UPNren Nafarroako lehendakarigaia

Javier Esparza: «PSNko boto emaileen %30ek ez dute Maria Txibite babestuko»

Kanpaina ona egin duelakoan, «lasai» dago, uste baitu UPNk bilduko dituela Nafarroako Gobernuarekin haserre daudenen boto gehienak. Bakarrik gobernatu nahi du: «Indar oreka aldatuko da. Ikusiko dugu».

IÑIGO URIZ / FOKU.
IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2023ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun

Bi egunen faltan, handik hona dabil Javier Esparza UPNko lehendakarigaia (1970, Agoitz, Nafarroa). Hirugarren bozak ditu, eta, oraingoan, asko dute jokoan berak eta alderdiak, baina lasai dago: «Kanpaina ona egin dugu».

Zein da zuen helburua?

Nafarroan gobernatzea. Ahalik eta emaitza onenak lortzea da gure asmoa: batetik, zentro-eskuinaren boto kopuru handia biltzea; bestetik, EH Bildurekin akordiorik egitea nahi ez duten boto emaile sozialisten babesa lortzea; azkenik, abstenitzen diren edo beste alderdiren bati botoa ematen dioten baina Nafarroak okerrera egin duela uste dutenena.

Deigarria da nola ari zareten PSNren gain presioa jartzen.

Boto emaile sozialisten %30ek ez dute Maria Txibite babestuko.

Hori nondik atera duzu?

UPNk egindako inkestak dira. Denek bozkatuko dute gure alde? Ez, batzuk etxean geratuko dira; beste batzuek, berriz, bai.

PSNk dio lehen indarra izan nahi duela eta inkestek ere adierazten dute gertu daudela.

Kar, kar. Haiek badakite ez dituztela hauteskundeak irabaziko. Badakite: PSNk eta Geroa Baik botoak galduko dituzte, eta EH Bilduk irabazi. PSN jaitsiko da EH Bildurekin hitzartu duelako eta emaitza txarrak izan dituen gobernu baten lema izan duelako.

EH Bildu sendotzea komeni al zaizue, Madrilen sozialistei zailago egingo zaielakoan EH Bildurekin gobernua osatzea?

Ez, ez. EH Bilduren lehen etsai publikoa gara. Niregatik, hobe litzateke parlamentaririk lortuko ez balu, eta Nafarroan existituko ez balitz. Politikaren miseria eta duintasun falta ordezkatzen du. Lotsagarria da normala ez den alderdi bat normal hartzea. Zergatik? Terroristek egindakoarekin harro dagoelako eta horregatik sartzen dituelako zerrendetan, omenaldiak egiten dizkielako, ez diolako iraganari uko egin, ez duelako barkamenik eskatu... Haiek erabaki dute besteen gisako alderdi bat ez izatea.

PPko buruzagiek EH Bildu legez kanporatzea proposatu dute kanpaina honetan.

Ez, ez dut zalantzan jartzen EH Bilduren legezkotasuna. Nik kritikatzen dudana da politikoki beste edozein alderdi bezala tratatzea. PSOE haiekin ados jartzen da, ezer gertatu ez balitz bezala eta urrats asko egin balituzte bezala. Ez, ez dituzte pauso asko eman.

Navarra Suma hautsi da. Zergatik?

PPk ez zuelako nahi. [Miguel] Tellado jaunak, PPko hirugarrenak, abuztuan iragarri zuen Nafarroan bere siglekin aurkeztuko zela.

Bakarrik aurkezteak baditu bere abantailak.

UPNk 40 urte daramatza bakarrik aurkezten, eta behin baino ez gara aurkeztu koalizioan. Hausteko erabakia haiek hartu zuten. Hortik aurrera, azken 30 urteetan Nafarroan lehen indarra izan den proiektu politikoa ordezkatzen dugu. Guretzat, lehentasuna Nafarroa da. Ez diogu baimenik eskatu behar Madrili edo Bilbori.

Baina gobernura iristeko ez al duzue helburu Madrilek bide ematea horri, hau da, Ferrazek?

Ferrazek erabakiko du, ala ez? Beti erabaki du. Nork eman zuen modua Bildurekin gobernatzeko? Ferrazek. Txibitek nahi duena esan dezake kanpainan, baina erabakiak Ferrazen hartuko dira.

