AEBak. Abortatzeko eskubidea

Ezin eska indigenei besteek ezin dutena

Erreserbak lurralde subiranoak izanik, abortatzeko debekutik kanpo daudela iradoki dute, baina asko uzkur daude. Begiradak oraintxe bideratu dira jatorrizko herrietara, baina gogoratu ere ez dira egin haietaz hamarkadotan utzikeria sufritu dutenean.

AEBetako jatorrizko herrien protesta bat, artxiboko irudi batean. E. GARCIA / EFE.
urtzirrutikoetxea
Washington
2022ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Lehen ere gaia inoiz irten den arren urteotan, oraingoan ideia ez da ekintzaile feminista edo indigenetatik abiatzea, antiabortista sutsu batengandik baizik: maiatzean abortua erabat debekatzen duen legea sinatu zuenean Kevin Stitt Oklahomako gobernadoreak, haien estatus berezia ez baliatzeko ohartarazi zien. Gerora, batek baino gehiagok erabili du ideia hori: jatorrizko herriak nazio subiranoak dira legearen aurrean, eta autogobernu horren barruan haurdunaldiak egiteko klinikak ere onar litezkeela iradoki dute azken asteotan. Protagonistek eurek, baina, oso zaila dela diote, eta haserre ere mintzatu dira batzuk, berriz ere kanpotik esaten dietelako zer egin beharko luketen: mendeetan abandonatuta eta zapalduta egon direla gogorarazi dute, eta ezin dela orain haien bizkar jarri gobernuak berak bermatzea lortu ez duen eskubidearen erantzukizuna.

Desi Small-Rodriguez UCLAko ikasketa indiarren irakaslearen iruzkinak milaka birtxio izan ditu: «Erraza ematen du, baina ehunka urteko ebazpen legalek bizirik iraute hutsa ere ia ezinezko egiten dute. Beraz, eska iezaiezue zuen hautetsiei, ez herri indigenei!» Baina ez da legea bakarrik: «500 urteko kolonizazioa da, zurien etengabeko izorramendua gu itotzeko. Erakundeak, sistemak, politikak, jendeak, dena. Utz gaitzazue bakean; bizitzen saiatzen ari gara».

Joan den ostiralean, Joe Biden presidentea hainbat estatutako gobernadore demokratekin bildu zen, Auzitegi Gorenaren ebazpenaren inguruan eta estatu askotan abortua debekatzeko hartu dituzten urratsak ikusita nola jokatu adosteko. Proposamenetako bat egoitza federalak abortatzeko eskubidea bermatzeko erabiltzea da, leku horietan ez delako estatuetako araudia ezartzen.

Argudio berarekin, erreserba indiarretan klinikak egoteko aukera aipatu zuen Lujan Grisham Mexiko Berriko gobernadoreak: «Nazio batek esan dezake haien eremuan babesa eman nahi duela, hainbeste emakume datozela ikusita bazterketa gerta daitekeelako osasun langilerik ez baduzu. Aitortzen dute modu esanguratsu batean ezar ditzaketela zerbitzuak. Oklahomaren moduko lekuetan ziur aski gogotsuago egongo direla ikusten dut. Eta gobernu federalak aztertu beharko luke hori».

Bazterketa eta trauma

Alaskaren ostean, Oklahoma eta Mexiko Berria dira jatorrizko biztanle gehien dituztenak: herritarren %16 eta %12, hurrenez hurren.

Alaskari dagokionez, gainera, lurraldearen %40 nazio indigenen esku dago, XIX. mendean haraino bidali zituztelako Mississippitik mendebaldera nahi zituzten txeroki, choctaw eta beste hainbat nazio. Mexiko Berrian, berriz, Indigenous Women Rising elkarte indartsuan antolatzea lortu dute emakume indigenek. 2018an 50 eskaera jaso zituzten haurdunaldia eteten laguntzeko; iaz, Texasen abortua erabat murriztu zutenetik, 600 baino gehiago izan dira galdeak.

Askoren begirada oraintxe bideratu da jatorrizko herrietara, baina gogoratu ere ez dira egin haietaz hamarkada askotan erabateko utzikeria sufritu dutenean. Emakume indigena gehienen ugalketa-osasungintza ez da egon bermatuta abortua legezkoa izan denean ere. «Roe v Wade baliogabetu baino askoz lehenagotik izan dituzte abortatzeko oztopoak emakume indigenek», esan du Allison Herrera kazetariak. Blu Cornell 21 urteko choctaw ikasle eta artistak hau dio Oklahoman: «Pobrezia izugarria dugu; estatutik kanpo zerbitzuetara joatea askoz zailagoa izango da guretzat». Matriarch elkartean dihardu, emakume indigenen aurkako indarkeria ikusarazten, osasunari, sexualitateari eta ugalkortasun justiziari buruz ikastaroak egiten, eta herri indigenetako buruei emakumeentzako osasun zerbitzu gehiago eskatzen, abortua tartean.

AEBetako indigenen osasun sistema sare konplexu bat da, klinika pribatu eta publikoak dituena, aginte tribal, estatal eta federalarekin. IHS (Indiar Osasun Zerbitzua) ehun bat osasun etxedituen agentzia federala da; beste 638 herri bakoitzak kudeatzen ditu, Washingtonek finantzatuta. Horretatik kanpo geratzen da, ordea, abortatzeko eskubidea, Hyde zuzenketak debekatu egiten baitu sosfederalik erabiltzeaabortuak egiteko, bortxaketa edo intzestuaren ondorio direnean edo amaren osasunarentzako arriskua dagoenean izan ezik.

Legea kontra

Hori guztia konponduko balitz ere, eta boto emaile indigenek demokraten alde bozkatu arren, jatorrizko herrietan ere badago gizarteko beste talde batzuetan dagoen eztabaida, argudio erlijiosoak edo beste batzuk direla eta.

«Egia da indigenek masiboki bozkatzen dutela demokraten alde, baina askok ikuspegi nahasia dute abortuari buruz, trauma orokor baten ondorioz sarritan. Ia 100 urtez, gobernu federalak haur indigenak asimilazio eskoletara joatera behartu zituen, eta gurasoei seme-alabak hazteko eskubidea ukatu zien. XX. mendearen erdialdean, IHSk eta beste osasun zaintzaile batzuek emakume natiboak antzutu zituzten emakumeon baimenik gabe», gogorarazi dute Lauren van Schilfgaarde eta beste bost legelari indigenak, Indiar herrialdea aborturako babesgune bihurtzearen falazia artikuluan: «Giza eskubideen urraketa horiek hutsune izugarriak utzi zituzten, eta abortu eskubideen aldekoei ere etsipena dakarkie eztabaida politiko garratzak [...]; eztabaida ez da berdina izango herri batetik bestera, baina herrien barne eztabaida horietan kanpotik eragiteak ziur aski tentsioak hauspotuko ditu».

Oztopo legalak asko dira: erreserba guztiei ez zaie subiranotasuna aitortzen, baina, aitortzen denean ere, hainbat baldintzapen daude, eta, oro har, herri horretako kideentzat da. Kasuistika oso zabala da, baina haurdunaldia eteteko prozeduran parte hartzen duten alde guztiei dagokie, emakumeari eta osasun langileari batez ere. Bietako bat nazio indigenako kide gisa erroldatuta ez balego zenbait estatuk haren aurka egingo lukeela uste dute adituek.

Hori guztia aski ez, eta ezin ahaztu Auzitegi Gorenak asteazkenean emandako ebazpena, estatuek ere herri indigenetan egindako delituetan jarduteko eskubidea dutela azpimarratuz —orain arte gobernu federalak baino ez zeukan horretarako ahala, baina ez estatuek—. Legelari eta ekintzaile indigenek beren subiranotasunaren aurkako eraso larritzat jo dute ebazpena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.