Memoria Demokratikoaren Legea

Biktimak «erdiguneratzeko» legea

Espainiako Diputatuen Kongresuak Memoria Demokratikoaren Legea onartu du, aldeko 173 botorekin. Ezkabako gotorlekua eta La Cumbre memoria zentro izango dira, besteak beste

Ezkabako gotorlekutik 1938an ihes egindako bi pertsonaren gorpuak, Aranzadi elkartearen indusketan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
inaut matauko rada
2022ko uztailaren 15a
00:00
Entzun

Ia bi urteren ostean, Espainiako Diputatuen Kongresuak Memoria Demokratikoaren Legea onartu zuen atzo, PSOE, Unidas Podemos, Mas Pais, EH Bildu, EAJ eta PDeCAT alderdien aldeko 173 botori esker. 2020ko irailean aurkeztu zuten Podemos eta PSOE alderdiek legearen aurreproiektua, eta 2021eko uztailean onartu zuen Espainiako Ministroen Kontseiluak lege proiektua. Hala ere, hainbat arrazoi direla medio, atzeratu egin da onarpena, atzo arte.

Ikusi gehiago:Memoria lege berria aurrerapauso bat dela diote EH Bilduk eta EAJk

Legea bazter batean egon da denbora batez, eta, Espainiako Gobernuak berriro aurrera ateratzeko martxa hartu zuenetik, negoziatzen aritu dira PSOE eta Unidas Podemos gainontzeko alderdiekin, gehiengo absolutua markatzen duen botoen langa gainditzeko. Lege proiektuari hainbat zuzenketa egin dizkiete EAJk, EH Bilduk, Mas Paisek eta PDeCATek, eta, horiei esker, aurrera ateratzea lortu dute. PP, Ciudadanos, Vox eta talde mistoko alderdiek legearen aurka bozkatu dute, eta ERCk abstentzioaren alde egin du. Izan ere, lege berriak ez du indargabetzen 1977ko Amnistiaren Legea, eta horrek zapuztu du ERCren aldeko botoa. Hona hemen arauaren berritasun nagusiak:

BIKTIMA IZAERA BERRIA

Jose Luis Rodriguez Zapateroren 2007ko Memoria Historikoaren Legea ordezkatuko du onartu berri duten testuak. Lege berriaren xedea biktimak ekintza politikoaren «erdigunean» jartzea da, eta, horretarako, biktima izendapena nazioarteko giza eskubideen parametroen arabera definituko dute hemendik aurrera. Hala, hildako arbasoen gorpuak berreskuratzea eskubide bat izango da, eta DNA banku bat sortuko dute, lana errazteko. Urriaren 31, Espainiako Gorteek konstituzioa onartu zuten eguna, biktimak omentzeko egun ofiziala izango da, eta maiatzaren 8a, berriz, erbesteratutako biktimen eguna.

Lege berriaren bidez, memoria demokatikorako politikak ere irizpidetuko dituzte. Hala, estatuaren esku geratuko dira desagertutako herritarrak bilatzeko lanak, eta hainbat ikerketa bultzatuko dituzte, indarrez kendutako ondasunen inguruan gehiago jakiteko eta lan behartuak egin zituztenei aitorpena egiteko. Bestalde, nazioarteko brigadetan parte hartu zuten milizianoek eta erbestera joan behar izan zuten pertsonek espainiar herritartasuna lortzeko eskubidea izango dute.

Horrez gain, 1936ko estatu kolpearen biktimak «gutxiesteko eta umiliatzeko helburua» duten eta frankismoa goraipatzen duten fundazioak debekatuko ditu lege berriak. Erorien Harana kudeatzen duen fundazioa ere desegingo du legeak, eta mausoleoaren esanahia eta helburua aldatuko dute. Aurrerantzean, 1936ko gerrako bi bandoetan ariturikoei egingo dio omen, eta mausoleoaren eraikuntzaren zergatiak eta orduko egoera historikoa gizarteratzea izango du helburu.

HIZKUNTZAK BIKTIMA

Hizkuntzei dagokienez, euskara, katalana eta galiziera, eta hizkuntza horien komunitateak frankismoaren biktima izango dira oraindanik, eta diktadura frankistan pairatu zuten jazarpena aitortuko du legeak.

