Albistea entzun

G7koen goi bilera Miarritzen. Mobilizazioak

Alternatibak eraikitzeko deia

15.000 lagun bildu dira G7koen aurkako manifestaziora. Hendaiako portutik Irungo Ficobara joan dira, eta nabarmendu dute «sistema kapitalistari erresistentzia» egitea «posible dela» erakutsi dutela
G7koen kontrako plataformako kideak, atzo eguerdian, Hendaia eta Irun artean egin zuten manifestazio jendetsuan.
G7koen kontrako plataformako kideak, atzo eguerdian, Hendaia eta Irun artean egin zuten manifestazio jendetsuan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Oihana Teyseyre Koskarat -

2019ko abuztuak 25 - Hendaia

15.000 lagun bildu dira G7 ez, Euskal Herritik beste mundu bat sortzen lelopean Hendaiako (Lapurdi) portutik Irungo (Gipuzkoa) Ficoba erakustazokara egin duten manifestazioan. «Pozik» agertu dira G7koen kontrako plataformetako kideak, sistema kapitalistari «erresistentzia egitea posible» dela erakutsi dutelako. Oihuka aritu dira hasieratik; «G7a ez, alternatibak bai» edo «A, anti, antikapitalista» eta halako aldarriak entzun ahal izan dira ibilbide guzian zehar. «Eremu zehatzetako aliantzak eraikitzeko garaia da, baina baita sakontasun handiagoko aliantzak ere, etorkizuneko ekintzetarako erabakigarriak izango diren aliantzak». Horrela hitz egin du Eñaut Aramendi G7 Ez plataformako kideak bukaerako ekitaldian.

Antolatzaileek esan dute G7koen aurkako kontragailurra «mugimendu sozialen arteko beharrezko aliantzak eraikitzeko mugarri garrantzitsua» izan dela. Hainbat gunetako konferentzia eta tailerretara 6.000 pertsona inguru hurbildu direla iragarri dute. Besteak beste, estaturik gabeko nazioen egoeraz, elikadura burujabetzaz, feminismoaz eta krisi ekologikoaz aritu dira saioetan.

Gakotzat jo dute tokiko lankidetzak bultzatzea eta indarrak batzea: «Gure alternatibak demokraziaren, elkartasunaren eta gizon-emakumeen arteko berdintasunaren balioak ezartzen ditu. Bateraezinak dira kapitalismo neoliberalarekin». Besteak beste, Jaka Horiak eta mobilizazio feminista eta ekologistak aipatu dituzte, baita autodeterminazio eskubidearen aldeko borrokak ere. «Arrazoi horiengatik, Aljeria, Hong Kong, Katalunia, Palestina, Sudan eta beste leku batzuetako borrokei elkartasuna agertzen diegu».

Manifestazioa, jai giroan

Martxaren hasieran, bi plataformek «ekintza kontsentsu» batera iritsi direla erran zuten. «Eskatzen diogu jende guztiari kontsentsu hori errespetatzeko, eta manifestazio hori ahal bezain jendetsu, alaitsu, eta guztien artean, kolore guztietakoa izatea». Zeruan hainbat koloretako banderak astindu zituzten manifestariek: sindikatuetakoak, gobernuz kanpoko erakundeenak, eta beste eragile ugarirenak. Esaterako, errefuxiatuen egoera salatzeko, hainbat ekintzailek salbamendu barkuak eraman zituzten, eta bizirik irauteko estalkiak ere bai.

Manifestazioaren atzealdean, Fermin Muguruzak eta Bad Sound System taldeak kontzertua eman zuten kamioi batean. «Haiek zubi bat ikusten dute, guk bide bat bakarrik; alde bietan, Euskal Herria», adierazi zuten kamioitik, Hendaia eta Irun arteko mugatik igarotzean.

Hirurehun bat pertsonak manifestazioaren segurtasuna bermatu zuten martxak iraun zuen bitartean: bankuen aurrean, geltokian, eta zentrora igotzeko kaleen aitzinean ezarri ziren manifestariak babesteko.

Ekintza sinboliko bat ere egin zuten Lapurdi eta Gipuzkoa arteko muga igarotzean, «herriei ezarritako muga» haustea irudikatzeko. Martxaren hasieran zihoazen joaldunek muga hori irudikatzen zuen pankarta apurtu zuten, manifestarien oihu eta txalo artean. Ficoban amaitu zen martxa, eta bertan, antolatzaileek adostutako adierazpen bat irakurri zuten hizkuntza ezberdinetan. «Mobilizazio honekin erakutsi nahi dugu posible dela humanitatearen oinarriak suntsitzen dituen sistemaren aurkako erresistentzia», adierazi zuten deitzaileek. «Posible da alternatibak garatzea lehia baino lankidetza lehenesten duten territorio eta komunitateetatik [...] Munduko beste leku askotan bezala, hemen, Euskal Herrian, harreman ezberdinak eraikitzen ditugu». Bi dantzarik eman zuten aurreskuarekin amaitu zen ekitaldia.

Mobilizazioak segitzen du

Gaur, Angeluko (Lapurdi) Amodio Ganberan elkarretaratze bat egingo dute 12:00etan, G7 Ez plataformak deituta. Hasieran, ortzadarra osatzera deitua zuten Miarritze inguruko zazpi gunetan protesta eginez, baina, Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak adierazi zuen «elkarretaratzeak ilegalak» zirela, deklaratu gabe zeudelako. Antolatzaileek, «manifestazio baketsu eta jendetsua» lortu nahi dute, eta horregatik, toki bakarrera etortzeko deia egin dute, azkenean. Espazio publikoaren «berreskuratzeko» ekintza sinbolikoa izango da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Euskal Hiriguneko biltzarra, joan den abenduan. ©GUILLAUME FAUVEAU

Euskal Elkargoa gainditu beharra

Ekhi Erremundegi Beloki

Euskal Hirigune Elkargoak bost urte beteko ditu igande honetan. Ipar Euskal Herriak izan duen lehen instituzio propioa eraikitze fasetik politika publikoak ontzera iragan zen 2020ko hauteskundeen ondotik, baina, anitzen ustez, bere mugak erakutsi ditu jadaneko.
Izadi haurraren alde joan den azaroan Burlatan egindako jaialdi bat. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Amarik gabeko urtebetetze eguna

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez euskal presoen alaba Izadik bihar beteko ditu 3 urte. Kartzelatik atera beharko du orduan, Espainiako espetxe legediak hala aginduta, eta amarengandik bereizi. Gutierrez atzo atera zen espetxetik, hirugarren graduan.
Aurreneko lerroan, ezkerretik, Gorka Urrutia, Beatriz Artolazabal eta Jose Ramon Intxaurbe, atzo. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Espainiako segurtasun indarren lana balioesteko eskatu diote Jaurlaritzari

Gotzon Hermosilla

Txosten bat egin dute ETAk Guardia Zibilean eta Espainiako Polizian eragindako sufrimenduaz

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.