Albistea entzun

Agenda markatu du «Iceta bideak»

Espainiako eta Kataluniako hedabideek eta alderdi politikoek hizketagai izan dute BERRIAk Miquel Icetari eginiko elkarrizketa. PSCko buruak esandakoak «desegoki» jo ditu PSOEk; independentistekin lerratzea egotzi dio PPk
Hedabide ugarik azken egunetako azalera eraman dute Icetak BERRIAri esandakoa.
Hedabide ugarik azken egunetako azalera eraman dute Icetak BERRIAri esandakoa. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2019ko martxoak 31

Hauteskunde kanpainaurre betean sartua daude Euskal Herriko, Espainiako eta Kataluniako indar politikoak, proposamen eta asmo jasa betean, nork bere mezua agenda politikoaren lehen lerroan kokatu nahian. Debate horretan, Kataluniako balizko autodeterminazio erreferendum bat izan da asteko protagonista; gaia ez da berria, baina ez da hain ohikoa euskarazko hedabide batek argitaratutako elkarrizketa bat izatea Espainiako eta Kataluniako alderdi eta hedabide ugariren agenda markatzen duena. Horrela gertatu da asteon, BERRIAk Miquel Iceta PSCko idazkari nagusiari eginiko elkarrizketarekin.

Asteazkenean argitaratu zen elkarrizketa, eta, han, titular mamitsua eman zuen Icetak: «Herritarren %65ek independentzia nahi badute, demokraziak ahalbidetu beharko du». Esan zituen gauza gehiago: esaterako, «erreferenduma 10-15 urtez atzeratu» behar zutela independentistek, «ez dagoelako Espainian gehiengo bat babestuko duena autodeterminazio eskubidea konstituzioan sartzea». Arratsalderako, elkarrizketaren edukien berri jaso zuten Kataluniako hedabide ugarik beren edizio digitaletan: tartean, La Vanguardia-k, Ara-k eta Vilaweb atariak. Geroxeago, berriak Madrilgo hedabide eta agentzietara egin zuen jauzi. Hazten ari zen elur bola ikusirik, Icetak berak azalpenak eman zituen Twitterren, edukiarekiko ñabardurarik edo itzulpenarekiko kexarik egin gabe. 16:37. Hiru txioko haria, zazpi puntutan bere «sakoneko posizio politikoa berresteko». Argitu zuen independentziaren aurkakoa dela, federalista dela eta, «legeriaren barruan», elkarrizketaren alde dagoela: «Ez dut uste independentzia erreferendum bat irtenbidea denik %50ean zatituta dagoen gizarte batentzat».

Egun horretan, ordea, Pedro Sanchezek aurkeztutako proposamen sorta zen albiste; Espainiako gobernuburu eta PSOEko presidentegaiak 110 neurri eskaini zituen, eta bat bera ere ez zen Kataluniari buruzkoa. Madrilgo hedabide batzuk, El Mundo kasurako, Icetaren eta Sanchezen arteko kontrastea nabarmentzera mugatu ziren hasieran. Ez, ordea, ABC: «PSOEk data jarri dio Kataluniaren independentziari: hamar urte», zioen osteguneko azalean.

Hortik aurrera, etxe kanpoko eta barruko kritikak jaso zituen sozialista katalanen buruzagiak, PSOE bera saiatu baitzen gaia errotik mozten. Goiz berean hiru ministro ahalegindu ziren horretan. «Oso ohikoa da Iceta kideak hausnarketak egitea, eta hori txertatzen denean egungoa bezalako hauteskunde konfrontazioaren testuinguru batean, desegokia da», esan zuen ostegun goizean Jose Luis Abalos Espainiako Sustapen ministro eta PSOEren kanpainako koordinatzaileak. Meritxell Batet Lurralde Antolaketarako ministroak azpimarratu zuen autodeterminazio erreferendum batek ez duela «lekurik sistema konstituzionalean», eta beste horrenbeste egin zuen Carmen Calvo presidenteordeak: «Gure herrialdeak ez du egitura juridikorik inork erreferendum baten bidez Espainiako Estatuaren batasuna apurtzeko».

