Aitor Ajuria. Mendi eskiko eskiatzailea eta mendi korrikalaria

«Mendiko lasterketen aldeko apustu garbia egin nahi dut 2023an»

Euskal Herrian, mendi eskiko eta mendi lasterketetako izenik ezagunenetakoa da Aitor Ajuriarena. Azken urteetan, bi kiroletan aritu da lehian. Aurten, baina, erabaki bat hartu behar izan du, arazoak izan baititu bi diziplina horiek uztartzeko.

BERRIA.
Unai Ugartemendia.
2022ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Lanera sartu baino lehen egin du elkarrizketa Aitor Ajuriak (Leintz-Gatzaga, Gipuzkoa, 1998). Hitz errazekoa da, ahobizarrik gabe hitz egiten duen horietakoa. Iaz Italia aldean egon ondoren, etxeko berotasunera itzuli da aurten. Ez da amestutako urtea izan, baina ilusioz gainezka dago datorren denboraldirako.

Zer moduz joan da asteburua Espoten [Lleida, Herrialde Katalanak]?

Larunbatean esprint modalitatea jokatu genuen. Huts batzuk egin nituen sailkapen fasean, baina final-laurdenetara pasatzeko aukera izan nuen. Irabazteko asmoz jokatu nuen, baina ezin izan nintzen finalerdietara igaro. Igandean, berriz, igoera bertikala jokatu genuen. Ez nuen saio txarra egin, baina ona ere ez. Esperotako emaitzak izan dira biak. Esprinten modalitatean, iruditu zait maila asko handitu dela. Gazteak oso indartsu datoz, eta hori poztekoa da.

Denboraldiaurrea egiteko aukerarik izan duzu?

Egun bakar batean ere ezin izan dut eskiatu! Aurten, ez neukan pentsatuta eskiko denboraldia osatzea. Espotera joateko aukera eskaini zidan Igor Alzelai mendi eskiko euskal selekzioko hautatzaileak, baina, printzipioz, nire asmoa ez zen lehiatzen hastea. Datorren urtean, martxoaren 8tik 11ra bitartean Pierra Mentara joateko asmoa daukat, Aitor Otxoarekin batera. Haren hemezortzigarren aldia izango da, eta ilusio berezia pizten dit niri ere. Eskirako egin ditudan entrenamendu bakarrak mendian korrika egin ditut.

Beraz, ez zara mendi eskiko denboraldian lehiatuko?

Printzipioz, ez. Baina Espotera joateko ere ez nuen asmorik, eta, azkenean, joan naiz. Aukera izan dudanez, probatu egin nahi nuen. Iaz, oso indartsu nengoen, baina ez nuen asko lehiatzeko aukerarik izan. Mendiko eskian, igoera bertikaleko diziplinan moldatzen naiz ondoen, batez ere jaitsieretan ez naizelako batere ondo moldatzen. Aurten, non nagoen ikusiko dut, edo non egon naitekeen.

Iazko denboraldian bi kirolak uztartu zenituen. Zer-nolako esperientzia izan zen?

Iaz, Vall di Susan [Italia] egon nintzen bizitzen. Nahiz eta aste osoa eskiatzen pasatu, ez nuen lehiatzeko ia aukerarik izan. Izan ere, asteburuetan lan egiten nuen. Eski estazioko pistan entrenatu nintzen, eta aldapan gora oso-oso indartsu jarri nintzen. Baina, Pierra Mentan, konturatu nintzen aldapan behera ere gogotik saiatu behar dela lehiakor izateko, eta nik gabezia asko dauzkat oraindik. Azkenean, Pierra Mentan eta Altitoyn lehiatu nintzen bakarrik. Halere, inoiz ez nituen horrelako sentsazioak izan eskien gainean. Denboraldia amaitu, eta korrika hasi nintzen. Hura beste kontu bat izan zen.

Nola kudeatu zenuen trantsizio hori?

Ez zidan mesederik egin urte berean bi kirolak uztartzeak. Ez nuen trantsizio hori batere ondo eraman, eta asko kostatu zitzaidan sasoi betean jartzea.

Ez al zitzaizun arantza txiki bat geratu mendi eskian?

