BBVAko langileek greba egingo dute bihar, kaleratzeak salatzeko

aitor biain
2021eko ekainaren 1a
00:00
Entzun
BBVAk iragarri zituen kaleratzeen aurka, bi orduko lanuztea egin zuten langileek atzo goizean. Sindikatu deitzaileen arabera, langileek «modu masiboan» erantzun zuten, eta, uste dute horrek «mezu ozen eta argia» eman diola enpresari hartutako erabakiaren inguruan. Bada, CCOO, ACB eta UGT sindikatuek bankuko langileen % 70 ordezkatzen dute iragarri dute biharko greba deialdiari eusten diotela. BBVAk 3.798 langile kaleratzeko erregulazioa aurkeztu zuen, Hego Euskal Herrian 120 inguru lirateke, eta neurri hori baliogabetzeko borrokan ari dira.

Langileen ordezkarien eta zuzendaritzaren arteko negoziazio epea aste honetan amaituko da. Azken bilera bat egingo dute bi aldeek gaur, halere, eta enpresak joan den astean mahai gainean jarritako proposamena eztabaidatuko dute. Bankuak sindikatuei eskaini zien kaleratzeak 50 urte baino gutxiago dituztenen artean egitea, eta 55 urte baino gehiago dituztenei aukera ematea erretiro aurreratua hartzeko. Soldataren %70eko kalte ordaina eskaini zien 55 eta 62 urte bitarteko langileei.

Horrez gain, proposatu zien 63 urtetik gorakoei lan egindako urte bakoitzeko hogei egun ordaintzea, hamabi hilabeteko mugarekin, eta 50 eta 54 urte bitarteko langileei soldataren %65eko kalte ordaina ematea, gehienez ere 250.000 euroraino. 50 urtetik beherakoentzat edo hamar urtetik beherako antzinatasuna duten langileentzat, kalte ordaina 33 egunekoa izango litzateke urteko, eta gehienez hogei hileko soldata. Sindikatuekin akordioa lortu nahi du bankuak, eta baliteke ostiralean bertan ixtea.

Kutxabanken, ituna

Kutxabankek, bestalde, hirugarren hitzarmen kolektiboa sinatu zuen langileen ordezkariekin, atzo. CCOO, Pixkanaka eta Ale sindikatuen babesa izan zuen itunak langileen %59 ordezkatzen dute; aurka azaldu ziren, ordea, ELA, LAB eta Asproban sindikatuak. Datozen hiru urteetan egongo da indarrean, eta, sindikatuen arabera, adostu dute tarte horretan soldata %5,75 igotzea eta telelanean ari diren beharginei konpentsazioak hobetzea, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.