Albistea entzun

Beste urte batez, plaza hesituta

Gasteizen ez da jairik ospatu azken bi urteetan, eta, ondorioz, Zeledonek ere albo batera utzi ditu blusa eta aterkia. Hesituta egon da Andre Maria Zuriaren plaza, eta poliziak sarbide denak itxi eta kontrolatu ditu. Herritarrek terrazak bete dituzte, jai gogoz zenbaitek, baina neurriak gogoan izanda.
Ertzainek eta Gasteizko udaltzainek itxi egin zituzten Andre Maria Zuriaren plazarako sarbide guztiak atzo; enparantza ere hesituta zegoen.
Ertzainek eta Gasteizko udaltzainek itxi egin zituzten Andre Maria Zuriaren plazarako sarbide guztiak atzo; enparantza ere hesituta zegoen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria -

2021eko abuztuak 5 - Gasteiz

Honezkero betea legoke Andre Maria Zuriaren plaza. Jendea edozein zirrikitu aurkitu nahian legoke gehiengo handi batentzat halabeharrezkoa den urteroko ekitaldirako: Zeledonen jaitsiera. Hala ere, iaz ez zen horrelakorik ikusi, izurritearen ondorioz bertan behera gelditu baitziren Gasteizko Jaiak, eta, aurtengoan ere ez dago halakorik. Hesituta dago plaza, itxita daude sarbide guztiak, eta, Poliziaren kontrola ere nabaria da; nonahi daude. Ez dirudi, beraz, gaurkoan inork barrura sartzea lortuko duenik; ez, bederen, baimen ofizialik gabe.

Gasteizko Udala uda honetan «ondo pasatzeko» deia egiten aritu da azken egunetan, baina «burua galdu gabe» jokatzekoa, batez ere jaiei begira. Kanpaina bat abiatu zuen horretarako, eta herritar guztien osasuna zaintzeko aldarria egin zuen, gozatzeko gonbidapenarekin batera. Neurriak ere hartu dituzte, eta, esate baterako, atzo itxita egon zen Andre Maria Zuriaren plazarako sarbidea 16:30etik 19:00etara arte. Hilaren 9ko gauean ere itxiko dute. Horrez gainera, jakinarazi zuten Ertzaintzaren eta Gasteizko Udaltzaingoaren arteko koordinazio batzorde bat ere martxan jarriko zutela, indarrean dauden osasun neurriak betetzen direla bermatu ahal izateko. Kontrola areagotzeko asmoa ere bazuten, batik bat Alde Zaharrean, era horretan jende pilaketak eta kaleko edana eragotziko dituztelakoan.

Jendea dabil plazaren inguruan, kuxkuxean gehienak, hesien bestaldetik San Migel elizako kanpandorrean Zeledonen aterkia eta blusa aurkitzen arituko balira bezala. Horietako bat da Carmen Carbeña. Posta kalean dago, bi lagunekin batera. Gasteiztarra da, «betidanik», eta adierazi du «oso ondo» iruditzen zaiola plaza ixtea: «Ez da ez zaidala ongi iruditzen jaiak ez ospatzea; uste dut ezin direla ospatu birusarengatik, eta kito. Denok izorratu beharko gara». Azaldu du egoera «normal» bat balitz, «seguruenetik», ez litzatekeela festetako egunetan egongo, kanpoan baizik, baina, izurritea amaitu artean ez doala inora. Beraz, bazkari bat egiteko aprobetxatuko du. «Bederatzi lagun elkartuko gara», adierazi du Carbeñak, eta, albotik, lagunak, ingurukoen irri artean, erantsi du: «Karrozeria bat gara!».

Metro batzuk gorantz egin, eta giroa nabariagoa da, batik bat tabernetako terrazetan. Euskararen arnasguneetako bat izan ohi da Aihotz plaza hiriko festetan, bertan egoten baita Geu elkarteak kudeatutako Euskal Gunea, baina orain ez dago halakorik. Tabernetan eserita dago jendea, baina euskarak beste espazio batzuk bilatu beharko ditu gaurkoan, hitzak gazteleraz eta beste erdaretan entzuten baitira, oro har.

Aiztogilen ere bada giro

Kalerik jendetsuena izan ohi da Aiztogile, eta orain ere ez du hutsik egin. Lehen metroetan, San Frantzisko aldeko sarreran, gazteak dira gehienak. Terrazetan daude jarrita, fin-fin. Trago batzuk hartzen dabiltza batzuk, eta, berantiarrenak, oraindik bazkaltzen. Metro batzuk harago dago Iñigo —ez du abizena eman nahi—. Iruñekoa da, baina Gasteizen bizi da azken urteetan. Ez du Zeledonen jaitsierarik ikusi sekula, eta, beraz, esan du ez duela haren faltarik sumatzen; hala ere, adierazi du «harrituta» gelditu dela Plaza Berrian dagoen La Union ostatuaren balkoian zegoen pertsonaiaren panpinarekin.

Kalean aurrera egin ahala, lasaiagoa da giroa. Txistua ere entzuten da, nahiz eta soinua nondik datorren ez identifikatu. Terraza batean jarri berri da Galder Beramendi, eta egun hauetarako asmoez hitz egin du: «Jimmy Jazzen egunero daukagu programazioa, eta, lan egin behar dut». Areto horretako kideetako bat da, eta, egitaraua osatu dute larunbatera arte. «Zailtasunak dauzkagu, egia esanda; gobernuak zabaltzeko ordu gehiago eman ezean, horrelako eremuek ez dute zentzurik». Beramendik aitortu du «pixka bat beldurtuta» daudela.

18:00etan puntuan jaitsiko litzateke Zeledon, eta, ordu horretan bertan suziriak entzun dira Gasteizko txoko batzuetan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jendea Arbonako lur okupatuetan, gaur goizean, Lurrama jaialdiaren hasieran. ©Lurrama Elkartea

Lurrama jaialdia ospatu dute Arbonan

Berria

Kontzertuak, hitzaldi bat eta beste egin dituzte, eguraldia lagun. Arbonan kokatu dute aurten, okupazioari sostengua emateko.

Hainbat lagun hegazti migratzaileei behatzen, atzo, Lizarietako lepoan, Saran. ©GUILLAUME FAUVEAU

Txorien bidaia, largabistekin

Oihana Teyseyre Koskarat

Agorrilaren erditsutik hasiak dira hegaztien migrazio mugimenduak. Horiek zaintzeko lanetan ari da CPAL elkartea, Saran, Lizarietako lepotik begira.

 ©JON URBE / FOKU

«Sentiberatasunak egon behar du beti argazkien atzean; funtsezkoa da»

Jakes Goikoetxea

Ohiko sinadura izan da Euskal Herriko hainbat egunkaritako argazkietan. Urteek hezitako eta zaildutako begirada bat. Egoera eta aldaketa askoren lekuko zuzena izan da, lekuko deserosoa sarritan. Argazkilaritza utzi du; argazkigintza ez.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.