Eta ez al zaudete Ferrazen erabaki horren zain?

Ez. Nik, lehenik, emaitza onak lortu nahi ditut, eta gobernu aldaketa nahi dutenen boto asko eskuratu.

Bakarrik gobernatu nahi duzuela diozu. Nola?

Legealdian, akordioak egin ditut PSNrekin, Geroa Bairekin eta PPrekin, jakina. Hauteskundeak irabaziko dituen alderdi batean lidergo sendoa izanda, zergatik ezin dugu besteok geometria aldakor horren arabera gobernatu? Gehiengoa lortzen ez badugu, akordioak egin beharko ditugu: batzuetan batzuekin; besteetan besteekin. Zer arazo izango da?

Baina, horretarako, inbestidurara heldu behar duzu.

Ikusiko dugu. Indar oreka aldatuko da.

Uste duzu eskuineko gehiengo bat osatu daitekeela?

[Isilunea]. Gu gehiengoa lortzearen alde ari gara borrokan.

Vox-en botoak behar badituzu, haiekin negoziatuko al duzu?

Esan dut: ez dut Voxekin akordiorik nahi.

Asironek irabazten badu, Saiz alkategaia babestuko duzue?

Iruñean guk irabaziko dugu.

Osasungintzan, egiturazko arazoak handiak dira, eta 58.400 lagun daude itxaron zerrendetan.

Guk esan dugu itxaron zerrendak %65 laburtuko ditugula, eta horrek esan nahi du 40.000 lagun aterako ditugula horietatik. Nola? Lehen arretari arreta berezia emango diogu, eta giza baliabideak eta materialak jarri. Lehen arreta ospitalekoarekin koordinatuko dugu, farmaziekin hitzartuko dugu osasuneko kontu txikiak han bideratzea, eta osasun pribatuarekin adostuko dugu lankidetza publiko-pribatuaren bidez lagundu gaitzatela.

Horrek ez al dio atea irekiko pribatizazioari?

Inondik ere ez. Gaur egun askoz ere pribatizatuago dago. 2010ean UPNk askoz gutxiago gastatzen zuen lankidetza hitzarmenetan. Asko kritikatu gaituzte horregatik. Eraginkorra izatea nahi dugu.

PAI programa hezkuntza eredu bihurtu nahi duzue, eta ikasleek gutxienez B1a lortzea ikasketak amaitzean. Ez da inbertsio handiegia emaitza apala lortzeko?

B1a argazkia ateratzeko modu bat da. Hemen denek izango dute C1a, PAIrekin. Funtsezkoa da familiek askatasuna izatea erabaki ahal izateko ikasleek ingelesa ikasi nahi ote duten. Ez da posible seme-alabak Ingalaterrara bidal ditzaketen edo akademia bat ordaindu dezaketen sendiek bakarrik ikastea ingelesa.

Askatasuna aipatu duzunez, zer gertatzen da PAI nahi ez duten baina herriko ikastetxean aukera hori bakarrik dagoelako behartuta dauden sendiekin?

Ez dut uste horrela denik; ez dut halako egoeren berri. Arlo publikoan, bestelako alternatibak eskaintzen dira. Elebitasunaren alde nago, baina beste hizkuntza bat ikasi behar izateak bizitza zaildu egiten die zenbait ikasleri. Hezkuntzan, funtsezkoa da ikasleen gaitasunetara egokitzea, PAI ereduan izan edo D ereduan izan.

Euskara despolitizatzeko akordio bat proposatzen duzue. UPNk ez al du euskara konfrontazio politikorako erabiltzen?

Ezker abertzaleak sortu duen mantra da hori. UPNrekin bat egiten duten euskaldunen botoak jasotzen ditugu. UPNren gobernuek D eredua zabaldu zuten Nafarroan, eta ikastolekin hitzarmenak egin. Nafarroak errealitate soziolinguistiko bat du. Eremu mistoan, oso gutxi hitz egiten da; Iruñerritik behera, are gutxiago. Gainera, euskara ezin da erabili eraikuntza nazionalerako. Amesten duen Euskal Herri horren alde erabiltzen du euskara ezker abertzaleak. Hori da politizatzea. Aurrez aurre egongo gara, jakina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.