urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Maiatzeko arrainak

2020ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Frantziako Gobernuak koronabirusaren albisteak Errepublikako beste hizkuntzetan ere emango dituela iragarri zuen Kazeta-k duela bost aste. «Frantses Gobernuak euskara erabiliko du bere komunikazioetan»zekarren titularrak: «Osasun krisiaren testuinguruan, herritarrak ongi informatzeko euskara, korsikera, bretoiera, katalana, alsaziera eta okzitaniera erabiliko ditu bere euskarrietan Emmanuel Macronen exekutiboak».

Hegoaldeko hainbat lagunek txalotu zuten neurria, Parisek hizkuntza gutxituekin hartzen dituen neurriekin izan beharreko mesfidantzarekin. Frantsesa «hizkuntza gutiagotuak baino nabarmenago» agertuko bazen ere, urrats garrantzitsua zen: «idazkiak hizkuntza horietan hedatzeko itzultzaileak kontratatu, eta ikus-entzunekoetarako azpitituluak eskainiko dituzte». Eta prefetek eta bestelako agintariek ere euren komunikazioekin berdin egin behar dutela zioen albisteak. Seaskak beste albiste baten berri eman zuen: Pariseko Hezkuntza Ministerioak sare publikoan sartzeko bidean jarri zituela Ipar Euskal Herriko ikastolak.

Elur bola gehiegi hazi zen, eta albistea txioka zabaltzen ari ziren hegoaldetarrei kazetariek eurek gogorarazi zieten europar gehienek apirilaren lehenean egiten dutela espainolek abenduaren 28an ospatzen dutena (dotoreago esanda, noski:, «zuek Hegoaldean inuzente eguna bezala dugu guk Iparraldean apirileko arraina...»). Inuzenteek kiroltasunez hegoaldekeriaz irentsi zutela apirileko arraina, Bidasoko izokina balitz bezala.

Ez, Frantziak ez du euskararen edo korsikeraren aldeko urrats gehiago egingo koronabirusaren krisiarekin, ez eta Espainiak katalanaren edo asturieraren alde ere. Gure hizkuntzak babes ofizialen bat daukaten eremuetan ere begi bistan geratu da egoera larrietan sakrifikatu beharreko albo-kalteetako bat izan daitekeela euskarazko informazioa; egoera arruntetan zaindu, babestu, sustatu eta gura duzuen aditz positiboz tratatzeko harribitxi ederra dela, baina pandemia bat gauza larria da, ez da ume-jolasa, eta nagusien esku utzi behar dira gauza garrantzitsuak, gero ere egongo da lore jokoetarako tarterik.

Baina bai, frantsesez egiten den herrialde bateko gobernuburuak onartu du ezin izan dutela herrialdeko beste hizkuntzan behar bezala eman informazioa. Justin Trudeauk egin du aitortza, eta frantsesa izan da «albo-kaltea», larrialdiak behartuta Kanadako Gobernuak ontzat jo duelako, salbuespen gisa, ingeles hutsezko etiketak zituzten produktuak merkaturatzea. «Egoera zehatz batzuetan, onartu behar ditugu etiketa eta seinale elebakarrak. Baina nahiago genuke halakorik ez gertatzea, gure hizkuntza bikoiztasuna ez baita soilik gure kanadar nortasunari dagokion zerbait, kontsumitzaileen segurtasunari buruzko zerbait ere bada». Egoera larri bateko salbuespena dela, alegia. Ezin ahaztu Trudeauk berak frantsesez erantzun ziola duela urte pare bat ingelesez galdera egin zion kazetariari, «Quebec-en gaudelako».

Edozelan ere, quebectar diputatuek salatu dute justifikaezina dela gertatu dena. Pentsa katalan diputatuak kexatuko balira maskarak, eskularruak edo bestelako mediku-tresneria ez dutelako katalanera itzuli (nahita ere ezin ditut euskaldunak halakoetan irudikatu, zientzia-fikzioa da). Berehala entzun beharko lituzketenak, obsesio identitarioak osasunaren gainetik jartzen dituztela-eta.

Zergatik ezin ditudan euskal ordezkariak halakoetan irudikatu? Kataluniak egin dituelako urratsak Espainiako konstituzioak ahalbidetzen dituen mugak ezagutzeko: Bartzelonako saltoki batek bere errotuluak, menuak, prezioak derrigor izan behar ditu katalanez, eta onargarria da horiEspainiaren arabera ere, Auzitegi Konstituzionalak aitortu duenez. Aldiz, erosten dituzun produktuen etiketak edo janarien osagaiak espainolez egotera baino ezin da behartu, estatu osorako ekoitzita egon litezkeenez. Beste hizkuntzak hautazkoak dira. Horregatik, Kataluniako errepublikak edozein estatuk egiten duena inposatuko luke: estatuko hizkuntzan merkaturatzera bere lurraldean saltzen diren produktuak. Ez da hizkuntza-eskubide soila, kontsumitzaileen osasuna eta segurtasuna ere badago jokoan. Euskal errepublika batek ere egin ahalko luke halakorik. Baina Espainia autonomikoak legezkoak direla esan dituen neurriak ere hartzeko gai ez denean %60 abertzalea den Legebiltzarra daukagu Euskal Herriko mendebaldean. Euskal kontsumitzaileez ardurarik ez daukan sailburu erdalduna dauka egungo Jaurlaritzak, azken hauteskunde kanpainan erdaldunak baztertuta saldu zuen alderdi bateko ordezkari. Uda hasieran edo amaieran berriz ere bozetara joan garenez, ondo legoke, Madrilera begiratu aurretik, faltan ditugun etxeko lanei ere erreparatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.