Banekien 2023ko denboraldia Otxandion igaroko nuela. Sasoian ibiltzeko, asteburuero joan behar da eskiatzera, eta ekonomikoki oso zaila egingo zitzaidan denboraldia osatzea. Horrez gain, psikologikoki ere lan handia eskatzen du, eta iruditzen zait ez nintzela gai izango denboraldi osoan hori egiteko. Ziur nago oso erreta amaituko nuela. Horregatik hartu dut erabaki hori. Bestalde, mendian korrika eginez gozatzen dut gehien, eta, printzipioz behintzat, horri emango diot lehentasuna.

Beste probaren batera joateko gonbita jasoz gero, aukera baliatzen saiatuko al zara?

Bai. Baina zintzoa izan nahi dut neure buruarekin, eta batez ere hautatzailearen. Ikusiz gero ez nagoela lan ona egiteko moduan, nahiago dut aukera hori beste batek hartzea. Printzipioz, eta ondo bidean, asko antzemango dut ez eskiatu izana. Baina, kasualitatez kontrakoa gertatuz gero, berriz planteatu beharko nuke erabakia. Ikusten dudanaren arabera, Alzelairekin hitz egingo dut. Ez dut aurreko denboraldietako errentetatik bizi nahi. Sasoi egokian banago, ondo, eta, bestela, albo batera egingo dut, arazorik gabe.

Aukera bat izan al daiteke bakarrik Mendi Eskiko Lasterketa Bertikalen Espainiako Kopan lehiatzea?

Burutik pasatu izan zait aukera hori. Baina ni ez naiz Iñigo Martinez de Albornoz. Iñigok urte asko daramatza eskien gainean, eta teknikoki ia perfektua da. Haren mailako eskiatzaile batek egin dezake hori; baina nik ez. Nik ez daramatzat hainbeste urte eskiatzen, eta txukun ibiltzeko ezinbestekoa da asko eskiatzea. Badirudi mendian korrika ibiltzea nahikoa dela eski lasterketa bertikaletarako, baina, fisikoaz gain, oso garrantzitsua da elur gainean ondo irristatzen jakitea.

Azken urteetan mendiko eskian eta mendian korrika aritu zara. Noiz jarri zinen lehenbizikoz eskien gainean?

8 urte-edo izango nituen. Gurasoekin joaten nintzen, urtean pare bat aldiz. 12 urtetatik 17ra bitarte, ez nuen batere eskiatu. Orduan hasi nintzen mendian korrika eta eskiatzen berriro. Azken urte hauetan, biak uztartu ditut.

Berriro eskiatzen hasi eta gutxira, euskal selekzioan zinen. Nondik sortu zitzaizun aukera?

17 urterekin, Beriaingo [Nafarroa], Anbotoko [Bizkaia] eta Araiako [Araba] lasterketa bertikalak jokatu nituen. Denetan, lehen bosten artean sailkatu nintzen senior mailan, eta, emaitza haiek kontuan hartuta, euskal selekzioko hautatzaileak, Iñigo Larizek, haiekin probatzeko aukera eskaini zidan. Orduan ez nekien ez larruak jartzen, ezta kentzen ere! Baina gazteen euskal selekzioan sartu ninduen.

Nola gogoratzen dituzu hastapenak?

Frustrazio handia sortzen zidan! Orduan, Lariz bera, Rafa Urbizu, Ander Gaviña, Txomin Ortiz de Zarate, Ibai Otaegi, Igor Alzelai, Nahia Quincoces, eta Iñigo Martinez de Albornoz zeuden selekzioan. Galduta ibili nintzen erabat. Oso baldarra nintzela iruditu zitzaidan. Ez nekien ez sigi-sagak egiten, ez larrurik jartzen... Halere, ez nuen etsi. Bost eguneko egonaldi bat egin genuen Candanchun [Aragoi, Espainia], eta berehala kateatu ninduen kirol honek. Mendia bera gustatzen bazaizu, kirol hau politagoa da mendian korrika ibiltzea baino. Distantzia handiagoak egiteko aukera ematen du.

Mendiko eskian bai, baina mendiko lasterketetan ere aritu zara berriro aurten.

