Palestinaren iruditegi txikia

Bitan zatitutako hiri bat da Hebron; Israelen okupazioagatik, palestinarren aurkako jazarpena etengabea da. Unescok ohartarazi du arriskuan dela ondare historikoa.

Palestinaren iruditegi txikia.
2017ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Palestinan gertatzen denaren ispilu ezin hobea da Hebron». Modu zuzen eta argi horretan deskribatzen du hiria Edurne Leon Sanchez (Tutera, Nafarroa, 1992) Askapenako brigadistak. Hogei egun igaro dituzte euskal brigadistek Zisjordanian. Besteak beste, Betleem, Ramallah, eta Israelek 1948an okupatutako lurraldeak ezagutzen ibili dira. Helburua zen palestinarren errealitatea gertutik bizitzea, Euskal Herrian zabaldu ahal izateko. Hebronen bizitakoa nabarmendudu: «Hiriak errealitaterik gordinena erakusten du. Ikusgarria da hango egoera».1997an hiria bitan zatitu zutenetik palestinarrek etengabeko jazarpena pairatzen dutela esan du Leonek: «Etxetik bota zituzten, mugimendua oso mugatua dute, dendak itxiarazi zizkieten, eta debekatua dute zenbait kaletara joatea».

Hebron Zisjordaniako hiririk garrantzitsuenetariko bat da. Jerusalemen hegoaldean dago, 30 kilometrora. Historikoki, potentzia ekonomiko handia izan da; besteak beste, harrobietako marmolari esker. Xalala kaleak ere garrantzi handia izan du urte luzez. Hebrongo Alde Zaharrean egonik, Palestinako merkataritza gune erreferentea izan zen.1990eko hamarkadan, ordea, errealitatea goitik behera eraldatu zen. 1997az geroztik, bi zatitan banatuta dago Hebron: H1 eremua PAN Palestinako Aginte Nazionalaren kontrolpean dago, eta 250.000 palestinar bizi dira han; H2 eremuan, berriz, palestinarrak, kolonoak eta Israelgo soldaduak bizi dira.

Mugak non nahi

Banaketaren ondorioz, milaka eta milaka palestinar etxetik bota zituzten. H2 gunean bizi diren palestinarrek mugimendua oso murriztua dutela azpimarratu du Leonek. «Ezin dira beren kaletik harago joan; izan ere, kokagune israeldarrak ezarri dituzte hainbat lekutan, eta sarbidea debekatzen diete». Guztira bost kokagune daude hiriaren erdigunean, eta beste horrenbeste hiriaren periferian. «Hiri fantasma bat da», dio Leonek. Okupazioren ondorioz hiriaren ondare kulturala ere arriskuan dagoela ohartarazi dute hainbat erakundek.

Joan den uztailean, Hebrongo Alde Zaharra arriskuan dauden ondare historikoen zerrendan sartu zuen Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak. Leonen iritziz, erabakia garrantzitsua da, baina ez da nahikoa: «Urte luzez ikusi dugu nola Israelek muzin egin dien nazioarteko erakundeek adostutako hitzarmenei». Erabakia eraginkorra izan dadin, palestinarrei tresna instituzionalak eman eta nazioarteko herrialdeek beste aldera begiratzeari utzi behar diotela nabarmendudu brigadistak: «Ez dute ezer egin Israelek urratutako giza eskubideen aurrean. Munduko potentziei ondo datorkie Israel Ekialde Hurbileko leku estrategiko horretan egotea, eta, hori dela eta, dena onartzen diete».

Hebron hiri santua da musulman zein juduentzat. Alde zaharrean, juduek nahiz musulmanek toki sakratutzat jotzen duten tenplu bat dago: juduek Patriarken Hilobia esaten diote; musulmanek, berriz, Ibrahimen Meskita. Erlijio bakoitzak, leku santuaren interpretazio bat eginez, errezo lekuaren jabetza aldarrikatzen du.

Horrez gain, historikoki, ohikoak izan dira bi komunitateen arteko liskarrak. Mugarria izan zen 1994an Baruch Goldstein muturreko juduak tenpluari eginiko erasoa: 29 palestinar hil zituen tiroz, eta beste 125 zauritu zituen. Erasoaren ondorioz, Israelgo Gobernuak harresiz bereizi zuen hiriaren erdigunea, bi komunitateen arteko elkarbizitza eramangaitza zela argudiatuz. Gainera, urtebete geroago, Zisjordaniako herri guztien kontrola Palestinako Aginte Nazionalari ematen zion hitzarmenetik kanpo geratu zen Hebron. Hortik aurrera, Israelek gogortu egin zituen palestinarren aurkako neurriak, nolabait haiek ere erasoaren erantzule eginez: «Palestinarrek H1etik eta H2ra pasatu behar dutenean lanera joateko edo erosketak egiteko, checkpoint batetik pasatu behar dute. Askotan, kontrol gune horiek itxi egiten dituzte, eta pasabiderik gabe geratzen dira». H2ko eremu okupatuan15.000 palestinar, 800 kolono eta 4.000 soldadu bizi dira. Egunero izaten dira palestinarren aurkako indarkeria ekintzak, atxiloketak eta etxe miaketak. Gainera, kolonoek inpunitate osoa dute palestinarrei erasotzeko; izan ere, Israelgo soldaduek debekatua dute kolonoen aurkako neurriak hartzea.

Herritarren presioa

Hebrongo eta Palestinako egoera aldatzeko bidea herritarren esku dagoela uste du Leonek,agintarien zain egon gabe. «Palestinan urratzen diren eskubideen aurrean herritarrok ez badugu presiorik egiten, agintariek ez dute erabakirik hartuko». Horretarako, Israeli boikota egiteko eskatu du. Halaber, esan du premiazkoa dela beste herrialdeen laguntza. Etorkizunari dagokionez, argi du Leonek: palestinarren beharrak burujabetzan oinarritzen dira. «Okupazioa amaitu arte, ezin izango dute aurrera egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.