EH Bildurekin aurrekontuetarako egindako ituna defendatu du Txibitek

Nafarroako Gobernuko presidentearen esanetan, «ez da posible inor edukiarekin ados ez egotea»

Jagoba Manterola / Foku.
Igor Susaeta.
2020ko azaroaren 17a
00:00
Entzun

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak publikoki defendatu du foru gobernuak eta EH Bilduk 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorren Lege Proiektua onartzeko joan den larunbatean sinatutako konpromiso hitzarmena. «Seguru nago ez dela posible inor edukiarekin ados ez egotea», adierazi zuen Txibitek, atzo, RNEn egin zioten elkarrizketa batean.

«Mahai gainean negoziatzeko jarri direnak kontu sozialak dira: gure osasun sistema publikoa indartzea; kontziliazio neurriak; kulturari laguntzea. Eta hor akordio batera iristeko gai izan gara», nabarmendu zuen presidenteak. Bi aldeek adostutako dokumentuak jasotzen duenez, «inoiz baino premiazkoagoa» da «ikuspegi zabala» edukitzea. Aurrekontu proiektua onartzeko bilkura abenduaren 23an egitekoa da, eta koalizio independentistak abstentzio batekin «erraztuko» du kontuak onartzea, Bakartxo Ruiz bozeramaileak larunbatean esan zuenez.

PSN Txibiteren alderdia, Geroa Bai eta Ahal Dugu daude gobernuan. Uxue Barkos Geroa Bairen Nafarroako Parlamentuko bozeramaileak atzo esan zuenez, «oso pozik» daude akordioarekin. Iruditzen zaio aurrekontuek «egonkortasun» politikoa emango diotela «gobernu ekintzari». Mikel Buil (Ahal Dugu) ere parlamentuaren eraikinean mintzatu zen, eta adierazi zuen bere alderdiaren «nahiak» ordezkatzen dituztela aurrekontuek. Ruizentzat, «errezeta zaharrak» alde batera utzi dira akordioa eginda.

Javier Esparza Navarra Sumako bozeramailea eta UPNko presidenteak larunbatean bertan gogor kritikatu zuen hitzarmena, eta atzo berretsi egin zuen: «Nafarroako gehiengo sozialaren printzipio etikoetatik oso urrun dagoen alderdi politiko bat da EH Bildu». Nafarroa «euskal independentismoari saltzea» egotzi zion oposizioko buruak Txibiteri. Presidenteak atzo erantzun zion: «Hamar urte baino gehiago dira ETA bukatu zela, eta EH Biduk politika egitea erabaki du».

Hain zuzen, koalizio independentistak joan den astean esan zuen «gauzak okertzen ez badira» Espainiako aurrekontuak babestuko dituela. PSOEren zenbait buruzagik, ordea, ez diote ondo irizten babes horri, eta jendaurrean kritikatu dute. PSOEren zuzendaritza atzo bildu zen, eta, Efe berri agentziak zuzendaritzako iturriak aipatuz kaleratutako informazioaren arabera, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea «irmoa» izan zen EH Bilduren balizko babesa kritikatu dutenekin. Adriana Lastra PSOEren idazkariorde nagusiari egindako elkarrizketa bat argitaratu zuten Eldiario.es agerkari digitalean, eta adierazi zuen EH Bilduren babesa «normaltasun demokratikoa» dela. Jose Luis Abalos alderdiaren antolakuntza idazkaria atzoko bileraren ondoren mintzatu zen, eta esan zuen PSOEk ez duela akordiorik egin EH Bildurekin. Zorrotzagoa izan zen El Pais-i emandako elkarrizketan: «PPk baino konpromiso gehiago erakutsi du Bilduk», esan zuen.

Bestalde, Elkarrekin-Podemosek eta EH Bilduk bilera egin zuten Eusko Jaurlaritzako aurrekontuez hitz egiteko. Bien ustez, beharrezkoa da aurrekontuak «aurrerakoiak» izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.