Bai, baina asko sufritu nuen hasieran. Oso denboraldi txarra izan da aurtengoa. Oso gogorra egin zitzaidan ia atsedenik hartu gabe beste diziplina batean hasi beharra. Ez nuen inondik ere asmatu. Baliteke mendi eskiko denboraldia inoiz ondo ez prestatzeagatik izatea. Lehenengo lasterketara eskiatu gabe joaten nintzen beti, nahiz eta gero Gabonetan gehixeago entrenatzen nintzen. Eta, iaz ere, antzera egin nuen. Beti pentsatu izan dut bi diziplinak bateragarriak izan zitezkeela. Adibide asko daude: esaterako, Kilian Jornet, Davide Magnini, Oriol Cardona... Baina, nire kasuan, konturatu nintzen ezetz. Oso-oso gogorra egin zait urte hau. Ez da oso esperientzia ona izan biak uztartzea.

Horregatik lehiatu zara hain lasterketa gutxitan?

Mendi eskiko garaian oso sasoiko nengoen, eta korrika ere astean behin edo bitan ibiltzen nintzen. Biak uztartzen nituen aldi berean. Igoeretan oso ondo sentitzen nintzen. Baina beheraka eta ordekan oso geldo sumatzen nuen neure burua. Sentsazioak ez ziren batere onak. Irailera arte ez nuen neure burua lehiakor ikusi. Konturatzerako, denboraldi erdia joan zitzaidan.

Horrelakoetan, nola ematen zaio buelta egoerari?

Lasterketa askotara joan nintzen sasoiko nengoelako ustean, baina, gero, hasi eta bost kilometrora, leher egiten nuen, eta ezin nuen gehiago. Ez dakit zergatik izango zen. Agian, lehen urtea izanda, beste modu batera egin beharko nuen lehen aipatutako trantsizio hori. Kosta egin zitzaidan erritmoa hartzea, eta oraindik ere ez dakit zerk eragin zuen hori.

Orokorrean, nolakoa izan da zure mendi lasterketen denboraldia?

Oso denboraldi laburra izan da. Denboraldi hasieran, arazo batzuk izan nituen, eta asko kostatu zitzaidan lasterketetako erritmoa hartzea. Azkenean, lau lasterketa baino ez ditut jokatu. Lehena, apirilean izan zen: Arrasateko Udalatx mendi lasterketa; eta bigarrena ekainean: Hochkong Skyrace [Austrian], Munduko Kopako proba. Bietan oso gaizki sentitu nintzen. Guztiz gelditzea erabaki nuen. Uztail amaierara bitarte, mendira joaten jarraitu nuen, baina korrikarik egin gabe. Gelditzeko eskatu zidan gorputzak. Irailean, neure burua hobeto sumatzen nuen, eta Louzaneskyrace [Portugal] lasterketara joan nintzen. Han lortu nuen Munduko Kopako finalean lehiatzeko aukera. Azkena Gorbeia Suzieneko finala izan zen. Denboraldi osoari nota jarri beharko banio, 5 jarriko nioke.

Zein sentsaziorekin amaitu duzu 2022ko denboraldia?

Askoz ere gehiago eman nezakeen sentsazioarekin amaitu dut. Oraindik ere gaztea naiz, baina denboraldi batean ondo prestatuta zer egin nezakeen ikusi nahi dut.

Horren aldeko apustua egingo duzu datorren denboraldian?

Bai, zalantzarik gabe. Nire asmoa hori da: denboraldi oso bateko egutegia egitea mendi lasterketetan, hasi eta bukatu. Aurten, euskal selekzioarekin aritu naiz Munduko Kopako bi probatan, eta, berriro ere aukera ematen badidate, Munduko Kopako proba gehiagotan lehiatzea gustatuko litzaidake.

2023rako egutegirik baduzu jada?

Ez, oraindik ere ez daukat ezer argi. Dakidan gauza bakarra zera da: denboraldia Euskal Herriko Txapelketarekin hasiko dudala, Mendaron [Gipuzkoa], apirilaren 1ean. Hura izango da lehendabiziko proba serioa. Han erakutsi behar dut zer-nolako maila dudan. Halere, ezin dut ukatu nire betiko ilusioa Munduko Kopako proba guztietan lehiatzea dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.