Alferrik, ordea, elkarrizketak erabat zipriztindu zituelako hedabide nagusietako erredakzioak, irrati audientzia handietako tertuliak eta indar politikoen mezuak; BERRIAri «aldizkari» esan zioten batzuek, «agerkari digital» beste batzuek. Madrilgo berripaperak are gordinagoak ziren ostiralean. «Iceta bidea» bataiatu zuen El Mundo-k, independentisten eta PSOEren arteko elkar ulertze bat iradokitzearekin batera. Gaia itxita nahi zuen gobernuak, baina asteazkeneko elkarrizketaren uhinak ministroen kontseilu osteko agerraldira iritsi zitzaizkion bi egun geroago. Batetek berak erantzun zuen, bezperan esandakoaren ildotik, PSOEk «irmo» diharduela «sezesionismoaren aurka» eta «sistema konstituzionala» babesten duela.

Oposizioarentzat bazka

Icetaren esanak goxoki bat izan dira Espainiako eskuinarentzat, PSOEren ustezko independentismoan oinarritu baitu azken egunetako kritika politikoa. «Icetak Sanchezen bide orria aitortu du. Hamar urte barru Katalunia independente izatearen alde dago. Onartu du propagandaren eta doktrinamenduaren bidez sezesioa justifika daitekeela. Ez dugu onartuko», zioen Pablo Casado PPko presidenteak ostiralean, sare sozialetan. Elkarrizketa asteazkenean argitaratu zen, eta atzo oraindik gai horixe zuen ahotan Casadok: «Icetaren azken proposamena, autodeterminazio kontsulta bati buruzkoa, erabateko arduragabekeria da»; Espainia «epeka saldu» nahi izatea egotzi zion: «Ni gobernuko presidente naizenean, ez da egongo ez erreferendumik, ez kontsultarik, eta inork ez du erabakiko gainerako espainiarren ordez».

Eskuinen arteko lehian, ez du atzean geratu nahi izan Albert Rivera Ciudadanoseko buruak, eta ostiralean esan zuen «immorala» iruditzen zaiola Icetaren planteamendua; azaldu zuen «harrituta» geratu zela PSCko buruaren adierazpenen berri izatean: «Icetak ahoa irekitzen duen aldiro, independentistei hauspoa ematen die». Erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaida mahai gainean zela, bere posizioa finkatu nahi izan du egunotan Podemosek ere, eta Pablo Iglesias idazkari nagusiak iragarri du hauteskunde programan jasoko dutela erreferendum bat egiteko aukera.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Donostiako Renferen geltokia. ©GORKA RUBIO / FOKU

Beste geltoki bat aldiriko trenen transferentziaren lokarria askatzeko

Xabier Martin

Laster egingo dute Gasteizek eta Madrilek aldiriko trenen eskuduntza gerturatuko lukeen bilera

Beatriz Artolazabal eta Ramiro Gonzalez, gaur, Gasteizen ©L. Rico / Efe

Gasteizerako proiektu «kontinuista eta berritzailea» gidatuko duela esan du Artolazabalek

Edurne Begiristain

EAJren Arabako Lurralde Batzarrak Arabako hiru barrutietarako hautagaiak berretsi ditu gaur. EH Bilduk oniritzia eman die Arabako zortzi udalerrietako zerrendaburuei, eta Ahal Dugu-k hiriburuetako hautagaiak aurkeztu ditu.

Senpereko herriko etxeko oposizioak ere dimititu egin du

Senpereko herriko etxeko oposizioak ere dimititu egin du

Arantxa Iraola

Urrian hautetsi hainbatek utzi zuten kargua, auzapezaren kudeaketa ereduarekin kritiko

 ©MARISCAL / EFE

«EAJk 40 urtez egin duen politikan dabil EH Bildu orain»

Xabier Martin

Kupoaren bost urterako akordioa da EAJren legegintzaldiko mugarri nagusietako bat, Sagastizabalen arabera. Nafarroako trafiko eskuduntzari ongietorria egin dio.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...