EAEko Hezkuntza Legea

«Ehunka langile» batu dira Steilasek sare publikoan deitutako lanuzteetara

Steilasek dio hezkuntza itunarekiko «haserrea» eta «desadostasuna» erakutsi dutela. Protestak egin dituzte Eusko Legebiltzarraren aurrean

Steilasek deitutako protesta Eusko Legebiltzarraren parean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2022ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak hezkuntza ituna onartu duen eguna baliatu du Steilas sindikatuak hiruzpalau orduko lanuztea egiteko ikastetxe publikoetan eta Haurreskolak partzuergoko zentroetan. Sindikatuak jakinarazi du atzo «ehunka langilek» bat egin zutela lanuzteekin —ez du datu zehatzik eman—, eta deialdiak «%100eko eragina» izan zuela. Steilasen arabera, langileek akordioarekiko «haserrea eta desadostasuna» azaltzeko aukera izan zuten protestekin. Hala ere, salatu zuen Eusko Jaurlaritzak eta Haurreskoletako kudeatzaileek ezarritako gutxieneko zerbitzuak «gehiegizkoak»izan zirela, eta ez zutela langileen greba eskubidea bermatu. «Haurreskolak partzuergoari dagokionez, ordutegien ondorioz ia ezinezkoa izan da bertan lanuztea egitea». Hezkuntza laguntza espezialisten sektorean gela egonkorretako langileen erdiak gutxieneko zerbitzuak izan zirela salatu zuen, halaber.

Lanuzteekin batera, sindikatuak elkarretaratzea egin zuen Eusko Legebiltzarraren atarian, goizean. Ehunka lagun batu ziren Ez saldu euskal eskola publikoa leloa zuen pankartaren atzean. Parte hartzaileek Eusko Legebiltzarraren eraikina inguratu zuten publikoaren eta murgiltze ereduaren aldeko oihuen artean. Nagore Iturrioz bozeramaileak azaldu zuen ez daudela ados hezkuntza itunarekin: «Abiapuntua okerra da, bi sareak berdintzen dituelako hein handi batean, eta ez duelako euskal eskola publikoaren aldeko apustu irmo bat egiten». Jakinarazi zuen euskal eskola publikoari «duintasuna» eman nahi diotela, eta aurrerantzean borrokan jarraituko dutela, mobilizazioekin.

Steilasek baino ordu erdi lehenago, elkarretaratzera deitu zuen Euskal Eskola Publikoaz Harro Plataformak ere. Salatu zutenakordioak hezkuntza pribatua lehenetsi eta sistema duala «betikotzen» duela, eta euskarazko murgiltze eredutik aldentzen dela. «Sare pribatuaren finantzaketa handitzeko joera garbia ikusten dugu, ezin dugu ontzat eman». Plataformakoek iragarri zuten jarraituko dutela mobilizatzen euskal eskola publikoaren defentsan. Maiatzean iragarriko dituzte mobilizazio berriak.

ELAren kritika

Bestalde, ELAk ohar batean adierazi zuen «etsigarria» dela alderdien helburu bakarra izatea akordiorako gaitasuna erakustea: «Funtsezko gaietan benetako aldaketak adostu ez arren, hobekuntza nabariak egin dituzten itxurak egin dituzte».Egungo hezkuntza sistema «betikotzeko» proposamena dela salatu du. Datozen hilabeteetan, ELAk batzarrak egingo ditu eskoletan, eta elkarlana bilatuko du mobilizazioak eta grebak bultzatzeko prest dauden eragileekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.