Bota gabe gelditu diren bertsoak

'Bertsolaritza eta askatasuna' solasaldian aritu dira hizlari Xabier Euzkitze eta Ekaitz Goikoetxea. Gogoan elkarteak antolatu du saioa, eta ETAren jardunaz kantatzeko testuinguru falta aipatu dute.

BERRIA.
itziar ugarte irizar
2022ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Gatazka politikoaren urte gorietan kulturaren eremuan «isiltasunaren legea» indarrean egon dela defendatu zuen Ramon Etxezarretak, Gogoan elkarteak gonbidatu zuenean.Saio berri bat izan zen atzo iluntzean, telematikoa, eta Etxezarretaren esana berretsi zuten Xabier Euzkitze eta Ekaitz Goikoetxea bertsolariek bertan. Amagoia Lopez de Larruzearen gidaritzapean aritu ziren.

Bertsolaritza eta askatasuna izena zuen saioak, eta, kontzeptuen gaineko «tesi sakonetatik» urrun, euren bizipenetatik ariko zirela argitu zuten bertsolariek berehala. Euzkitze izan zen hitz egiten lehena. «Hizkuntza eta herria» zimendu oso garrantzitsu ziren etxe batera jaio zela azaldu zuen, eta, hala izanik ere, «bakea eta askatasuna» gainetik jartzen erakutsi ziotela nabarmendu zuen. «Txikitatik entzun dugu: 'Izan zaitezte bakegizonak'».

Bertsotan hasi zenean, eredutzat Lazkao Txiki, Jon Azpillaga, Txomin Garmendia eta beste zituztela aipatu zuen, eta, kantuan halakorik esaten entzun ez bazien ere, indarkeriaren kontrakoak zirela uste du Euzkitzek. «Baina hainbesteko bortizkeria zegoen,haiek ere ez ziren ausartzen ezer askorik esatera». Bertso saioetako estetika ere ekarri zuen gogora: «Edozein herritara joan eta atzean egoten ziren herri horretako presoen edo iheslarien argazkiak, izen eta guzti. Has zaitez giro horretan kontrako ezer esaten».

16 urterekin, «gudari» baten omenaldira kantatzera joateko gonbidatu zutenekoa oroitu zuen. «Niri gudari hitzak aitona zekarkidan gogora, Euskal Herriaren alde gudan ibilitako gizon bat, gero bortxaren kontra ezagutu nuena beti. Baina ez, etakide bati egindako monolito baten aurrean nengoen. Entzun nahi zutena esan nuen, baina ezeroso».

1986. Dolores Gonzalez Katarain Yoyes-en erail ondoko omenaldian kantatu zuen Euzkitzek. «Ez nintzen bakarra izan. Andoni Egaña eta Jon Sarasua ere han ziren, punta-puntan zeudenak».

Gaztetatik nabarmendu, eta aurreko belaunaldiko bertsolari «erreferenteekin» kantatzeko aukera izan zuen hasieratik Euzkitzek. «Elitera» heldu zen, baina, gutxira, giroa aldatzen sumatu zuen; susmoa du ETAren kontrako postura ez zuelako ezkutatu, besteak beste, Euskaldunon Egunkaria-n eta Argia-n idazten zituen iritzietan. «1991n Gipuzkoako finalera pankarta eraman zuten kuadrillakoek; baina 1993ko Euskal Herriko finalera ez. Urteetara batek esan zidan atzeko mutil batek kargu hartu ziola final hartan: 'Hi, zergatik jotzen diok txalo horrela Euzkitzeri!».

Atzokoan etsia agertu zuen Gurutze Iantziren torturei kantatu zitzaion beste «ezin» izan zitzaiolako kantatu Jose Maria Aldaiaren bahiketari. Hala ere, beretzat bezala, egoera zaila «askorentzat» izan zela nabarmendu zuen: «Alde ez zeuden askok ere ahal zutena egin zuten». Bera, ordea, 32 urterekin erretiratu zen, eta bizitako «boikotek» eta murriztutako saioek zerikusia izan zutela iradoki zuen. «Erretiratu nintzenean Lizarra-Garaziren garaiak ziren, eta giroa goxatzen hasia zegoen. Gerora pentsatu dut deseroso senti nendin lan egin zutenak boteregabeko tresna bat izan ote zen: boikota egin nahi zidatenei aukerarik ez ematea».

«Gaietan ez zuten jarriko»

Isaias Carrasco Arrasateko (Gipuzkoa) PSE-EEko zinegotzi ohia hil ondoko egunean, bertsoz salatu zuen hura Ekaitz Goikoetxeak. 2008a zen eta euskara irakasle zebilen bera han. «Klaseak ematen nituen lekutik 300 bat metrora izan zen. Gauean saioa nuen, eta goitik behera etorri zitzaidan bertsoa. Agurrean bota nuen; banekien gaietan ez zutela jarriko».

Aurretik ere ETAren jarduna publikoki gaitzetsi izan zuen, eta horrek bertso munduan ez ziola mesederik egingo zuzenean esan zioten behin. «Nire hobebeharrez ari omen ziren, baina bertsotan egiteko ni izateari utzi behar ote nion erantzun nien».

Etxean jasotako heziketarekin eta, batik bat, aitaren figurarekin lotu zuen Goikoetxeak ere «giza eskubideen eta askatasunaren aldeko» jarrera. «Xabierrek kantatu zuen Yoyesen omenaldi horretan egon nintzen ni, 5-6 urterekin. Imanolekinoroitzen naiz». Gerora, Gasteizko ikasle garaian, haren kontzertu erdi huts batean sentitutako «tristura» ere oroitu zuen.

Argi utzi zuen berdin egon izan dela presoen eskubideen aldeko mobilizazioetan zein ETAren hildakoak salatzekoetan, horrek inguruko ugari «deskolokatu» arren. Behin, Miguel Angel Blancoren alde mobilizatu eta biharamunean, hil zutela jakitean, uko egin zion egun horretan zuen saiora joateari. «Aurrerago ere ez nintzela joango esan zidaten».

Giroa aldatu dela bat etorri ziren bi bertsolariak, baina gaiaz publikoki aritzea oraindik deserosoa zaiola aitortu zuen Euzkitzek. Goikoetxeak zalantzan jarri zuen aldaketaren zenbatekoa: «Bertso mundua gertutik jarraitzen dut. ETA desagertu zenetik urteak pasatu dira, eta zenbat gai ez dira oraindik jorratzen. Ez dakit zergatik: zeren beldur gara?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.