Departamendu eta eskualde bozak. Bigarren itzulia

Zentro-eskuina nagusitu da Ipar Euskal Herrian; Hendaian, EH Bai

Abstentzioak markatu du hauteskundeetako bigarren itzulia ere. Jean Jacques Lasserrek gehiengoa atxikiko du Pauen; sozialistak hondoratu dira, eta EH Baik bi hautetsi izanen ditu

Jean Jacques Lasserrek gehiengoa atxikiko du Pauen. NAHIA GARAT.
Oihana Teyseyre Koskarat- Iñaki Etxeleku
2021eko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Forces 64 zentro-eskuineko gaur egungo gehiengoa da nagusitu departamendu bozetan. EH Baik lehen aldiz Hendaiako kantonamendua irabazi du, eta bi kontseilari bidaliko ditu Paueko erakundera. Gauche 64 taldeko sozialistek bi kantonamendu historiko galdu dituzte Baionan, baita Hendaiakoa ere.

Jean-Jacques Lasserre gaur egungo Pirinio Atlantikoetako departamendu buruaren Forces 64 zentro-eskuineko gehiengoa garaile nagusi atera da departamendu bozetarik. Ipar Euskal Herrian, zentro-eskuinak irabazi du hamabi kantonamenduetarik 11tan. Ondoko kargualdirako, beraz, Lasserrek gehiengoa bermatua du Paueko (Okzitania) kontseiluan: heldu den ostegunean eginen dute lehendakaria izendatzeko saioa. EH Bai alderdiko Iker Elizaldek eta Annie Povedak sorpresa ekarri dute, Hendaiako kantonamenduan abertzaleak nagusitu baitzaizkie sozialistei. Sozialistek, hain zuzen, Baiona 2 eta Baiona 3 aspaldian beren esku zituzten bi kantonamenduak galdu dituzte.

Nabarmentzekoa da parte hartze biziki apala izan dela, lehen itzulian bezala: %30-40koa kantonamendu kasik guzietan. Baxenabarre eta Zuberoan doi bat gehiago bozkatzera joan badira ere, Mendialdean salbu, bozkatzaileen erdietara ez da iritsi parte hartzea.

Lehen itzuliko emaitzen ondorioz, kantonamendu bakoitzeko bi bikote hautagai pasatu ziren bigarren itzulira. Hala, EH Bai zazpi kantonamendutan lehiatu da, zentro-eskuina izanik parean. BAM eremuko kantonamenduetan, berriz, departamenduko ezkerra izan du parean Forces 64 departamenduko eskuinak.

Sorpresa eman zuen lehen itzuliko emaitzak Hendaia-Euskal Kostaldeko Kantonamenduan, EH Baiko hautagaiak gailendu baitziren, bozen %29,3 lorturik. Bada, bigarren itzulian baieztatu da koalizio abertzalearen emaitza: Annie Poveda eta Iker Elizalde (EH Bai) izanen dira departamenduko kontseilariak datozen sei urteetan. Hendaiako, Urruñako eta Biriatuko (Lapurdi) herriak biltzen ditu Euskal Kostaldea kantonamenduak. Bigarren itzulian, EH Bai koalizio abertzaleak bozen %52,2 lortu ditu, 3.110 boz. EH Baik adierazi du emaitza «historikoak» izan dituela. Parean izan dituzte departamenduko ezkerreko Chantal Kehrig-Cottençon eta Frederic Tranche hautagaiak: bozen %47,8 lortu dituzte, 2.850 boz. Historikoki, Frantziako Alderdi Sozialistaren esku egon da kantonamendua: Hendaian, bozen %56 lortu dituzte, baina Urruñan eta Biriatun aise aitzinetik jalgi dira ezkerreko abertzaleak.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak «historikotzat» jo du EH Bairen emaitza, eta Europako joerekin lotu du: «Historiaren haizea alde daukagu, arrazoi sakon eta sinple batengatik: jendarteak komunitate sentimenduak ditu, eta komunitatean babesa jaso behar du. Momentu honetan, hainbat herritan, babes hori komunitate nazional batean eta ezkerrean kokatzen du. Horrek esan nahi du jendeak gertutasunetik egiten diela aurre arazoei».

