiegitura grisak baztertzea, eremu natural horiek bizirik irautea beharrezkoa baita lurraldeko bizitzari eusteko, eta hala adierazi du gizarteak».

Proiektu eolikoen eztabaida nagusi izan da azken hilabeteotan. Jaurlaritzaren menpeko EEE Energiaren Euskal Erakundeak Aixeindar sortu zuen Iberdrolarekin batera, eta Araban eraiki nahi dituzten lau parke eolikoren berri eman zuten. Iturrietako, Armakoko eta Labrazako proiektuak dagoeneko BOEn argitaratuta daude apirila geroztik, eta alegazioak egiteko tartea zabalik egon da azken hilabete honetan. Arabako Mendiak Aske plataformak ez ezik, Ahal Dugu-k ere 97 alegazio aurkeztu zituen joan den astean hiru proiektu horien aurka. Horrez gain, Azazetan ere parke eoliko bat ezarri nahi dute, eta Arlabanen haize neurtzaile bat jarri nahi dute, eremu horretan parke bat egiteko aukera aztertzeko.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburua ere parke eolikoez mintzatu zen atzo, eta ohartarazi zuen Araban beste kokapen batzuk ere aztertzen dabiltzala, eta ingurumen inpaktuaren txostenak egin dituztela. Horrez gainera, erantsi zuen Bizkaian eta Gipuzkoan ere parke eolikoak ezarri daitezkeen aztertzen dabiltzala. Haren arabera, Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektorialak baldintzatzen du proiektu horien kokapena, besteak beste bertan zehazten delako leku bakoitzeko haizearen ezaugarriek zein gaitasun duten elektrizitatea sortzeko. Helburua da 2030ean kontsumituko den energiaren %74 berriztagarriek sortutakoa izatea.

Plataformako kideek, ordea, azpimarratu dute energia eolikoa sortzeko aurkezten ari diren proiektuen ereduek energia berriztagarrien abantailak «baliogabetu» egiten dituztela, eta, era berean, Araban parkeak eraikitzeko gero eta kokapen gehiago proposatu izana salatu dute. Halere, gogorarazi dute orain hamabi urte leku horiek babesteko «adostasuna» lortu zutela instituzioek, eta, beraz, proiektuak geldiarazteko eskatu dute. Are, erantsi dute Azazetako proiektuaren aurkako herri alegazioen sinadurarekin jarraituko dutela. «Lurraldeko biztanleak natura ondarea defendatzeko lanean jarraitzera animatzen ditugu».

Espainiako Gobernuak Araban duen azpiordezkaritzan entregatuko dituzte sinadurak bihar, Gasteizen, eta elkarretaratze bat ere egingo dute, 11:30ean.

Nafarroan ere aurka

Nafarroan ere hainbat parke eoliko eraiki nahi dituzte, baina hainbat talde atera dira aurka. Haize Berriak plataformak bost mendi martxa antolatuko ditu maiatzean, Sacyr enpresak Iruñerriko iparraldean eraiki nahi dituen bost proiekturen aurka. Eguesibar, Esteribar, Ezkabarte, Lizoain-Arriasagoiti, Odieta, Olaibar, Erro, Anue eta Xulapain bailarak batuko dituzte ekimenen bitartez, proiektuek eremu horietan izango baitute eragina.

Hilaren 9an egingo dute lehen martxa, Anotzen, eta Aldaun eta Mendurro mendiak igoko dituzte. Ostean, lekukoa pasatuko diete hurrengo eskualdeetako herritarrei, eta igandero egingo dute martxa bat. Hilaren 26an eta 27an amaituko da, Ultra Korrika ekimenarekin. 160 kilometro inguruko ibilbidea izango da, eta helburu du eskualde guztiak igarotzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.