Greba EAEko sektore publikoan

Analisiak ere ez ditu batu

Administrazio orokorreko langile askok egin du bat greba deialdiarekin, baina Lakuan, Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusian, agerian geratu da kontsolidazio prozesuekiko desadostasuna.

RAUL BOGAJO / @FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2021eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Lanuzteak egitera deituta zeuden langile publiko guztien artean, administrazio orokorreko langileak izan ziren goiztiarrenetako batzuk atzo. Zazpiak eta erdietarako, Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusiaren sarreran jarri ziren protestan sindikatuetako ordezkariak, Gasteizen. Lanera joatea erabaki zuten gainerako langileei eskuorriak banatzen aritu ziren goiz osoan, greba egiteko arrazoiak azaltzeko. «Zerbitzu publikoak defenda ditzagun» aldarri artean hartu zituzten.

Sindikatuko ordezkarien esanetan, greba deialdiak «erantzun ona» izan zuen, eta adierazi zuten horren erakusgarri zela Lakuako egoitzaren aurreko aparkalekuak «ia hutsik» geratu izana; hala egon ziren goiz osoan. «Jaurlaritzako langile asko kontzientzia hartzen hasita daude beren egoeraz eta behar ditugun zerbitzu publikoez», nabarmendu zuen Jonjo Agirrek, ELA sindikatuko ordezkariak.

Administrazio orokorreko langileen erdiak baino gehiago ari dira behin-behinean: %56, ELA sindikatuaren arabera; hau da, 7.500 langile ingurutik 4.200 baino gehiago daude kontratu finkorik gabe. Baina kopurua are handiagoa da Jaurlaritzaren Lakuako egoitzaren kasuan, %60 baino gehiago baitira aldi baterako kontratua dutenak. «Langileen egoera prekario horrek eragin zuzena dauka gizarteak jasotzen dituen zerbitzuen kalitatean, eta pandemiak agerian utzi du puri-purian dagoela zerbitzu publikoak desegiteko aspaldiko joera», esan zuen Aitor Esteban Etxebarria LABeko ordezkariak.

Denek ez zuten lanuztearekin bat egin, langile askok erabaki baitzuten lanpostura joatea. Administrazioaren behin-behinekotasun handiaz jakitun badira ere, ez zuten bat egin ez protestaren helburuarekin, ez sindikatuek proposatutako irtenbideekin. Hain zuzen ere, Interinok Taldeak argudio horiek eman zituen greba ez egiteko. Jaurlaritzaren egoitza nagusian eratutako talde bat da, eta ordezkaritza handia lortu zuen 2019ko hauteskunde sindikaletan; egun, bera da ordezkari nagusia Lakuan. Langile horiek bat egiten dute egoeraren analisiarekin, baina ez daude ados kontsolidazio prozesuekin: zuzenean langile finko izendatzeko eskatzen dute, Europako auzitegien ebazpenetan oinarrituta.

Tokiko elkarretaratzeak

Foru aldundietako eta udaleko langileak ere deituta zeuden lanuzteak egitera. Tokian tokiko elkarretaratzeak egin zituzten horietako askok, behin-behinekotasun tasa handiak eta pribatizazioak salatzeko. Bizkaiko Foru Aldundiko langileen artean, esaterako, bulegoetan nabaritu zen greba, batez ere. Izan ere, sindikatuek salatu dute aldundiko enpresa eta zerbitzu askotan %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri dituztela, eta, beraz, grebaren eragina nabarmen txikitu dela.

Sindikatuen arabera, milaka langilek egin zuten bat grebarekin. Zehazki, administrazio orokorrean eta justizian langileen heren batek egin zuen greba atzo:«Azken grebetako handiena» da kopuru hori, azaldu dutenez. Eta, bereziki, deialdiak babes «oso zabala» izan zuen behin-behinean ari diren beharginen artean. Eusko Jaurlaritzak kopuru nabarmen txikiagoak eman zituen, ordea. Gobernuaren arabera, administrazioko langileen %16,4k egin zuten greba.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.