Hitz hauekin agurtu zuen luzarorako kanpora zihoan biloba, aitona adintsuak: «Ez han sufritzen ibili. Hemen, baten bat, beti egongo duk». Iradokiak esanak adina edo gehiago zeraman bere baitan. «Baten bat» aipatzean, onartzen zuen itzulerarako zitekeena zela bera ez egotea...
Aberriari buruzko definizioak ehunka entzun izan ditugu. Haurtzaroa dela pertsona ororen egiazko aberria; eroso non, huraxe duzula zinezko aberri; aberria mundu bat dela; edo mundua dela aberri. Bada dioenik kristauen aberria ez dela mundu honetakoa; lurrik ez baduzu eta metro karratua hain garesti badago, aberria zertarako duzun galdetzen duenik ere bada. Simón Bolivarrek zioen aberri bat eraikiz gero gainerako arazoak jasangarri izango liratekeela... Inklusibotasuna eta transbersaltasuna ari dira orain nagusitzen. Euskaldun, aberri honen partaide, guztiok izan gaitezkeela entzun berri dugu: betidanik hala sentitu izan dena, oraintsu hala sentitzen hasi dena, edo oraingoz bere beste identitate batzuk euskaltasunarekin partekatzeko prest dagoena.
Ni, aurtengoz, aitonaren esaerarekin geratuko naiz. Sufrimendu desberdina sentitzen den toki huraxe da aberria. Edo beti baten bat egongo den lekua du bakoitzak aberri. Beti baten bat, norbera falta denean ere.

HITZ ETZANAK
Aberriaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu