andoni egana
HITZ ETZANAK

Aixa

2019ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Mairuaren hasperen deitzen diote oraindik ere Granadatik kostaldera bidean dagoen mendixka bati. Han jiratu omen zuen burua azkenengoz Muhammad XII.ak, Boabdilek, uztera behartu zuten hirirantz. Hasperen egin zuen nonbait, eta negarrak egin zion ihes. Orduan bota zion amak, Aixak, umetan ikasi genuen esaldi hura: «Egiozu negar, emakume gisan, gizon defendatzen jakin ez duzun horri».

Gizonek ez dute negarrik egiten-ekin batera, gure heziketan generoa eta malkoak nahasten zituen esaldi izarra izan zen Boabdilen amarena. Eta ez dakit zergatik jaurti zion hain esaldi mingotsa, hamar urte lehenago aitaren kontra altxatu zenean semearen alde egin baitzuen amak, eta senarraren aurka. Negarrak negar, gizon portatu zen Boabdil Granada uztera behartu zutenean. 77 artikulutako paktu bat sinatu zuen Errege-Erregina Katolikoekin hiriko giltzen truk: erlijio askatasuna ziurtatzea, joan-etorri librea edonorentzat, zergarik gabeko komertzio eskubidea batzuen eta besteen artean... Badakigu nor izan zen hitza bete ez zuena.

Atzo, Granadan, gizonok ere negar egiten dugula frogatu zen lekuan, emakumeek ere futbolean badakitela frogatu zen beste behin. Dena zoragarri. Pena bakarra, jokoan zegoenaren izena Erreginaren Kopa izatea. Oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.