Ez du lortu inor konbentzitzea

EAJ bakarrik geratu da 'Herenegun' unitate didaktikoaren defentsan. Jonan Fernandezek ukatu du programak ETA «legitimatzen» duela, baina materiala «hobetzeko» prest agertu da, adostasunez

Jonan Fernandez, Maite Alonso, Mariano Ferrer, Mari Carmen Garmendia eta Juan Pablo Fusi, atzo, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. DAVID AGUILAR / EFE.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2018ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Kritikak bata bestearen atzetik jasotzen ari da Herenegun unitate didaktikoa, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Bizikidetza idazkariak joan den urriaren 11n prentsaurrekoan aurkeztu zuenetik. Alde batekoek zein bestekoek egin dizkiote kritikak. ETAren biktimenak, zein estatuarenak. Ia inork ez du bere burua identifikatuta ikusten unitate horren edukiarekin. Alderdi politiko gehienenek ere ez. Jeltzaleek salbu, gainerako taldeek programa kritikatu dute, arrazoi desberdinak argudiatuta.

Sortutako polemika guztiaren ostean, Fernandez unitate didaktikoari buruzko azalpenak ematera joan zen atzo Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordera, eta EAJren babesa baino ez zuen lortu. Giza Eskubideen eta Bizikidetza idazkariak ez ezik, Maite Alonso Hezkuntza sailburuordeak, eta programan aholkulari gisa aritu diren Juan Pablo Fusik, Mari Carmen Garmendiak eta Mariano Ferrerrek ere eman zituzten azalpenak.

Herenegun unitateak sortu duen ika-mikari heldu zion Fernandezek hitza hartu orduko. «Polemikak erakusten du iraganak mina eta zatiketa eragiten duela. Lan asko geratzen zaigu aurretik». Egindako kritika gehienak baztertu zituen arren, programa «hobetzeko» borondate osoa agertu zuen. «Material guztia, bideoen lehen eszenatik azkenera arte, eta testuen lehen hitzetik azkenera arte, zabalik dago hobekuntzetara», gaineratu zuen. Kontsentsuak landu eta jarrerak hurbiltzeko prest agertu zen, beti ere «bi muga etiko» gainditzen ez badira: bata, «terrorismoaren eta indarkeriaren legitimazio eza», eta bestea, 60 urteetan giza eskubideen eta bizitzaren eskubidearen aurka egondako edozein «eraso larri» kontuan hartzea.

Horiek hala, Jaurlaritzak atzo itxi zuen epea eragileen ekarpenak jasotzeko —honezkero hamasei elkaterenak jaso ditu—, eta urtarrilera bitartean ariko da ekarpen horiek aztertzen. Behin betiko materiala urtarril amaierarako eduki nahi du prest, apirilerako zortzi ikastetxeetara eramateko programa piloto modura. «Ahalik eta adostasun handiena» lortzen saiatuko da.

Doktrinatzerik ez

Unitate didaktikoari egindako kritikei erantzun zien Fernandezek. Haren ustez, kritika horietako asko oinarririk gabeak eta «faltsuak» dira. Azaldu zuenhelburua dela gazteek «iraganaren analisi kritikorako gaitasuna» izatea, eta haren bitartez ez dela «instrukziorik eta doktrinarik» eman nahi. Materialak «funtsezko helburu etikoa» dauka eta iraganean pairatutako indarkeriaren deslegiti- mazioaz «kontzientzia kritikoa» sustatu nahi du, haren hitzetan. «Material didaktikoa ahalegin serioa eta zintzoa da, azken bost hamarkadetako Euskadiren historia bigarren hezkuntzako eta batxilergoko bigarren mailako historia irakasgaira eramateko».

Fernandezek irmo baztertu zuen programak ETAren historiari «zilegitasuna» eman nahi dionik, eta argitu zuen euren asmoa ez dela «kontakizun bat ixtea», ikasleek iraganari buruzko gogoeta kritikoa egitea baizik. Azaldu zuen unitateak «sentsibilitate politiko guztiak» biltzeko borondatea duela, baina kontakizunari buruzko adostasuna lortzen ez den bitartean, ez dela posible izango guztiak «gustura» egotea.

Unitate didaktikoa osatzen lagundu duten adituek ere hitza hartu zuten. Landutako programa ez ezik, lan egiteko metodologia ere defendatu zuten, presio oro baztertuta. Garmendiak, Ferrerrek eta Fusik azpimarratu zuten «independentziaz» eta «askatasunez» egin dutela lan, eta ikuspuntu historiografiko batetik «zorrotza» dela edukia. Garmendiak azpimarratu zuen «pluraltasun handienarekin» lan egin dutela giza eskubideak oinarri hartuta eta saiatu direla «oreka» batera iristen. Kontakizun «ahalik eta zintzoena» egiten saiatu direla nabarmendu zuen, bestalde, Ferrerrek. Nahi izan dutela kontakizun hori «historikoa eta orekatua» izatea ikasleek iraganari buruzko gogoeta kritikoa egin dezaten eta gertatutakoaz jabetu daitezen. Argitu zuen, halaber, Jaurlaritzak ez duela haien lana «inolaz ere baldintzatu».

Fusiren arabera, berriz, unitateak ikuspuntu «historiografiko garbia» dauka eta «egiaren perspektiba» jasotzen du. ETAren indarkeriak Herenegun programan duen pisua ere defendatu zuen, PPk eta hainbat biktima elkartek egindako kritiken aurrean: «ETA orri guzti-guztietan ageri da, eta unitate hau existitzen bada izan da ETA existitu zelako, ETAk sortu zuelako gatazka».

EH Bilduk ekarpenik ez

Eusko Jaurlaritzako ordezkarien eta adituen azalpenak entzun eta gero hartu zuten hitza legebiltzar taldeek, eta, oposizio guztiak Herenegun programa kritikatu zuen, PSE-EEk barne. Hala, jeltzaleak bakarrik geratu ziren unitatearen defentsan. Kritika zorrotzenak EH Bildurenak eta PPrenak izan ziren. EH Bilduk progra- ma erretiratzeko eskatu zion Jaurlaritzari, gertatutakoaren «irakurketa politiko, ideologiko, subjektibo eta eztabaidagarri bat hedatzeko» tresna delako. Hori dela eta, EH Bilduk ez dizkio alegaziorik aurkeztuko egitasmoari, ekarpenekin programaren edukiak «legitimatzea» bilatzen dela iritzita. Julen Arzuagaren ustez, Euskal Herrian azken 50 urteotan jazotakoaz «akats objektiboak» biltzeaz gain, Herenegun ez da «egia» agertzeko tresna bat, «EAJren errelato partziala» ezartzeko tresna baizik.

Programa «sakonki» aldatzeko eskatu zuen PPko Borja Senperrek, «gabezia handiak» dituelako eta ETAk izan duen erantzukizuna «urtzen» duelako. Hori erakusten saiatu zen Senper, hainbat adibide jarrita. Besteak beste, «deigarritzat» jo zuen unitate didaktikoak ez jasotzea PPko eta PSEko kargudun politikoek urtetan pairatutako «jazarpena», ez azaltzea ETAren asmoa «erregimen totalitario» bat ezartzea zela, edota Lizarra-Garaziko akordioaren helburua zela abertzaleak ez zirenak «baztertzea».

Elkarrekin Podemosentzat eta PSErentzat, berriz, programa dagoen moduan ezin da ikasgeletara eraman, eta bi taldeek aldaketak egiteko eskatu zioten Jaurlaritzari. Elkarrekin Podemoseko Iñigo Martinezen iritziz, «erantzukizun falta izugarria» litzateke ikastetxeetan horrelako material didaktikoa egotea legebiltzarraren eta biktimen gehiengoa- ren babesik gabe. Izan ere, kritikatu zuen unitate didaktikoa nahasia dela gatazkaren inguruko analisian, eta, besteak beste, kanpoan uzten duela abertzaleak ez diren alderdien protagonismoa. Hala, programa hobetzeko «adostasun zabalagoa» bilatzea eskatu zuen, baina eztabaida publikotik at.

Sozialistentzat, bestalde, programak ez du «modu argian» laguntzen ETAren indarkeriaren deslegitimatzen. Horrela mintzatu zen Jose Antonio Pastor: «Gazteen kontzientzia kritikoa sendotu nahi badugu, argi esan behar dugu hemen hiltzeko erabakia hartu zuena ETA izan zela. Beste talde batzuk ere egon ziren, baina horrek ezin du estali ETAren historia».

Programaren defentsa egin zuen Iñigo Iturrate jeltzaleak, historia hurbilaren «errealitatea» kontatzen duelako eta baztertu zuen indarkeria justifikatzen duenik. Hainbat taldek egindako«neurriz kanpoko kritikak» alboratu zituen, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.