Rapanuizko ikastolak

Pazko uharteko jatorrizko hizkuntzak, rapanuiak, gainbehera handia izan du azken hamarkadetan. Gurasoen eta seme-alaben arteko transmisioa eten egin da, baina badira belaunaldi berriei irakasteko egitasmoak, eta eskola batean 25 haur ari dira rapanuiz ikasten.
Ikasleak moai estatua erraldoiak bisitatzen.
Ikasleak moai estatua erraldoiak bisitatzen. URTZI URRUTIKOETXEA Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urrutikoetxea -

2019ko irailak 27

Munduaren zilborra deitzen diote bertako biztanleek: Te pito o te henua euren hizkuntzan. Rapa Nui edo Pazko uharteko biztanleek azken mendeotako hondamendi guztiei egin diete aurre, eta XXI. mendera arte iritsi da haien hizkuntza eta kultura. Turismoarekin, hainbat ohitura, musika eta dantza indartu eta moldatu egin dituzte urteotan. Baina uharteko hizkuntza polinesiarra, rapanuia, gainbeheran sartu da, transmisioa etenda. Egoera aldatzeko edozerk balio ez duela jakitun, Ho?a'a Re'o zabaldu dute, «hizkuntzaren habia», auzolanean eraikitako murgiltze eskola.

XIX. mendean, 111 biztanle baino ez ziren gelditu uhartean. Horien ondorengoak dira egun irlan bizi diren hiruzpalau mila rapanui herritarrak. Euren hizkuntzan egiten dute agur aireportuko seinaleek, noizean behin ikusten den errotuluren batek, eta turistei egiten dieten dantzetako kantuetan. Baina transmisioa etenda dago, eta galera handia izan da: «1976an lehen aldiz rapanuizko eskolak hasi zirenean, lau umetik hiruk bazekiten. 2016an, %10 baino ez ziren», Viki Haoaren esanetan. Bizi osoa darama rapanuia bultzatzen irakaskuntzan, hutsetik testuliburuak eta ipuinak sortzen.

Te Pito O Te Henua kalea portutik elizaraino doa. Itsas maskorrak eta polinesiar irudiek hornitutako eraikinean eskuinera ehun metro eginda, bide batek Ho?a dakarren etxera darama. Handia da, koloretsua, eta zabala, barruan hormarik gabea, umeak elkarrekin ibil daitezen, eta une berezietan bakarrik bereizten dituzte adinaren arabera, talde bakoitza txoko batera eramanez. «Honetan sinesten zuten hamabost familiarekin hasi ginen, 2017an. Gaur, 25 ume ditugu, 2 eta 4 urte artekoak», dio Estefania Arakik. Etxea, habia, tapu da, leku sakratua: rapanuiz baino ez da egiten barruan. Euskal Herrian erabiltzen den tabu hitzak ere polinesiar jatorri bera du. Gurasoei ere inplikazio bera eskatzen diete, «etxean sukaldea, adibidez, tapu izendatzea, lapiko eta tresneriarekin izenak ikas ditzatela».

Hizkuntza etxean jaso ez eta gero ikasi dutenen kontzientziaz mintzo da Araki: «Behar handia zegoen; presa dugu. Espainiera jaun eta jabe bihurtu da uhartean. Hala ere, rapanuiz hasten banaiz, beste asko aktibatzen dira; ohitura kontua ere bada». Zaharrek hobeto eutsi arren, hizkuntzaren kontzientzia gazteen artean dago: «Hizkuntza badakitenek baina seme-alabei transmititu ez dietenek bilobekin ere ez dute egiten. Eta ikasten aritu garenean, 'rapanuiz dakizunean egingo dizut' esaten ziguten. Baina nola ikasiko dut, egiten ez badidazu?».

Eredu elebidunaren porrota

Hizkuntzaz gain, Rapa Nuiko kantak, ohiturak eta mundu ikuskera ere transmititu nahi dituzte, eta umeak itsasertzera edo baratzera eramaten dituzte, baita euren arbasoek altxatutako moai erraldoi famatuak ezagutzera ere. Baina ondo dakite «hezkuntza indigena elebiduna» arriskutsua ere badela: «Txileko ministeriotik antolatutako hezkuntza elebiduneko programek porrot egin dute. Hau da rapanuia egiaz biziberritzen den lehen lekua, pedagogo rapanui hiztunek eginda», dio Arakik. «Arbasoen jakituria, kosmobisioa, kultura transmititzen ditugu, baina hizkuntzak lotzen ditu horiek guztiak; rapanuiz egin behar da». Euskal Herriko ikuspegitik hain nabarmena dena sarritan ez dute hain argi Latinoamerikan, espainieraz egiten baitira eskola indigena asko.

Rapa Nuin badute harremanik maputxeekin eta Txileko beste herri batzuekin, baina Polinesiara begira daude batez ere. «Maoriekin eta hawaiiarrekin batera ari gara lanean. Eurek ere galera handia izan zuten, eta iratzarri ziren; dagoeneko, unibertsitateraino ikas daiteke maorieraz. Ia 40 urteko esperientzia hori baliatzen ari gara». Lehen Hezkuntza osatzea dute datozen urteetako helburu, «seigarren-zazpigarren mailara arte iristea, eta ametsa, noski, unibertsitateraino segitzea».

Zeelanda Berrian irakasle aritutako rapanuitar bat eta beste aditu maori bat dituzte laguntzaile. Uharteko esaera batek dioen legez, «Rapa Nui urrun dago, baina ez bakartuta».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Txagorritxuko erietxean, COVIDaren test serologikoak aztertzen. ©G. RUBIO / FOKU

Eritasunari buruzko lezio berrikusia

Arantxa Iraola

Asko falta da oraino, baina COVID-19aren inguruko ezagutzak egunero ari dira argitzen, osatzen; ondorioz, izurriaren hasieran gaitzaz esan ziren hainbat gauza zahartuta eta atzeratuta geratu dira guztiz. Etengabeko berrikusketa eskatzen du gai honek.

Langile bat, Garesen, piperra biltzen iaz. ©Jesus Diges / efe

Nafarroan, PCR probak egingo dizkiete sasoikako langileei

Joxerra Senar

Abuztutik urrira bitartean, ardorako mahats bilketan edo bestelako barazki eta fruituen uzta bilketarako Nafarroaz kanpotik etorriko diren langileei probak egingo dizkiete, etan positibo emanez gero, konfinamenduan lagunduko die gobernuak.

Basurtun, PCR probak egiten ©Javier Zorrila / efe

300 positibotik gora Hego Euskal Herrian

Berria

Bizkaian eta Araban gorakada nabarmenak izan dira.

Pentsionisten elkarretaratzea Bilboko Justizia Jauregian. ©Aritz Loiola

Pentsiodunek pandemiako testigantzen txosten bat aurkeztuko diote EAEko Fiskaltzari

Maialen Arteaga

Irailaren 7an bilduko dira fiskalarekin pandemiako testigantzak eta datuak biltzen dituen txostena helarazteko

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna