andoni egana
HITZ ETZANAK

Ikasi

2023ko martxoaren 5a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Jakin berri dut BBCren Londresko egoitzaren sarreran George Orwellen irudi bat dagoela, eta azpialdean honako esaldia: «Askatasuna, zerbait bada, da gainerakoei entzun nahi ez dutena esateko eskubidea».

Askatasun horretaz baliatu da Katalunian lanean ari den Cadizko erizain bat. Sareetan ikusi dugu, bere kide birekin elkarrizketan, haserre, «katalan puta horretan C1 maila puta» lortu ahal izateko prest ez dagoela adieraziz. Saltsa sortu da. Kataluniako Osasun Kontseilariak neurriak hartuko dituela adierazi du. Espainiako hedabideek euskaltzaleok hain ongi ezagutzen dugun tranpa-galdera lixto ustekoa egin dute: «Zer da garrantzitsuagoa, katalanez jakitea ala erizain ona izatea?» Guk badakigu erantzuna. Eta aurreraxeago ere joko nuke. Zerbait ikasteko gogorik ez duena hor nonbait ibiliko da ia ezer ikasteko gogorik ez izatetik. Gainera, lagunartean botatakoa ere sare sozialen garaian publiko bihur litekeela neurtu ez badu, ez dakit ba nik besoa konfiantzaz luzatuko niokeen zizta diezadan.

Arestiko esaldiak badu ifrentzurik. Gainerakoek eskubidea daukate zuk entzun nahi ez duzuna esateko. Handiegia egin omen zaio, ordea, bueltako uholdea. Laguntza psikologikoaren premian, baja hartu omen du. Balia dezake tartea katalana ikasteko…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.