2023ko aurrekontuak

Nafarroako Gobernuak beste 23 milioi izango ditu 2023an gastu publikorako

Saizek azaldu du EH Bildurekin hasitako negoziazioetan «aurrerapauso nabarmenak» eman direla. Aznalek beharrezkotzat jo du «akordio osoa» lortzea

Elma Saiz Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, atzo, gobernuaren prentsa aretoan, 2023ko aurrekontuaren lege aurreproiektua aurkezten. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2022ko urriaren 20a
00:00
Entzun
«Legealdi honetan laugarren urtez aurrekontuak izateko bidean gaude, haien atarian gaude». Elma Saiz pozarren azaldu zen atzo eguerdian prentsa aretoan, Nafarroako Gobernuko 2023ko aurrekontu legearen aurreproiektua onartu berritan. Duela hiru aste EH Bildurekin hasitako negoziazioetan «aurrerapauso nabarmenak» eman direla aipatu zuen Saizek. Aurkezpen horren ondoren, EH Bilduko Laura Aznalek nabarmendu zuen beren proposamenak jasota edukia hobetu dela, baina hori negoziazioen abiapuntua baino ez dela. Haren hitzetan, aurrekontuak eta zerga neurriak bilduko dituen «akordio osoa» lortzea dute xede.

Nafarroako Gobernuak atzo onartutako aurreproiektua «inoizko handiena» izango da. Gobernuak 5.238 milioi euro izango ditu datorren urtean gastu eta inbertsio publikorako —finantza gastuak gehituta, 5.749 milioi eurokoa izango da—, irailean aurreikusitakoa baino 23 milioi euro gehiago. Saizen arabera, langile publikoei orotara %6 igoko zaie soldata, eta euren zerga atxikipenen ondorioz igo du diru sarreren aurreikuspena. Hala, BPGaren %0,6ko defizit helburua kenduta, 4.967 milioi euroko diru sarrerak izatea espero du.

Dena den, gobernuak oraindik ez du aurkeztu urtero aurrekontuekin batera joan ohi diren zerga neurrien inguruko legearen aurreproiektua. Ez dute jakinarazi zerga sistemari zer aldaketa egin nahi dizkioten, baina hizpidera ekarri dute litekeena dela testuinguru ekonomiko zailean errenta zergan, adibidez, kenkari batzuk ezartzea, eta sumatzen da balitekeela jaitsiera posible horrek bilketa apaldu eta Ogasunari kostu bat eragitea.

Horregatik, Saizi behin eta berriz galdetu zioten atzo ea zergetan gobernuak bultzatu nahi dituen aldaketak aurrekontuak lantzeko egindako diru sarreren kalkulu barruan sartu diren, edo gerora birkalkulatu beharko diren; baina Saizek ez zuen zehaztu. Fiskalitatean aldaketa orok aurrekontuen kudeaketa doitzera behartzen duela eta egokitze hori ohikoa dela, hori bakarrik esan zuen: «Zerga neurriren bat onartzen den bakoitzean, horrek eragina du. Adibidez, Madrilek argindarraren BEZaren abendura arteko jaitsiera datorren urtera luzatzen badu, hori ez dugu jaso aurrekontuetan, eta, gertatuko balitz, egokitu beharko genuke. Badakizkigun aldaketa batzuk sartu ditugu, eta beste batzuk ez». Dena den, ez zuen zehaztu Nafarroako Parlamentuan onartu beharreko moldaketen artean zeintzuk sartu dituzten kalkuluan eta zeintzuk ez.

Zergak funtsezkoak dira

Azken finean, airean dago zergekin zer gertatuko den, eta baliteke EH Bildurekin dituen negoziazioetan funtsezkoak izatea. Aurreko hiru urteetan gobernuak koalizio abertzalearekin aurrekontuen inguruko akordioa lortu arren, zergetan EH Bildu abstenitu egin da. Horregatik, EH Bilduko Aznalek «anbizio handiagoa» eskatu dio Nafarroako Gobernuari. Elkarrizketa horietan gobernuak aurkeztutako hainbat neurri ontzat jo dituzte, baina adostasunetik «urrun» daude oraindik ere. «Espero dugu gobernuaren posizioa aldatzea, eta lan asko dugu egiteko oraindik».

Diferentziak non egon daitezkeen galdetuta, Aznalek ez du zehaztu, baina gobernuaren asmoen zentzua iradoki du: «Gutxiago biltzea eragingo duten neurriak proposatzea ez da nahikoa guretzat. Gehien dutenek gehiago eman behar dute». Sozietate zergaren inguruko kontuetan diferentziak dituztela aipatu du.

Dena den, Aznal pozik azaldu da negoziazioen «lehen helburua bete» egin delako, eta aurreproiektuetan EH Bilduren proposamenak jaso direlako. Aznalen ustez, horri esker lortu da hasierako testua hobetzea. Proposatutako ardatzen artean daude Osasunbidean lehen arreta indartzeko eta itxarote zerrendak murrizteko neurriak hartzea, adinekoen eta menpekoen zaintza politikak indartzea, landa eremuan etxebizitza soziala sustatzea, larrialdiko laguntzak eta trantsizio energetikoaren legea «anbizioz» garatzea.

Gastu soziala: 2.800 milioi

Gobernuak aurkeztutako aurreproiektuaren datu orokorrei dagokienez, aurtengoarekin alderatuta, gastu muga %10 handitu da; eta legealdiko lehen aurrekontuarekin alderatuta, %23. Gainera, aurrekontuaren %53 inguru jasoko dute Osasun, Hezkuntza eta Eskubide Sozialen departamentuek: zehazki, 2.782 milioi euro.

Saizek azaldu zuen Europako funtsen bultzada ere islatuko dela departamentu guztien aurrekontuetan: zehazki, Susperraldirako eta Erresilientziako Mekanismotik 185,5 milioi euro jasoko dira, eta pandemiaren ondorioei aurre egiteko React funtsetik, 63,5 milioi; orotara, 249 milioi.

Bere gain hartu gabeko eskumenen truke Nafarroak 635 milioi euro pagatuko dizkio Madrili datorren urtean. Dena den, behin-behineko datua da hori; izan ere, bi gobernuek oraindik ixteko dute 2020-2024ko eperako Nafarroaren eta estatuaren arteko ekarpenaren eta diruaren joan-etorrien inguruko akordioa.

Epe hori amaitzeko beste bi urte falta badira ere, ez dago informaziorik, eta Saizek baieztatu zuen «elkarrizketak bide onetik» doazela baina oso konplexuak direla.

Gaineratu zuenez, pandemiaren, Ukrainako gerraren eta testuinguru ekonomikoaren ondorioz legealdi zaila izaten ari da, eta horrek negoziazioa baldintzatu du. 2023an lau urte beteko dira akordiorik gabe, baina Saizek gogorarazi zuen Eusko Jaurlaritzak «hamar urte» eman zituela egoera horretan.

Azaroaren 4an

Oraindik bidea egin behar du Parlamentura heldu aurretik. Edukia gizarteko eragileei helarazi behar zaie Gizarte eta Ekonomia Kontseiluan. Behin hori eginda, gobernuaren asmoa da lege proiektu gisa onartu eta testua Parlamentura igortzea. Espero dute Eguberrietarako urteko legerik garrantzitsuena aurrera ateratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.