Bestalde, Baiona 2 eta Baiona 3 kantonamenduak galdu ditu departamenduko ezkerrak. Baiona 3 kantonamenduak Baionako erdigunea biltzen du. Bertan, Henri Etxeto eta Florence Dupreuilh Gauche 64ko kontseilariek kargua galdu dute, 29 bozengatik. Forces 64ko Olivier Alleman eta Christine Lauquek bozen %50,27 bildu dituzte (2.656 boz); Etxeto eta Dupreuilhek, berriz, %49,73 (2.627 boz). Luzaz Etxeto sozialistak eskuetan zuen kantonamendua galdu du eskuineko gehiengoaren mesedetan. Baiona 2ko kantonamenduan —Baiona eta Bokale (Lapurdi)—, gisa bereko aldaketa gertatu da. Juliette Brocard eta Christophe Martin orain arteko Gauche 64ko departamendu kontseilariek galdu dute kargua. Baiona eta Bokaleko udaletako gehiengoen zentro-eskuineko sustenguarekin aurkeztu dira Joseba Erremundegi eta Monia Evene-Mateo, eta haiek lortu dute garaipena; hor ere boz gutiregatik izan da: 88 bozen aldea atera diete Paueko erakundera joanen diren kontseilari berriek aitzinekoei.

Barnealdean, eskuina

Barnealdean, ezustekorik ez da izan: departamenduko eskuinak bildu ditu kantonamendu guziak. Kasurako, Bidaxune aldea, Amikuze eta Oztibarre kantonamenduan lehen lekua erdietsi du departamenduko Forces 64 eskuinak. Jean Jacques Lasserre oraingo departamenduko kontseiluko presidentea eta haren kontseilari Anne Marie Bruthe gailendu dira, bozen %63,5 lorturik. Ondoko kargualdirako presidentetza berriz erdiesteko bidea irekia du, beraz, Lasserrek. EH Bai ere pasatu zen bigarren itzulira: bozen %36,5 erdietsi ditu Emilie Dubois eta Xabi Larralde bikoteak (2.659 boz). Mendialdean, Forces 64 eskuina gailendu da, bozen %59,2 bildurik. Bozen %40,8 bildu ditu koalizio abertzaleak (3.980 boz). Anita Lopepe EH Baiko hautagaiak bere azterketa egin du, gaur egungo gehiengoaren politika egiteko moldea begitan harturik: «Badakigu zein izanen den gure lana ondoko sei urteetarako: notabilismo eta klientelismo horren kontra lan egitea, ikusten baita sistema horren sareek oraino funtzionatzen dutela».

Dena den, EH Baik erran du «parioa lortu» duela, leku gehienetan departamenduko eskuinaren «ezkerreko alternatiba» gisa plantatu baita. «Emaitza hauek konfirmatzen dute terrenoko lanarekin segitu behar dugula. Alternatiben eta jendarte bidezkoagoaren eraikuntza ez da hautetsontzietan soilik lortzen. Gure engaiamenduarekin aitzina segituko dugu. Egunerokoan karrikan, elkarteetan eta herriko etxeetan eramandako lanak bere emaitzak ekartzen ditu, baita abstentzioari aurre egiteko ere», erran dute.

Eskualdeko bozak

Alain Rousset sozialista gailendu da lehen itzulian bezala bigarren itzulian ere Akitania Berriko bozetan: bozen %39,5 bildu ditu. Azken kargualdian, eskualdeko lehendakaria izan da Rousset. Haren atzetik, bigarren lekua erdietsi du Batasun Nazionalak, Edwige Diazek bozen %19,1 lortu baititu; Nicolas Florian (Errepublikanoak) eta Nicolas Thierry (Berdeak) izan ditu atzetik: bozen %14,2 bildu dituzte biek, eta azken geratu da Errepublika Martxan-eko Darrieussecq (%13). Ipar Euskal Herrian bestelako sailkapena erdietsi dute hautagaiek. Rousset sozialista da buru bertan ere (%36,8), baina Thierry ekologista gelditu da bigarren (%20,4). Ondotik heldu dira Darrieussecq (Errepublika Martxan),Florian (Errepublikanoak)eta, azkenik, Diaz (Batasun Nazionala).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.