LA CUMBRE ETA EZKABA

EH Bilduk egindako proposamenari esker, Ezkabako gotorlekua (Nafarroa) eta Donostiako La Cumbre jauregia memoria gune izendatuko dituzte. Gotorlekua Espainiako eta Nafarroako gobernuen arteko hitzarmen baten bidez kudeatuko dute, eta La Cumbre Donostiako Udalaren esku geratuko da. Bestalde, legeak baditu diktadura frankistaren garaiko Parisko Eusko Jaurlaritzaren egoitza ohia berreskuratzeko mekanismoak ere, eta, EAJk lortzen badu frogatzea egoitza hori Eusko Jaurlaritzarena zela, egoitza berreskuratzeko edo konpentsazioa jasotzeko aukera izango du.

1978TIK 1983RA

Giza eskubideen urraketaren bat izan dezaketen kasuen ikerketa judiziala 1978ra mugatuko da, konstituzioa onartu zen urtera. Hori dela eta, GAL talde armatuaren krimenak eta Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren hilketak ez dituzte ikertuko. Hala ere, EH Bilduren zuzenketak bidea irekiko du 1978tik 1983ra bitartean 2007ko legetik kanpo geratu ziren gertakariengatik aitortza eta erreparazioa lortzeko. Horretarako, batzorde tekniko bat sortuko dute, legea indarrean sartzen denetik gehienez urtebetera, eta «demokrazia egonkortzearen eta oinarrizko eskubideen alde borrokatu ziren» pertsonen aurkako eskubideen ustezko urraketak ikertuko dituzte.

EPAI FRANKISTAK, BALIOGABE

Erregimen frankista eta, beraz, diktadura garaiko organo judizialak ez-legitimo eta legez kontrakoak izango dira hemendik aurrera. Neurri horri esker, Espainiako Konstituzioa onartu baino lehen epaitegi frankistek zigortu zituzten pertsonek epaiak legez kanpoko izendatzea eskatu ahal izango dute. EH Bilduk, PDeCATek eta Mas Paisek lortu dute neurri hori aurrera ateratzea.

ONDASUNEN ITZULKETA

EAJren proposamenez, alderdi politikoek eta sindikatuek eskubidea izango dute 1936ko gerran kendu zizkieten agiri, ikur, kartel eta banderak bueltan jasotzeko, betiere Estatuaren Administrazio Orokorraren esku badaude ondasun horiek.

IKERKETARAKO BATZORDEA

Memoriaren Kontseiluak estatu mailako batzorde bat sortu beharko du, akademikoa, aldi baterakoa eta ez-judiziala. Batzorde horrek gerran eta diktaduran jazotako giza eskubideen urraketak ikertuko ditu. EH Bilduk egin du zuzenketa, eta «bizikidetza demokratikoari» mesede egitea nahi dute. Horretarako, giza eskubideen esparruan eta akademian ibilitako pertsonak egongo dira batzordean.

DATU BASEAK ESKURA

1936ko gerrari eta diktadurari buruzko dokumentazioa errazago eskuratu ahal izatea lortu du EAJk. Legeak xedapen berri bat izango du, interesa duen edonork informazioa errazago lortzeko. Hala ere, ez dira eskuragarri jarriko agiri historiko guztiak, sekretupean mantendu beharrekoek horrela jarraituko baitute.

ELKARTEENTZAT, GAZI-GOZO

Memoria Historikoaren eta Frankismoaren Biktimen Elkarteen Bilguneak Espainiako Diputatuen Kongresuak onartu berri duen legea kritikatu du, argudiatuz ez dela nahikoa. 2007ko legea hobetzen duela onartzen duten arren, elkarte memorialistei ez zaie gustatu 1977ko Amnistia Legea ez baliogabetzea. Bestalde, adierazi dute legeak ez duela bermatuko 1936ko gerran, diktaduran eta trantsizioan giza eskubideen urraketak pairatu zituzten biktimen benetako babes judizialerako eskubidea. Legeak Eliza katolikoa ez duela gaitzesten ere adierazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.